Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:05

EUSKALHERRIA;2010-01-21;Otsailaren 27 eta 28an egingo da Usurbilen zabor bilketari buruzko herri galdeketa. Alkateak parte hartzeko eskatu die herritarrei, «orain arte egindako lan guztia zakarrontzira» botako dutelako bestela

Otsailaren 27 eta 28an egingo da Usurbilen zabor bilketari buruzko herri galdeketa

Alkateak parte hartzeko eskatu die herritarrei, «orain arte egindako lan guztia zakarrontzira» botako dutelako bestela

Lierni Alkorta.

Usurbil

Otsailaren 27an eta 28an egingo dute Usurbilen (Gipuzkoa) hiri hondakinen kudeaketari buruzko herri galdeketa. Hala jakinarazi zuen Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak atzo. Honako hau izango da galdera: Zein bilketa sistema nahi duzu Usurbilerako? Hiru erantzun izango dituzte aukeran herritarrek: atez ate; orain arteko edukiontzien sistema (4 edukiontzi); edo orain arteko edukiontzien sistema + 5. edukiontzia organikoarentzat.

Herri galdeketaren egunetan, 10:00etatik 20:00etara bitarte, zabalik egongo dira bozkalekuak, eta, orotara, sei mahai jarriko dituzte «herriko auzo guztietan»: bi herriko kaskoan eta bana Kalezarren, Santu-enean, Aginagan eta Zubietan. Errekondok jakinarazi du herri galdeketaren prozedura urtarrilaren 26ko udalbatzarrean onartzea espero dutela.

Parte hartzeko deia

«Demokrazia zuzenaren ariketa bat izango da» Errekondoren arabera, eta «esandakoa bete» egingo dutela adierazi du, «nahiz eta zenbaitek, asmo txarrez, zalantzan jartzeko ahalegin guztiak egin dituzten».

Ariketa horrek, gainera, «berretsi egingo du orain arte egindako lana», Errekondoren ustez. Hala, Usurbilgo herritarrak bozketan parte hartzera deitu ditu, «etorkizuna nolakoa izango den kontsulta horretan erabakiko baita». Errekondoren hitzetan, «hau da benetako unea, bestela, orain arte egindako lan guztia zakarrontzira» joango baita.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia