Ablazioa
Esanekoa edo puta
Egunean 8.000 neska koskorri mozten dizkiete sexu organoak, gizonen baten gustuko bihurtu, ezkondu eta gizartean leku bat izan dezaten. Hori salatzeko nazioarteko eguna da gaurkoa.
Ixiar Zubiaurre.
Klitoriari zakilaren eitea hartzen diote munduan milaka miopek. Horregatik defendatzen dute ablazioa, emakumeak emakume bihurtzen dituelako; gizonarenak egiten dituelako. Eta, beraz, elkarrengandik diferente. Sexua mozten diotenean, haurrak haur izateari uzten dio, eme jaiotzeko. Familiaren izen onagatik, neska koskorrak sexua mozten du, eta birjintasuna josten. Norbait ez bada, zerbait izateko beharrak bihurtzen baititu halako praktikak sistematiko; ezinbestean norbere burua zapaltzea eragiten duena. Menpekoa edo puta izatea, bietako bat aukeratu beharrak betikotzen du emakume-objektu sexurik gabea.
«Neskato bat agure batekin ezkontzen dutenean, ablazioa dotea balitz bezala ematen diote senargaiari. Gizonak emakumea eta haren birjintasuna eros baditzake, berea den zerbait balitz bezala hartzen du; salgai bihurtzen du emaztea». Eua Dorkenoo emagin ghanatarrak ahalegin franko egin ditu ablazioaren aurkako kontzientziatze lanetan. Gaurkoa egun seinalatua du horretarako, titularrak gutxitan lortzen dituen arazo bati hautsak kentzekoa, hain zuzen: Ablazioaren Aurkako Nazioarteko Eguna. «Erresuma Batuan emagina nintzen Somaliako emakume hura artatu nuenean. Sekula ez nuen halakorik ikusi; emakume hari egin zioten ablazioa aberrantea zen. Zur eta lur utzi ninduen. Moztu eta josi zioten moduagatik, ezin zen haurraz erditu. Berriro moztu behar genion, haurra izango bazuen».
Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak emandako datuen arabera, egunean 8.000 haurrek sufritzen dute ablazioa. Munduan gutxienez 28 herrialdetan egiten da; gehienbat Afrikan eta Asiako hegoaldean, baina baita Europan ere. «Hamar urte nituenean, amonak ibaira eramango ninduela esan zidan. Txikia nintzen artean, eta ez nintzen ohartzen zer gertatzen ari zen. Hara eraman nindutenean arropak kendu zizkidaten. Begiak estali eta lurrean etzanarazi ninduten», gogoratu du Hanna Koroma Sierra Leonako emakumeak. «Lau emakumek heldu zidaten eta beste bat bularraren gainean jarri zitzaidan, mugi ez nendin. Ahoan zapi bat sartu zidaten, eta gero... moztu egin zidaten».
Koromari gogoz kontra kendu zioten sexua. Haatik, hainbat herrialdetan ablazioa hain dago sustraitua, non emakumeek eurek eskatzen duten elbarri egin ditzaten. «Mina jasanezina zen, eta behin eta berriro altxatzen ahalegintzen nintzenez, odol asko galdu nuen. Ez ninduten anestesiatu; eta odola galtzearen ondorioz, anemia izan nuen. Denbora luzez, pixa egite hutsak mina eragiten zidan, eta baginako infekzioak izan nituen», azaldu du Koromak.
Kalte larriak osasunean
Ablazioaren bitartez, emakumeei sexu organo guztiak edo hainbat mozten dizkiete, sexuaz goza ez dezaten -eta, beraz, ezkontzatik kanpo beste inorekin sexu harremanik izan ez dezaten-. Kasu gehienetan, nerabezarora iritsi ez diren neskatoak elbarritzen dituzte; lau eta zortzi urte bitarte izaten dituzte klitoria edota aluko ezpainak mozten dizkietenean. Adituek ohartarazi dutenez, baina, gero eta maizago egiten zaie ablazioa jaioberriei: neska asko jaio eta egun gutxira elbarritzen dituzte.
Sexu organoak moztu ondoren, zenbait herrialdetako sasisendagileek alua josten diete neska koskorrei; pixa egin eta hilekoa izan dezaten, zulo bakar bat uzten diete zabalik. Eta horietako neska koskorren bati ezkontzeko garaia iristen zaionean, senarrak jositakoa atzera berriro hausten dio. Etengabeko mina eragiten dute halako praktikek, eta luzera osasun arazo larriak eragiten dituzte; emakume askok, besteak beste, ezin izaten dute haurrik izan. Beste asko, hil egiten dira, odolustuta.
Ablazioa datutan
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
