2.075 helegite aurkeztu dituzte Zubietako errauste plantaren kontra
Kokapenak legea urratzen duela uste du Erraustearen Aurkako Plataformen Koordinakundeak
Ainara Arratibel.
DonostiaGipuzkoako Erraustearen Aurkako Plataformen Koordinakundeak beste 366 helegite aurkeztu zituen atzo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Donostian duen egoitzan, Zubietan (Gipuzkoa) egin nahi duten errauste plantaren proiektuaren aurka. Hala, guztira 2.075 dira jarritako helegiteak. Izan ere, abenduaren 28an 1.709 aurkeztu zituzten. Plataformak berretsi du gaikako sistemaren aldeko apustua zaborrak kudeatzeko sistema gisa.
Abenduan epea luzatu eta gero, atzo amaitu zen helegiteak jartzeko epea. Helegite horien bidez, besteren artean, salatu dute kokapenak ez duela legea errespetatzen. «Legeak agintzen du gutxienez bi kilometrora kokatu behar direla inguruko herrietatik. Baina kasu honetan hori ez da betetzen», diote plataformako kideek. Horrekin batera, gogorarazi dute proiektuak bultzatzen duten erakundeek ez dutela aintzat hartu Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak hondakinen kudeaketaren hierarkiari buruz 2008ko azaroaren 19an aurkeztutako zuzentaraua. Bertan, prebentzioa eta birziklatzea lehenesten dituzte zaborrak kudeatzeko sistema gisa. Haatik, salatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak hierarkia horretako azken aukeraren alde egin dutela: ezabatzea. Gainera, iritzi diote ez dela behar bezalako azterketa egin errauste planta kokatzeko bestelako aukeren inguruan.
Aurkeztutako helegiteek eta duela hilabete batzuk EAEn Hondakinen Legea izatearen alde bildutako sinadurek argi erakusten dute, plataformako kideen arabera, herritarrak errauste plantaren aurka daudela. «Konturatzen dira osasunarentzat kaltegarria dela, eta ekonomikoki garestia. Hori ikusten ez dutenak EAJ, PSE-EE eta PP dira, eta haiek kontrolatzen dituzten Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra, foru aldundiak eta hainbat udal».
Bosgarren edukiontzia
Hori ikusirik, Usurbilen (Gipuzkoa) hasitako gaikako bilketaren alde egin, eta txalotu egin dute Hernanik eta Oiartzunek (Gipuzkoa) ere horren alde egin izana. «Herri horietan Usurbilgo emaitzak frogatzen direnean, are garbiago geratuko da errauste planta jada ez dela beharrezkoa».
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, 450.000 euroko diru saila onartu du lurraldeko hainbat herritan beste edukiontzi bat, bosgarrena, jartzeko. Hain zuzen ere, Debabarrengo eta Urola Kostako herri guztietan, Tolosako auzo batean, Tolosaldeko bi herritan, Hondarribian eta Irunen jarri nahi du Aldundiak bosgarren edukiontzia. «Aretxabaletan, Azkoitian eta Azpeitian mantendu egingo dugu, eta Amaran zabaldu», azaldu zuen atzo Gipuzkoako Garapen Iraunkorrerako diputatu Carlos Ormazabalek. Ekimenaren alde agertu dira EAJ, PSE-EE, PP eta Hamaikabat.
Aralarren ustez, Foru Aldundiak ez du benetako borondaterik konpostatzea bultzatzeko. «Materia organikoa gaika biltzeko eta konpostatzea sustatzeko proiektu aitzindariak bultzatzen ditu, baina horien aldeko benetako apustua egin behar denean, mankomunitateen bizkar uzten du du», iritzi dio Rebeka Uberak, Aralarreko batzarkideak. EB-Berdeak alderdiko batzarkide Mikel Izagirreren ustez, bosgarren edukiontzia ez da eraginkorra. «Etxez eetxeko sistema askoz eraginkorragoa eta merkeagoa da».
Alernatibako Ander Rodriguezenen arabera, Foru Aldundiak jarritako dirua ez da nahikoa. «Borondate eta interes gehiago jarri beharko luke zaborrak kudeatzeko sistemari buruzko ekimenetan».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
