Urtean 260 mila tona zabor erretzeko doitu dute errauste planta
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak martxorako espero du ingurumen baimen bateratua, lehenbailehen hasteko lanekin
Hondakinak erreta, 194.000 megawatt sortu nahi dituzte Zubietako plantan
Mikel Peruarena.
Donostia.
Hiru urte barru, 2013an, Gipuzkoako zabortegi guztiak itxiko dituzte; hondakinak beste era batean kudeatzen hasi beharko du herrialdeak, beraz. GHP Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoarentzat eta Diputazioarentzat, hondakinak kudeatzeko sistema berriaren ardatzetako bat izango da Zubietako errauste planta, Usurbil eta Lasarte artean. Urtean 260.000 tona zabor erretzeko prestatutako egitura diseinatu du partzuergoak. 2000. urteaz geroztik -288.000 tona hondakin joan ziren, zuzenean, zabortegietara urte hartan- oso gutxi jaitsi da gaika biltzen ez den zaborraren kopurua Gipuzkoan -2008an 267.000 tona bota ziren-, eta kopuru horiek hartzeko prestatu dute Zubietako errauste plantaren diseinua. Konparaziorako, Zabalgarbiko errauste plantak 240.000 tona zabor inguru erretzen ditu Alonsotegin (Bizkaia).
Lanean hasteko zain dago partzuergoa. Batetik, egitasmoarentzako finantzabideak lotzen ari da; bestetik, errauste planta eraikitzen hasteko beharrezko duen ingurumen baimen bateratua jaso behar du. Ainhoa Gonzalez partzuergoko kudeatzaileak espero du martxorako iritsiko dela. Astelehenean amaitu zen egitasmoari helegiteak aurkezteko epea. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak proiektua onesten badu, lehenbailehen hasiko da partzuergoa lanean, Zubietako mendietan lurrak mugitzen, uda honetan bertan, ahal badu. Ingurumen baimena eskatzeko txostenarekin batera, lurrak mugitzeko ikerketa eta azterketa geoteknikoak ere egin ditu partzuergoak, baimena jaso orduko lanak lehiaketara ateratzeko moduan egoteko.
Partzuergoak hiru ardatz izan ditu kontuan errauste plantaren egitasmoa zehazterako, Gonzalezek dioenez: «Ahalik eta eragin txikiena izatea, kokatzen den lekuan ahalik eta gehien integratzea, eta teknologia onena erabiltzea». Eraikinaren kokapena, norabidea eta itxura aldatu egin dituzte hasierako proiektua zenetik oraingora. «Lehen beste leku batean zihoan, eta mendiari dezente eragiten zion», azaldu du Gonzalezek. Tximiniaren keak norantz egingo duen ere aztertu dute.
Zailena kokapena hobetzea izan dela nabarmendu du partzuergoko kudeatzaileak: «Kontuan izan behar dugu mendian gaudela, naturaz inguratuta, eta herriguneak ere gertu daudela. Nahi duguna begientzako inpaktua ahalik eta txikiena izatea da». Errauste plantako tximinia 50 metro luze da, baina Gonzalezek ziurtatu du Lasarteko eta Usurbilgo erdiguneetatik ez dela ikusiko. Artzabaletako gainak eta eraikinaren egiturak estaliko dute tximiniaren %90. Teilatu gainetik bost metro agertuko da tximinia. Eraikina mendian sakonago kokatzeko, 165.000 metro kubo lur mugituko dituzte, lurraren egungo maila baino 30 metro sakonago kokatzeko.
Europako esperientzia
Errauste plantak erabiliko dituen teknologiak ere aztertu eta hautatu ditu partzuergoak. «Aurkeztu ditugu gure ustez egokienak diren teknologiak, atmosfera, ura, zarata eta eremu guztietako eragina murrizteko. Aldi berean, errendimendu handiena izango duten teknologiak begiratu ditugu, energia gastua murrizteko», azaldu du Gonzalezek: «Legeak ezarritakoen oso azpitik egongo dira isuriak». Errauste plantetan erabili beharreko teknologiei buruz Europako Batasunak xedatua duenera lotu direla zehaztu du, eta Europan hainbat errauste planta bisitatu dituztela, egitasmoa finkatzeko. Austrian, Belgikan, Espainian, Frantzian, Italian eta Suedian egon dira, besteak beste. Horrez gain, erraustean «punta-puntakoak» diren bi ingeniaritza enpresarekin ari da lanean partzuergoa, bat Belgikakoa, bestea Herrialde Katalanetakoa.
Errauste plantara «erreusa besterik ez» dela iritsiko argitu du Gonzalezek. Alegia, birziklatu edo beste erabilerarik eman ezin zaien hondakinak erreko direla -Diputazioaren arabera, hondakinen %43-. «Egin dugu errauste planta, beharrak ikusita, aurrez beste programa guztiak ezarrita: prebentzioa, birziklatzea eta konpostatzea». Bestalde, hondakinak erraustetik energia elektrikoa sortzeko teknologiak erabiliko ditu errauste plantak. Urtean 194.000 megawatt sortuko ditu, gutxi gorabehera. Partzuergoak azaldu du 40.000 familiaren urteko energia kontsumoa ase dezakeela kopuru horrek.
Labean erre aurretik, bestalde, tratamendua jasoko dute zaborrek. Lehenik, hezetasuna kenduko diete, berotzeko ahalmena bizkortzeko eta hondakinak «homogeneizatzeko». Horrekin batera, metalak bereiziko dizkiete hondakinei, «hartara partikula gutxiago isurtzen baita atmosferara». Sistema katalitiko bat ere izango du errauste plantak, karbono eta bestelako gai arriskutsuen isuriak «maila minimoetara» gutxitzeko. «Sistema katalitiko horrek dioxinen isurtzea ere minimoetara murriztuko du», adierazi du Gonzalezek: «Edozein industria jarduerak hori du; azkenean, beti gertatzen dira isuriak eta zaratak eta... Kontua da eragina murriztea». Zubietako errauste plantak ez duela urak eta lurra kutsatzeko arriskurik zehaztu du, «ziklo itxia» baitu. Zabalgarbin, izan ziren isurien antzekorik gertatzeko beldurrik ez du Gonzalezek: «Errauste planta honek puntako azken teknologia izango du».
Finantzabideak lotzeke
Egitasmoa finantzatzeko iturriak lotzea da partzuergoaren beste erronka handia. Hiru oin ditu proiektuaren finantzaketak, eta oraingoz baten parte-hartzea dago bermatua, Gipuzkoako Diputazioarena. Europako Inbertsio Bankuarekin negoziatzen ari da erakundea, egitasmoa finantzatzeko aukerak aztertzen. Eta aurrekontuaren hirugarren partea ixteko, banku eta aurrezki kutxa batzuekin ari direla negoziatzen azaldu du Gonzalezek: «Horretan ari gara, baina ez dago ezer itxita. Espero dezagun hilabete batzuetan zer edo zer zehatzagoa jakitea». Errauste planta eta hondakinak kudeatzeko gainerako azpiegitura berriak egiteko 400 milioi euro behar ditu partzuergoak.
Diru hori ez da behar errauste planta egiteko bakarrik. Gonzalezek argitu du hondakinen kudeaketarako planaren ardatz guztiak daudela martxan. Heldu den astean, ondo bidean, hondakinen transferentzia berri bat eraikitzeko lanak banatuko ditu partzuergoak. Debabarrenean kokatuko da, eta aurten eraikitzeko asmoa du. «Beste mankomunitateekin ere ari gara lanean, proiektu guztia garatzeko». Bestalde, gai organikoak kudeatzeari buruz, beste ingeniaritza enpresa batekin ari da lanean partzuergoa. Harekin aztertuko dute beharrezko ote den herrialdean beste konpostatzeko planta bat egin, edo biometanizaziorako planta bat beharko den, Gonzalezek dioenez: «Lanean ari gara alor guztietan».
Aratzuriko planta legez kontrakoa dela berretsi dute
53.429
2.075
4.000
125
Errauste plantaren proiektu berria ezkor hartu du Imanol Azpirozek, San Markoko mankomunitateko presidenteordeak. Diputazioaren jardunaren atzean «enpresa boteretsuen» interesak ikusten ditu
Bisitarik ez Usurbilera
M. Peruarena. Donostia
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
