Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:04

EUSKALHERRIA;2010-01-20;Aloņa Muņoa absolbitu dute ia urte eta erdi kartzelan egon ostean. Frantzian bost urte eta erdiz espetxean egon ondoren, 2008ko abuztuan Espainiaratu zuten zigorra beteta

Aloña Muñoa absolbitu dute ia urte eta erdi kartzelan egon ostean

Frantzian bost urte eta erdiz espetxean egon ondoren, 2008ko abuztuan Espainiaratu zuten zigorra beteta

L. A.

Aloña Muñoa Ordozgoiti Segurako (Gipuzkoa) euskal presoa absoluzioa jasota aske irten zen, atzo, Madrilgo Soto del Real espetxetik. 2008ko abuztuan Espainiaratu zuten Muñoa Frantziatik. Han, erakunde armatuko kide izatea egotzita, bost urte eta erdiz egon zen espetxeratuta. Behin-behinean ia urte eta erdi espetxean zeramatzala, iragan astean epaitu zuten Muñoa Espainiako Auzitegi Nazionalean ETAko Ttotto komandoari laguntzea egotzita. Fiskalak zortzi urteko espetxe zigorra eskatu zuen; epaimahaiak, ordea, Muñoa absolbitzeko erabakia jakinarazi zuen, atzo, Espainian epaitu zuten gauza beragatik Frantzian zigorra bete zuela argudiatuta.

Absoluzioa eta zigorra

Jon Urretabizkaia Saukillo Elorrioko (Bizkaia) euskal presoa absolbitu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak, terrorismoa goratzearen delitutik. Beste epai bat dela medio espetxean jarraituko du, ordea.

Aitaren hiletan terrorismoa goratzea egotzita epaitu zuten Urretabizkaia. Euskal preso elorriotarra espetxean zen aita hil zitzaionean. Hileta elizkizunaren ostean, bere zaintza zuten agenteak autora sartzera zihoazenean hiru aldiz «Gora ETA» esatea leporatu zioten, eta, horrenbestez, terrorismoa goratzea.

Parisko Zuzenketa Auzitegiak, bestalde, bost urteko zigorra ezarri dio Haimar Arozena Eizagirre zarauztarrari (Gipuzkoa), 2007ko otsailean atxilotu zutenean «ETAko aparatu militarraren formazio egiturako kide» zela egotzita. 2009ko abenduan epaitu zuten Arozena Parisen, eta fiskalak sei urteko zigor eskaera egin zuen. Ebatzi berri den auziaz gain, beste zenbait auzi oraindik epaitzeke ditu Arozenak Frantzian.

Harriet Agirreren, Idoia Mendizabalen eta Alberto Garmendiaren aurkako epaiketa ere egin zen, atzo, Parisen. Agirre, Mendizabal eta Garmendiarentzat hamar, zortzi eta sei urteko espetxe zigorrak eskatu dituzte, hurrenez hurren.

Asteburuko aurrez aurrekoak

Iragan asteburuan, azken asteetan bezala, euren senideak bisitatu ahal izateko arazoak izan zituzten hainbat euskal presoren hurkoek. Etxerat-ek jakinarazi duenez, «miaketei eta umilazioei» uko egiteagatik Villenan (Alacant) bi aurrez aurreko galdu ziren, Soto del Realen (Madril) beste bi, Topasen (Salamanka) bat eta Jaengo espetxean bi.

Villenako espetxean gertaturiko salatzeko bertako euskal presoek une horretan bertan zituzten aurrez aurrekoak bertan behera utzi zituzten, ateak kolpatuz.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia