2010-01-19
Andre bat hil dute Tolosan, eta bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak
Labankadaz hil dute Elena Cal, aurten emakumeen aurkako indarkeriak Euskal Herrian eragindako lehenengo biktima
Emakumearen bikotekidea eta haiekin bizi zen beste gizonezko bat dira atxilotuak
Maite Asensio.
Emakume bat hil zuten igande arratsaldean Tolosan (Gipuzkoa), labankadaz. Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu zituen, erasoarekin lotura dutelakoan: andrearen bikotekidea eta haiekin bizi zen beste gizon bat. Euskal Herrian genero indarkeriaren ondorioz aurten hildako lehen emakumea da Elena Cal.
Hildakoaren bikotekideak berak hots egin zuen Ertzaintzara igandean, 16:15 aldera. Emakumeak labanaz egindako zauria zeukan lepoan. Osagileak etxera iritsi zirenean, bihotz-biriketako gelditzea zuen andreak, baina suspertzea lortu zuten. Ondoren, Donostiako Ospitalera eraman zuten, baina ordu gutxiren buruan zendu zen.
Ertzaintzari egindako adierazpenetan, Calen bikotekideak haiekin bizi zen beste gizonezko bati egotzi zion erasoa. Handik gutxira, gizon hori atzeman zuten ertzainek. Biktimaren bikotekidea ere atxilotu zuten, adierazpenotan «kontraesanak» zeudelako. 44 urte ditu bikotekideak, eta 49 beste gizonak.
Jaiotzez Galiziakoa zen Elena Cal, eta 45 urte zituen; hamalau urte zeramatzan Tolosan. Baztertuta bizi zen, tren geltokitik gertu dagoen etxola batean. San Frantzisko elizan diru eske egoten zelako ezagutzen zuten herrian. Tolosako Udaleko iturrien arabera, tratu txarrak jasaten zituen.
Gaitzespen mezuak
Elena Calen hilketa gaitzetsi dute erakunde publikoek eta mugimendu feministak. Emakumeon Mundu Martxarako Plataformak adierazi du andreen aurkako indarkeria «gizartean gertatzen den giza eskubideen urratze larrienetakoa eta hedatuenetakoa» dela. Horren oinarria patriarkatuan dagoela gogorarazi du: «Gizartean emakumeok jasaten dugun mendekotasuna betikotzeko kontrol mekanismo gisara erabiltzen du biolentzia».
Gipuzkoako Batzar Nagusietako buru Rafaela Romerok deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian. Calen omenez xingola beltza jarri zuten Batzar Nagusietako egoitzan, baita genero indarkeriaren aurkako borroka adierazten duen xingola zuria ere. «Indarkeria matxistak ez du klasearekin, adinarekin edo naziotasunarekin zerikusirik», esan zuen Romerok; «emakumeak plazer eta zerbitzurako objektu gisara dituzten gizon biolentoek egiten dute».
Tolosako Udalak ezohiko bilkura egin zuen atzo arratsaldean, eta gaitzespen adierazpena onartu zuen. Calen sendiari elkartasuna adierazi ez ezik, gogoetarako deia egin zuen: «Pertsona askoren bazterketa egoeran, emakume izateak alde kaltetuena izatea dakar». Ondoren, elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrean; besteak beste, han izan ziren Mariola Serrano Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako zuzendaria eta Maria Silvestre Emakundeko zuzendaria.
Elkarretaratzeak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
