Berria.info

Osteguna, 2010ko martxoak 11 -

2010-02-06

Portu eta Sarasola torturatu izana egotzi die fiskalak lau guardia zibili

Hiruna urteko kartzela eskatu du sarjentu batentzat eta kabo batentzat, eta bina urtekoa beste kabo batentzat eta guardia zibil batentzat

Fiskalak dio bi guardia zibil hil berri zirenez «asaldurak» eraginda jardun zutela gaizki

Aitziber Laskibar.

Donostiako Epaitegiko Fiskaltzak Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatu izana egotzi die bi gazteak atxilotu zituzten edo atxiloaldian horien zaintzan aritu ziren lau guardia zibili. Beste sei guardia zibili atxilotuei «lesioak» eragin izana egotzi die. Portuk eta Sarasolak jasandako torturengatik auzipetuta dauden gainontzeko bost guardia zibilek ez zutela deliturik egin uste du fiskalak, eta horiek ez epaitzeko eskatu du. TAT Torturaren Aurkako Taldearen esanetan -auzian akusazio partikular gisa ari da-, «baikorra» da fiskalak guardia zibil batzuk behintzat akusatzea torturatzeaz. Nahiz eta motz geratu den, aurrerapausotzat dauka, oso kasu bakanetan iristen direlako auzitegietara tortura salaketak.

2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituen Guardia Zibilak Portu eta Sarasola, ETAko kide izatea egotzita. Inkomunikazio egoeran izan zituzten atxilotuta, eta egun horietan oso tortura latzak jasan zituztela salatu zuten biek. Atxiloaldiaren bigarren egunean Donostiako Ospitalera eraman behar izan zuten Portu. Hiru egun eman zituen han, Zainketa Berezietako Unitatean. Hiltzeko arriskuan ere egon zen. Hainbat saihets hautsita zeuzkan, horietako batek zuloa egin zion birikan, eta larri egon zen. Gainera, jasotako kolpeen ondorioz, aurpegia eta gorputza handituta eta ubelduraz beteta zeuzkan.

Zantzu horien berri izatean, Porturen testigantza jaso, eta guardia zibilen aurkako auzia abiatzea erabaki zuen Donostiako instrukzio epaileak. Ikerketek aurrera egin, eta epaiketa egitekotan dira. Torturaren Aurkako Taldeak hamabost guardia zibil epaitzeko eskatua du. Fiskalak hamar kasutan ikusi ditu delitu zantzuak. Eta guardia zibilen defentsak dio ez dagoela deliturik.

Efe berri agentziak zabaldutako berriak jasotzen duenez, fiskalak aurkeztu du behin-behineko akusazioen txostena. Hamar guardia zibili delitua egin izana egotzi die, baina aste batzuk lehenago ETAk Capbretonen (Frantzia) bi guardia zibil hil zituela gogoratu du, eta Portu eta Sarasola torturatu zituzten guardia zibilak «asaldura horrek eraginda» aritu zirela dio.

Fiskalaren kontakizunak ez du bat egiten Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak atxiloketen inguruan zabaldu zituen bertsioekin. Atxiloketak lasaiak izan zirela esan zuen lehenik. Gero, Porturen egoera larriaren berri jakin zenean, atxilotzeko unean ihes egiten saiatu zirela eta guardia zibilek indarra erabili behar izan zutela esan zuen Barne ministroak Portu ospitalera eraman behar izana azaltzeko. Arrasateko lekuko batek, ordea, epaitegira joan, berak gertaera ikusi zuela esan, eta hori gezurra zela deklaratu zuen.

Fiskalaren txostenak jasotzen duenez, atxilotu eta auto barrura sartzean hasi ziren kolpeak. Portu zehaztu gabeko leku batera eraman eta ostikadak eta ukabilkadak eman zizkiotela dio. Belaunikarazi zutela, iletik tira egin ziotela eta mehatxatu egin zutela. Gero, ospitalera eraman zutela. Baina ez du zehazten bere ustez zauriak zerk eragin zizkion edo nola hautsi zituen saihetsak.

Sarasolaren kasua ere antzekoa izan zela dio. Baina aldapa batean behera jaurti ere egin zutela, buruan pistola jarri ziotela eta Bidasoa ibaira eraman ondoren «Mikel Zabalza bezala» itotzeko mehatxua egin ziotela.

Beste seiri, falta delitua

Lau guardia zibili egotzi die atxilotuak torturatu izana. Sarjentu batentzat eta kabo batentzat hiruna urteko espetxe zigorra eskatu du, eta bi urtekoa beste kabo batentzat eta guardia zibil batentzat. Beste sei akusaturi (bi teniente, hiru kabo eta guardia zibil bat) «lesioak» eragin izana egotzi die. Delitu hori «falta» gisa hartzen dela esan, eta hamar egunez «lokalizatuta» egoteko zigorra emateko eskatu du. Gainontzeko bost guardia zibilen kasuan, ez du deliturik ikusi.

Orain, TATek aurkeztu behar du behin-behineko txostena, eta akusatuen defentsak ondoren. Txosten guztiak aztertutakoan erabakiko du epaileak zenbat akusatu eramango dituen auzitara.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia