Ertzaintzak bost lagun atxilotu eta inkomunikatu egin ditu
Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, bost pertsona atzeman zituzten atzo, Deban, Mutrikun, Ondarroan eta Gizaburuagan
«ETAren talde bat osatzea» eta Ondarroako atentatuan parte hartzea leporatzen diete
Jokin Sagarzazu.
Ertzaintzak inkomunikatu egin ditu atzo goizaldean atxilotutako bost lagunak. Polizia etxean deklarazioa hartu ostean Madrilera eramango dituztela jakinarazi diete senideei, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azaldu duenez. Ibon Iparragirre Gizaburuagan atxilotu zuten, Asier Badiola eta Xeber Uribe Ondarroan, Jabier Zubizarreta Mutrikun eta Jon Iñaki Esnaola Deban.
ETAko «talde legal bateko kide» izatea leporatzen diete bost lagunei. Herrizaingo Sailak kaleratutako oharraren arabera, «baliteke» atxilotutakoek 2008ko irailaren 21ean Ondarroako ertzain etxearen kontra egindako atentatuan parte hartu izana. Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearekin batera koordinatutako polizia operazioa izan dela azaldu du Herrizaingo Sailak. Oharrarekin batera, operazioaren irudi batzuk banatu ditu. Zehaztu gabeko bi atxiloturen etxeetan nola sartu diren ikus daiteke bertan.
Berri agentziek zabaldu dutenez, goizaldeko 03:00etan sartu ziren Ibon Iparragirreren etxera, Gizaburuagan. Agentzien argazkietan ikusten denez, atariko atea apurtu zuten ertzainek. Bikotekidea eta bost hilabete dituen alaba etxetik irtenarazi zituzten, eta ez zuten berriz sartzerik izan. Ertzaintzako iturriak aipatuz, berri agentziek diote Iparragirre «taldeko burua» zela eta haren etxean pistola bat eta lehergaiak atzeman dituztela.
Iparragirrek Ondarroan duen beste etxe bat ere miatu zuten. Baita Iparragirreren anaiaren etxea ere, Gotzon Iparragirrerena. Horrek Lea Artibaiko Hitza-ri azaldu dioenez, poliziak 05:00etan joan ziren eta ordubeteko miaketa egin zuten Ibon Iparragirreren etxean eta berean. Miaketak iraun bitartean arbola baten kontra eduki zuten Ibon Iparragirre. Bigarrenez ere itzuli ziren ertzainak. Goizeko 08:00etan Ibon Iparragirreren etxean izan ziren, Gotzon Iparragirrek azaldu duenez, kasu honetan Ibon Iparragirre eta idazkari judiziala bertan zirela. Ertzainek hari esandakoaren arabera, miaketa horretan agertu zen berri agentziek aipatutako pistola. «Pistola agertu zelako anaiak leihotik salto egiten saiatu zela esan zidaten ondoren», adierazi du Gotzon Iparragirrek, eta gaineratu du «gertatutako guztia oso arraroa» izan zela.
Berri agentzien arabera, antzeko orduan sartu ziren Xeber Uribe eta Asier Badiolaren etxeetan ere, Ondarroan. Uriberen kasuan, haren etxea eta senitarteko batek kale berean duen etxebizitza miatu zituen Ertzaintzak. Ondarroako Txokoa elkartean eginiko miaketan ere izan zen Uribe. Hango atea apurtu eta elkartearen ordenagailu bat eraman zuten. Uribe Txokoan zegoen bitartean, hainbat lagun bildu zen lokaleko kanpoaldean. Herritar batzuk identifikatu zituen Ertzaintzak, eta bertan izandako hainbat lagunek mehatxuak jaso zituztela salatu dute.
Jabier Zubizarreta ere etxean atxilotu zuten, Mutrikun. Haren etxea eta garajea miatu zituzten.
Berri agentziek zabaldutako informazioaren arabera, mendi inguru batean eta Debako lokal batean ere izan ziren ertzainak. Halaber, errepide kontrola jarri zuten Ondarroan, eta auto guztien matrikulak begiratu zituzten, banan-banan.
Inkomunikazioa eta kezka
Atxiloketak salatzeko, manifestazioak egin zituzten arratsaldean Deban, Ondarroan eta Mutrikun. Ondarroako manifestazioa galarazten saiatu ziren ertzainak, manifestariei oldartuz, eta lagun bat atxilotu zuten.
Atxilotuek datozen egunetan jasango duten tratua dela eta, «kezkatuta» azaldu da Amnistiaren Aldeko Mugimendua. «Ertzaintzak aurretiaz berrehun tortura salaketa baino gehiago» jaso dituela dio AAMk, eta atxilotuak inkomunikatu izana «torturatzeko borondate politikoaren adierazle» dela nabarmendu du.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
