2010-01-21
Industria handiek ere pagatu beharko dute karbono zerga
Fabrika kutsagarrienek 2013 arte pagatu beharko dute tasa, CO2 isurketa eskubideen truke kuotak ordaintzen hasten diren arte
Frantziako Gobernuaren proiektua onartzen badute, erregaia lau zentimo garestituko da
Iker Aranburu.
Kutsatzaile nagusiak alde batera uzten zituen karbonoaren zerga baztertu, eta industriak ere tasa hori pagatu beharko duen eredua proposatu du Frantziako Gobernuak. Aldi baterako baizik ez da izango, CO2 isurketa eskubideak pagatzen hasten diren arte -orain doan dituzte-. 2013ko urtarrilean da hori gertatzekoa. Herritar arruntei dagokien arloan ez du aldaketa handirik proposatu Parisko gobernuak, eta uztailaren 1etik aurrera erregaia garestiago ordainduko dute, errenta zerga txikiagoa pagatzearen truke.
Nicolas Sarkozy Frantziako Errepublikako presidenteak kolpe handia jaso zuen abenduaren 29an, Kontseilu Konstituzionalak ezustean atzera bota baitzion proiektu izarretako bat: karbonoaren zerga. Auzitegi horrek ez zuen zalantzan jartzen legegaiaren printzipioa -kutsatzen duenak pagatu behar duela-, baina bai, ordea, industria salbuetsita izatea. Epaileen arabera, ez zen bidezko CO2 isurketen zati handi baten egileek ez pagatzea emisio horiek gutxitzeko zerga.
Hiru aste behar izan ditu Jean Louis Borloo Ekologia ministroak atzo Eliseo jauregian egindako ministroen kontseiluan proiektu berria aurkezteko. Aldaketa nagusia dakar proiektu berriak: karbono dioxidoa isurtzeko eskubideak behar dituzten enpresek ere pagatu beharko dute. 1.018 lantegi dira guztira, eta industriaren kutsaduraren %93 eragiten dute. Horietatik bakarra dago Ipar Euskal Herrian: Bokaleko Celsa-France altzairutegia, ADA-Acierie de l'Atlantique izandakoa. Hego Euskal Herrian 90 lantegi inguru daude isurketa kuotekin.
Altzairutegiak, porlan eta paper fabrikak, findegiak eta zentral termikoak daude kutsatzaile handienen artean. Europako Batasunaren CO2 isurketen %40 egiten dituzte kuota sistemaren azpian dauden fabrika horiek. Abenduaren 31era arte ez dute isurketen truke ezer pagatu behar. Lur eta aireko garraioak eragiten du kutsaduraren beste zati nagusia.
Negoziazioa
Nola eta zenbat pagatuko duten ez du zehaztu Borlook, datozen asteotan hasiko den eztabaidan findu nahi duelako proposamena. Asmoa da apirilerako edo maiatzerako bukatuta izatea legegaia, uztailaren 1ean indarrean jarri ahal izateko. Oposizioak ez du begi onez ikusten.
Frantziako Legebiltzarrean ez ezik, enpresaburuekin, sindikatuekin eta ingurumenaren aldeko taldeekin ere negoziatu nahi du Gobernuak. Helburua zerga eraginkorra egitea da, baina, aldi berean, Frantziako enpresei nazioartean lehiatzeko zama handiegirik ez ezartzea. Horregatik, Gobernuak agiri baten bidez azaldu du zenbait neurri hartuko dituztela «sektore sentiberen» lehiakortasunari kalte ez egiteko.
Hori egiteko, bi aukera aztertuko dituzte. Batetik, bonus-malus ereduko sistema bat ezartzea. Hartara, sektore bakoitzean isurketen batez bestekoa finkatuko lukete, eta handik gehien murrizten dituztenei zergak jaitsiko dizkiete, eta igo, berriz, gehiago kutsatzen dutenei. Beste aukera bat da gutxiago kutsatzeko inbertsioak egiten dituztenei zerga kenkariak ezartzea.
Ikustekoa da proposamen berriak Kontseilu Konstituzionalaren eta Europako Batzordearen galbaheak igaro ahal dituen. Izan ere, batek zein besteak ez lukete onartuko enpresa zehatz batzuei laguntzeko neurriak, gainontzekoak baztertzen dituztelakoan. 1997. urtean, Bruselak bertan behera utzi zuen Frantziak ehungintzako enpresei ezarri nahi zien lan kargen gutxitzea.
Luc Chatel Gobernuko bozeramaileak zehaztu duenez, karbono zergaren beste atal gehientsuenak bere hartan geratuko dira. Horrela, atmosferara isuritako CO2 tona bakoitzeko 17 euroko zerga ezarriko da uztailaren 1etik aurrera. Horrek esan nahi du erregaia garestitu egingo dela: lau zentimo eta erdi gasolio edo berogailuetarako fuel olio litroa, eta lau zentimo ezantza. Erregaien garestitzeak sektore batzuei ezarriko liekeen gainkostua apaltze aldera, zergan kenkari batzuk izango dituzte sektore batzuek: laborariek eta arrantzaleek zergaren laurdena pagatu beharko dute, eta %65, berriz, garraiolariek.
Aire garraioarekin zer gertatzen den ere erabaki beharko du Frantziako Gobernuak orain hasiko duen negoziazioak. Aurreko proiektuan salbuetsita zegoen.
Kalte-ordainak
Sarkozyk behin eta berriro esan du zerga ez dela diru gehiago biltzeko, erregai kontsumoa murrizteko baizik. Hori dela eta, beste zerga batzuk kenduko edo txikituko ditu, erregaiaren garestitzea konpentsatzeko. Horrela, errenta zerga jaitsi egingo da, familia edo herritar batek ustez kutsatzen duenaren arabera. Irailean Frantziako Gobernuak jarritako adibideen arabera, hirian bizitzeagatik garraio publikoa erabiltzeko aukera duen bi seme-alabako bikote batek 112 euro gutxiago ordainduko ditu urtean errenta zergan; nekazaritza eremu batean bizi bada, familia horrek berak 142 euroko kenkaria jasoko du, teorian, garraio publikorik ezin duelako erabili. Diru sarrera apalak izateagatik errenta zerga ordaintzetik libre daudenek, berriz, Frantziako Gobernuaren txeke berdea jasoko dute.
Isurketa eskubideak behar ez dituzten enpresek ere -txiki eta ertain guztiek eta handietako batzuek- izango dute kalte-ordaina. Izan ere, zerga profesionalaren atal bat, inbertsioei dagokiena, ezabatu egingo du Parisko gobernuak, eta enpresak sortzen duen balio erantsiaren gainekoa progresiboagoa izango da. Zerga profesionalaren aldaketak kezka handia sortu du lurralde administrazioan, handik finantzatzen baitira herriko etxeak eta tokian tokiko beste erakunde publiko batzuk.
Ibon Galarraga.
Klima aldaketaren ikerlaria
«Bildutakoa klima aldaketari aurre egiteko erabili behar da»
J. Goikoetxea.
Donostia
Ibon Galarraga (Bilbo, 1973) Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea izan zen aurreko legegintzaldian, eta BC3 Basque Center for Climate Changeko ikerlaria da gaur egun.
Zer iruditzen zaizu Frantzian ezarri nahi duten karbono zerga?
Ekonomialari gisa, aproposa izan daiteke, baina ondo begiratu behar da ea nola ezartzen den eta ea nori ezartzen zaion. Ingurumenaren ikuspuntutik oso egokia da prezio bat ezartzea ondorio kaltegarriak dituzten faktoreei. Kasu honetan kutsadurari zerga bat jarriz gero, kutsadura hori kostuaren zati bat izatea lortzen da.
Halako zergak oso onak eta eraginkorrak izan daitezke, baina ondo antolatuz gero. Zerga hori bidezkoa da, lortu nahi baitu kutsatzen duenak kutsadura horren kontrako borroka ordaintzea. Halako zergen alde nago, baldin eta bildutako dirua klima aldaketaren inguruko politikak jorratzeko erabiltzen bada.
Praktikoa al da? Lortzen al du karbono dioxido isuriak murriztea eta jendearen ohiturak aldatzea?
Bai, baina baldintza batzuk bete behar dira horretarako. Ingurumen zergak ezartzen direnean, zerga neutralak izan behar dutela esaten da, hau da, zerga horiek ezarrita ere, zergetan ordaintzen den kopuruak berdina izan behar du.
Hori nola lortzen da?
Hori lor daiteke, esaterako, karbono zerga baten kasuan, dirua sektoreari bueltatuz edo beste zerga batzuk murriztuz (Gizarte Segurantzari egindako kotizazioak...).
Frantziaren kasuan, zergak berdin eragingo die diru gehien dutenei eta gutxien dutenei.
Horrelako zerga bat zeharkako zerga bat da eta horrek asko zailtzen du zergaren progresibitatea lortzea. Ez da errentaren araberakoa, kontsumoaren araberakoa baizik. Frantzian esan dute progresibitatea lortu nahi dutela, baina oso zaila da. Hala ere, zergaren bidez lortutako diruarekin saia daiteke progresitibatea lortzen.
Nola?
Aukera bat da lortutako dirua zerga ezarri zaien sektoreei edo pertsonei itzultzea. Frantzian txeke berdea erabiltzeko aukera aipatu dute horretarako. Beste aukera bat da diru hori erabiltzea ingurumen arazoak konpontzeko.
Logikoa dirudi.
Hori egiten dute Erresuma Batuan. Zerga enpresei ezarri zieten eta lortzen duten diruaren zati bat bueltatu egiten diete, zergak murriztuz eta sektore horiei diru laguntzak emanez ingurumenaren aldeko inbertsioak egiteko. Bildutakoaren beste zati bat klima aldaketaren kontrako politikak ordaintzeko baliatzen dute. Hori oso eraginkorra da. Zerga bat ezartzen diozu kalte bat eragiten duen ohitura bati, kalte hori konpontzeko dirua lortzeko.
Ez al dago arriskua zerga dirua biltzeko bakarrik erabiltzeko? Are gehiago zerga bidezko diru sarrerak asko murriztu diren garaiotan.
Arriskua badago, baina ez luke pentsatuta egon behar dirua lortzeko, ohiturak aldatzeko baizik. Bestela, ez da eraginkorra.
Eta karbono zerga eraginkorra al da? Ezarri den herrialdeetan lortu al du jendearen ohiturak aldatzea?
Horrelako zerga bat neurtzeko orduan aintzat hartu behar da ez-elastikotasuna deitzen duguna: ohitura edo kontsumo jakin bat aldatzeko prezioak izugarri igo behar direnean. Hori gertatzen da erregaiekin, tabakoarekin eta edari alkoholdunekin. Gobernuek dirua bildu nahi dutenean horregatik ezartzen dizkiete zergak ondasun ez-elastikoei. Horrek ez du esan nahi ohitura aldatu ezin denik.
Egia da kasu horietan ohiturak aldatzeko oso zerga handiak jarri behar direla, baina horrek esan nahi du bitartean diru asko lortuko dela. Diru hori ondo inbertitzeko gai izanez gero, ona da.
Finlandian eta Suedian eraginkorrak izan dira, baina ez bakarrik karbono zergagatik, ezartzen duten politika osoagatik baizik. Zerga da politika horren oinarrietako bat. Erresuma Batuan, agian, ez da hain eraginkorra, baina asko lagundu du enpresen pentsaera aldatzen.
Frantziak, printzipioz, karbono zergatik kanpo utzi nahi du argindarraren sektorea. Egia da argindar gehiena energia nuklearraren bitartez sortzen duela, baina beste energia iturri batzuei ez al litzaieke karbono zerga ezarri beharko?
Karbono zergaren helburuetako bat argindarraren kontsumoa murriztea da, eta argindarraren merkatua ere sartu beharko litzateke karbono zergaren barruan. Zerga ezarri behar zaie energiari eta energia lortzeko erabiltzen den erregaiari.
Karbono zergaren zenbait adibide
FINLANDIA
Urtea: 1990etik indarrean. Bera izan zen ezartzen lehena.
Zenbatekoa: Zerga 20 eurokoa da sortutako karbono dioxido tona bakoitzeko. Urtean 500 milioi euro biltzen dituzte.
Eragina prezioetan: Ia bost zentimo gasolina litroan eta 5,4 zentimo gasolio litroan.
Ondorioak: Isuriak %5-7 murriztu ziren lehen hamar urtean.
SUEDIA
Urtea: 1991tik indarrean.
Zenbatekoa: 27 eurokoa zen tona bakoitzeko 1991n, eta 108 eurokoa da gaur egun. 1.500 milioi euro bildu ditu urtean.
Eragina prezioetan: 25 zentimo gasolina litroan, 31 zentimo gasolio litroan eta 23 zentimo gas naturalaren metro kuboan.
Ondorioak: Karbono dioxido isuriak %9 murriztu ditu. Zergarik gabe %20 haziko liratekeela uste dute. Biomasaren erabilera asko hazi da beroketa sistemetan.
ERRESUMA BATUA
Urtea: 2001etik indarrean.
Sektoreak: Industriako, komertzioko eta sektore publikoko energia kontsumoari aplikatzen zaio.
Erabilera: Bildutako diruarekin langileen kotizazioak murrizten dituzte eta energia berriztagarriak bultzatzen dituzte.
Europako Batasunak ez du zehaztu isuriak murrizteko helbururik
Kopenhageko goi bilerak porrot egin zuela onartzeko eta agenda berria prestatzeko eskatu diote Espainiari
J. G.
Donostia
Konpromisorik eta helbururik ez. Horixe izan zen Europako Parlamentuaren atzoko bileraren emaitza. Berez, Europako Batasunak (EB) atzo zehaztu behar zuen karbono dioxido isuriak murrizteko helburua 2020. urterako: hau da, orain arteko %20ari eutsi edo murrizketa handiagoak ezarri. Azkenean, baina, ez zuen kopururik eta neurririk zehaztu.
Europako Parlamentuak Europako Batasuneko Lehendakaritzari -seihileko honetan, Espainiaren esku- eskatu zion onar dezala Konpenhageko goi bilerak porrot egin zuela, eta indarrak jar ditzala estrategia berri bat prestatzen, urtearen amaieran Mexikon egingo den bilerarako.
Berez, EBk hiru helburu ditu 2020rako: CO2 isuriak %20 murriztea, energiaren %20 iturri berriztagarrietatik lortzea eta eraginkortasun energetikoa %20 hobetzea. Hala ere, WWF erakunde ekologistaren esanetan, CO2 isuriak %20 murriztea «oso helburu apala da», hori betetzeko EBk moteldu egin beharko bailuke gaur egun egiten ari den isurien murrizketaren erritmoa.
Europako Batasunak eta nazioarteko erakundeek karbono dioxido isuriak murrizteko proposamen zehatzak aurkeztu behar dizkiote Nazio Batuen Erakundeari hila amaitu baino lehen.
PSOEk 'ekozentimoa' ezartzea baztertu zuen
PSOEk gasolina litro bakoitzari zentimo bateko zerga ezartzeko aukera sartu zuen 2008ko hauteskunde programaren azken zirriborroan. Diruarekin klima aldaketari aurre egiteko neurriak ordaindu nahi zituen. Baina egitasmoa publiko egin zenean baztertu egin zuen, neurria txarra iruditzen zitzaiolako baino gehiago, hauteskundeen atarian ez zuelako zerga igoerarik azaltzea nahi.
Hala ere, Espainiako Gobernuak -PSOEren esku- erregaien zergak igo zituen iazko ekainean, 2,9 zentimo litroko. Zergen igoera zuritzeko orduan gogorarazi zuen erregaiek eragin handia dutela ingurumenean, eta zergak igotzeak arrazionalizatu egiten dituela erregaien erabilera eta murriztu CO2 isuriak.
%64
Erregaien zergak: Karbono zerga ezarri gabe ere, zergak dira gaur egun erregai litroagatik ordaintzen denaren zati handiena: Frantzian gasolinaren prezioaren %64 eta gasolioaren %56, eta Espainian gasolinaren prezioaren %53 eta gasolioaren %48.
Zerga aztergai Europan
Europako Batasuna karbono zerga ezartzea aztertzen ari da. Iazko urrian egin zuen lehen bilera, isurtzeko eskubideen salerosketatik kanpo dauden sektoreei ezartzeko (salerosketa merkatuak isurien %45i eragiten die). Sektore horien artean daude eraikuntza eta garraioa. Proposamenak «harrera ona» izan zuen, baina oraingoz geldirik dago.
Zenbakia
17
Kutsatzearen prezioa. Frantziako Gobernuak erabaki du tona bat CO2 isurtzeak 17 euroko zerga izango duela. Tasa aztertu zuen taldeak, Rocard aditu taldeak, berriz, 32 euroko prezioa proposatu zion Nicolas Sarkozy presidenteari.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
Laguntzaileak:

