2010-02-02
«Zuzenbidean eta justizian absoluzioa baino ez da posible», defentsak dioenez
Bost auzipetuen defentsak auziaren zentzugabekeria nabarmendu dute epaiketaren azken saioan
Auzipetuek jasandako tratu txarrei buruz gogoeta egiteko eskatu diote epaimahaiari
Pello Urzelai.
Madril Berriemaile berezia.
Bost auzipetuen absoluzioa. «Beste aukerarik ez dago, zuzenbidearen eta justiziaren barruan». Horrela aldarrikatu dute defentsako abokatuek Egunkaria auziaren epaiketaren azken saioan. «Egizue errugabetzeko epaia, eta ahalik eta azkarren egizue, egindako kaltea konpontzeko», esan zien Jose Maria Elosua abokatuak epaimahaiko kideei. Halaber, akusatuek jasandako tratu txarrei buruz egindako kontaketaz gogoeta egitea eskatu zien. Goizean, fiskalak egindako hitzaldian agertutako argudioek akusazioen oinarria auzitan jarri bazuten ere, arratsaldean, bost auzipetuen lau abokatuek are ageriago utzi zuten prozesu osoaren zentzugabekeria. Epaiketa epaiaren zain gelditu da, eta, epaimahaiburuak saioak eramateko modua ikusita, laster, asteetako epean, espero da epaia.
Egunkaria-ren «benetako historiaren» kontakizun laburra egiten saiatu defentsa. «Egiaztatu ahal izan dugu ez bakarrik ez direla egozten zaienaren arduradun, baizik eta goraipatzeko proiektu bat, ilusioa sortu zuena, sortu eta garatu zutela», Elosuaren hitzetan.
Egunkaria argitaratzeaz arduratu ziren enpresa merkantilen defentsa egitean, akusazioen tesia ezeztatu du Elosuak. «Argudiatu ahal da ETAk kontrolatu zuela Egunkaria, bere kapitala, zuzendaritza eta ildo editoriala? Inolaz ere ez». Ezeztapenaren atzetik argudioak. Egunkaria-ren kapitalaren jatorria defentsak aurkeztutako froga dokumentaletan argi dago. 1990an, adibidez maiatza eta ekainean, 112 festa egin ziren herriz herri diru ekarpenak biltzeko asmoz. Eta uztailean Donostiako belodromoan. Hori guztia dokumentatuta dago. Era berean Egunkaria Sortzen taldeak kapitalizazioan izan zuen esku-hartzea. «Zergatik kapitalizatu zuen talde honek hainbat ekarpen ekonomiko? 60-65 pertsona horiek zirelako egunkaria kontrolatzen zutenak». Udaletxe proiektua delako agirian, ETA-KASekin zerikusirik ez duten hainbat enpresa aipatzen direla nabarmendu du defentsako abokatuak: Antza, Argia, Apika, Txalaparta. Halaber, akziodunen artean, Guardia Zibilaren txosten baten arabera, ezker abertzalearekin lotutako pertsonak eta elkarteak guztien %1,98 zela ohartarazi du Elosuak. «Ez dago ETArekiko harremana kapitalean, faltsua da», laburtu du atal horren azalpena. Ildo editorialari dagokionez, berdin. Elosuaren hitzetan, Egunkaria-ren ildo editoriala ETAren ortodoxiaren eta HBren aldekoa izateko akusazioa «esperpentikoa da, absurdo bat». Gainera, «irakurle baten gutun batean bakarrik oinarritzen da, iritzi bat baino ez duena». Ildo editorialaren inguruan hizkuntz arazoengatik ikerketarik ez dela egin gogoratu du Elosuak. Proiektuaren zuzendaritzaren inguruko kontrola ere ukatu du defentsak. Tesi horretarako akusazioek erabilitako elementuak desmuntatu ditu. Xabier Alegriari hartutako deklarazioak «ezin dira froga bezala erabili, ez direlako ekarri ahozko saiora». Dokumentuei dagokienez, frogatzat ezin dira hartu arauz kanpo ekarri direlako kausara, txosten polizialen eranskin gisa. Dokumentu hauen interpretazioari buruz, froga perizial gisa erabiltzeko ezintasuna argudiatu du defentsak. Kasu batean, beste txosten batzuen kopia nabarmena delako. Gainerako kasuetan, itzulpena akatsez betea dagoelako eta Egunkaria-ren «errealitate historikoaren ezjakintasunetik» idatziak direlako.
Guardia Zibilaren txostenen ezaugarrietako bat nabarmendu du Elosuak: argumentazioen erabilera beti ondorio inkriminatorioa bilatzeko, kontraesanetan sartu arren. ETAren agirien argitalpena adibide gisa jarri du. Hasieran ez argitaratzea ETArekiko loturaren zantzua zen, lotura ezkutatzeko asmoz. Eta beranduago argitaratzen baditu ETArekin lotura duelako da.
Egunkaria-ren defentsa orokorra egiteaz gain Iñaki Uriaren defentsa egin du Elosuak, beste horrenbesteko argudio sortaren bidez. Felix Cañada abokatuak Joan Mari Torrealdairen defentsa zehatza egiteaz gain, prozesuaren izaera inkisitoriala nabarmendu du. «Ez dago beste interpretazio baterako aukerarik. Sinestezina iruditzen zait Hau ez dugu ikusten edozein epaitegitan, ez nuen horrelakorik espero», aitortu du bere harridura Felix Cañada abokatuak guardia zibilen txostenen aurrean.
Errugabetasun presuntzioa urratzeko frogarik ez
Akusazioek emandako argudioak eta erakusten saiatu diren frogak ez dira «errugabetasun presuntzioa» urratzeko nahikoa, Iñaki Pelaez abokatuaren iritzian. Txema Auzmendiren defentsa egin du Pelaezek, eta bai Auzmendiri eta bai beste lau auzipetuei gertatu zaiena «ETAren agiri batzuetan agertzearen desgrazia izatea» dela azpimarratu zuen. Hainbat arrazoi eman zituen guztien errugabetasuna defendatzeko. Agiri horiekin erakusten den bakarra ETAk
Egunkaria-ren proiektuan interesa zuela dela azaldu zuen. «Hori normala da, ETAk euskal gizarteko gai guztietan izaten du-eta interesa». Horregatik, esparru guzti horiek ezin direla «kriminalizatu» argudiatu zuen. Bost akusatuak ETAkoak direla esateko frogarik ez dagoela nabarmendu zuen, eta guztiak aske uzteko eskatu zion Pelaezek epaimahaiari.
Akusazioek aurkeztutako froga perizialen kontra ere gogor hitz egin zuen.
Egunkaria-ren itxiera ekarri zuten txostenak peritu gisa deklaratu zuten guardia zibilek egin zituztela argudiatu zuen, haiei balio kentzeko.
Gipuzkoako batzarkide batzuk epailearekin bildu dira
Gipuzkoako Batzar Nagusietako hainbat ordezkari Gomez Bermudez
Egunkaria auziko epailearekin bildu ziren, atzo, epaiketa saioa hasi aurretik. Gipuzkoako batzarkideek auzipetuak absolbitzeko eskatu zioten epaileari, prozesuak «solidotasun juridikorik ez duelako» eta «sufritu duten kaltea konpontzeko».
Luis Mari Ormaetxea Mahaiko lehendakariordea (H1!), Arantza Gonzalez bigarren lehendakariordea (EB), Arrate Albizu idazkaria (EAJ), Joseba Antxustegi EAJko batzarkidea eta Ander Rodriguez Alternatibakoa joan ziren. Bileraren ostean epaiketa epaigelatik bertatik jarraitu zuten batzarkideek.
Iragan urtarrilaren 13an Gipuzkoako Batzar Nagusietan harturiko erabakiaren harira izan ziren, atzo, batzarkideak Madrilen. Orduan, Batzar Nagusiek Auzitegi Nazionalari auzia behin betiko artxibatzeko eskatu zioten, auzipetuei elkartasuna adieraztearekin bat. Azken puntuan hainbat ordezkari epaiketara joatea onartu zuten, «gipuzkoarren elkartasun hori zuzenean adierazteko asmoz». PSE-EEk bat egin zuen lehen bi puntuekin, baina ez azkenarekin.
Sistema judizialari buruz gogoeta egiteko arrazoiak eman dizkio Iruinek epaimahaiari
Oleaga eta Otamendiri «ekintza zehatz bakar bat» ere ez dietela leporatzen esan du, eta beraz ezin direla zigortu
Oihana Elduaien.
Madril Berriemaile berezia.
Egunkaria auzia-ko epaiketan ikusitakoak jurista ororen buruan kezka sortu behar duela uste du Iñigo Iruinek. «Logikoak ez diren interpretazio batzuekin abiatuta, nola liteke epaiketara iristea?». Horixe da egiten duen galdera, eta, bere arabera, juristek egin beharko luketena. Instrukzio ereduak bermerik ez duela ematen azaldu zion epaimahaiari, «inkisitoriala» dela. Eta hori argudiatzeko, «hamar ezaugarritako argazkia» erakutsi zien.
Auzia, hasieratik «orokorra» izan dela esan zuen batetik, eta zehazten joan ahala. Auzi bat hasteko gertaerak behar direla esan zuen, baina, Egunkaria auzian Guardia Zibilaren «iritziak eta susmoak» baino ez daudela. Bigarrenik, aztertu dena ez dela gertaera konkretu bat izan esan du, baizik eta «fenomeno sozial» bat , Egunkaria hala zelako. Hirugarrenik, auzia Guardia Zibilak abiatu eta aurrera eraman zuela argudiatu du, «motore nagusia» bihurtu zela, auzitegia tramite hutsetara pasatu zelarik. Laugarrenik, Guardia Zibilak guztiaren gainetik emaitzak nahi zituela, «berdin du nola». Bosgarrenik, epailea egiaren bila aritu beharrean «etsai» bihurtu zela. Seigarrenik, atxilotuen bermeak ez direla errespetatu, forentseak epaileari torturen berri eman arren, hark ez zuelako «inolako erreakziorik» izan. Zazpigarrenik, akusazioek oinarrian dituzten agiriak aurretik ere judizializatu zirela, eta ez zela Egunkaria-ren deliturik ikusi. «Orain zergatik bai?». Zortzigarrenik, ez dagoela auzia abiatzeko gertaerarik: «Susmo bat gehi beste susmo bat bi susmo dira, baina ez froga inkriminatzailea». Bederatzigarrenik, txosten perizialek ez dutela izen hori merezi. Eta, hamargarrenik, Guardia Zibilak «fikziozko nobela» bat asmatu duela, eta instruktoreak bat egin duela.
Otamendi eta Oleagaren abokatua da Iruin eta ezer zehatzik egozten ez dietenez, nola zigortu ere ez dagoela esan zuen. Hala ere, akusazioen argudio guztiak hankaz gora bota zituen.
Duten erru bakarra euskal kulturaren alde aritu izana dela esan dute epaituek
Akusazio guztiak ukatu ondoren, harro agertu dira bost auzipetuak egindako lanaz, azken hitza hartu dutenean
Aitziber Laskibar.
Madril Berriemaile berezia.
ETArekin lotura izatea ukatu, Egunkaria-n aritu izanaz harro agertu, eta halako auzien aurrean hausnartu beharra plazaratu dute bost epaituek azken hitza hartu dutenean.
1. Iñaki Uria
«Sekula ez naiz ETAkoa izan, ETAk ez zuen Egunkaria-n esku hartzerik izan eta errugabe gara. Hori bai, harro nago Egunkariaren sorreran eta zuzendaritzan parte hartu izanaz», esan du Uriak. Gainerako auzipetuak, «kalean geratu ziren langileak eta Egunkaria sortzeko dirua jarri zuten akziodunez» ere harro dagoela esan du. «Ausartak izan ginen. Gobernua ere euskarazko egunkari bat kaleratzen ausartu ez zenean guk egin genuen, adierazpen askatasunaren eta euskararen alde». Baina lan guztia gainbehera botatzeko «helburuak ETAren berak zirela esatea» nahikoa dela ohartarazi du, «hausnarketa» egiteko eskatzeko. «Demokraziaren oinarrietakoa den adierazpen askatasuna horrela mozteak» zer pentsatu eman behar lukeela uste du.
2. Txema Auzmendi
«Fikziozko nobela honetan» akusazioek izandako jarrera nabarmendu du. «Oraindik AVT eta Dignidad y Justiciakoek egia baztertuta akusazio horiek egiten jarraitzeak bere giza balioa oso pobrea dela erakusten du». Absoluzioa eskatu du sekula ez dela ETAkoa izan eta bere zerbitzura ez dela aritu esanda.
3. Xabier Oleaga
«Nire herriko kultura suspertzeko lan egitearen errudun naiz. Baina horrek ez nau bihurtzen ez ETAkoa ez haren laguntzaile». Azken zazpi urteotan bizitakoa dagoeneko ezin dela ezabatu ohartarazi du, eta Egunkaria auzia «euskal gizartearen memoria kolektiboan eraso gisa» idatzia geratuko dela. Zigor epaia saihestu dezakeela esan dio epaimahaiari, baina, agian, «beste auzi batzutara hedatzeko» zigorra nahiago dutela.
4. Martxelo Otamendi
«Euskarazko egunkaria zuzentzearen errudun naiz», esan du. Kargurako hautatu zutenei zein lankideei eskerrak eman, eta akusatuen aulkian daudenekin urteak partekatzea «ohorea» izan dela esan du. Ez dela sekula ETAkoa izan azaldu du, eta Egunkaria ez dela haren menpe aritu. «Gure hizkuntzaren garapenaren alde egitea da egin dugun bakarra». Eta, beste ohar bat ere egin du: «Inori ezin zaio egotzi berak jakin gabe ETAkoa izatea».
5. Joan Mari Torrealdai
«Argi geratu da letra gizonak garela eta ez arma gizonak». Euskarak zuen gabezia bete izana «ohorea» izan dela dio, eta «euskal kulturaren alde» egitea besterik ez dutela egin. «ETAtik haratago badago bizitza. Zorionez, ez da dena ETA eta horren adibide da Egunkaria». ETA euskal kulturaren alor guztietan dagoela esatea «interesatua» dela uste du. Eta, zazpi urteotan «errugabetasuna frogatzen» egon beharra «gogorra» egin zaiola esan du: «Epairik gabe zigortu gaituzte». Aurrerantzean lasai bizitzen uzteko eskatu du.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
Laguntzaileak:

