Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 20:03

HARIAN;2010-01-16;GAURKOA. Bilbo-Portsmouth ferrya. Irailean, 'goodbye'. Arazo ekonomikoak direla eta, Bilbo eta Portsmouth lotzen dituen 'Pride of Bilbao' ontziaren zerbitzuak uda ostean bertan behera geratuko direla jakinarazi du P&O Ferries enpresak.

Bilbo-Portsmouth ferrya

Irailean, 'goodbye'

Arazo ekonomikoak direla eta, Bilbo eta Portsmouth lotzen dituen 'Pride of Bilbao' ontziaren zerbitzuak uda ostean bertan behera geratuko direla jakinarazi du P&O Ferries enpresak.

Maite Asensio.

Irailak 27. Egun horretan Euskal Herriari agur esango dio Pride of Bilbao ontziak, 1993tik Bilbo eta Portsmouth (Ingalaterra) itsasoz lotzen dituen ferryak. Arrazoia ekonomikoa da: bidaiek behera egin dute, zerbitzua ez da errentagarria, eta, gainera, ontziari erretiratzeko garaia heldu zaio. «Ez da beste aukerarik egon», adierazi zuen atzo Helena Deeblek, P&O Ferries itsasontzi enpresako presidenteak. Zalantzan dago, ordea, agurra behin betikoa izango den, ala beste enpresaren batek hartuko duen P&Ok utzitako hutsunea. Izan ere, ontzijabearen iragarpenari erantzun zion atzo Bilboko Portuko Agintaritzak; linea errentagarria dela eta merkatua baduela baieztatu zuen.

Bilbo eta Portsmouth arteko zerbitzuaren emaitza ekonomikoak hobetze aldera P&Ok «etengabeko ahalegina» egin duela azaldu du Deeblek, «baina galerek bere horretan jarraitzen dute, eta ezin diegu eutsi». Aspaldi hasi zen ferryaren bidaiari kopurua jaisten; kostu txikiko aire konpainiak Bilboko aireportutik Londresera hegaldi merkeak eskaintzen hasteak eragin handia izan zuen beherakadan. Baina ferryak berak ere zerikusia izan du enpresaren erabakian: itsasontzia erabiltzeko epe teknikoa amaitzear da, eta Deeblek dio ez dutela ordezkorik topatu: «Egun, ez dugu bidaia hori egiteko ontzi egokirik, eta zerbitzu honek, defizitarioa izaki, ezin ditu ontzi berri bat eraikitzeko kostuak estali. Beraz, ez dago beste aukerarik, zerbitzua bertan behera utzi behar da».

Jose Ramon de la Fuente Bilboko Portu Agintaritzako presidentea, baina, ez da bat etorri ikuspegi horrekin. Itsasontzia zaharkituta dagoela onartu arren, galeren inguruan beste iritzi bat agertu du: «Zerbitzua errentagarria da, eta merkatua dauka. Gastuak doitu eta itsasontzi egokia eduki behar da». De la Fuentek gaineratu du «hainbat konpainiak» interesa erakutsi dutela zerbitzuaren inguruan: «Espero dut baten batek aurrera egitea, eta bidaiei berrekitea, ontzi modernoago batekin».

Enpresaren batek P&O ordezkatuko duen argitu arte, bidaia enblematikoenetako bat galduko du Bizkaiak. Hegaldien prezioak merkatu aurretik, ospetsua zen ferrya udan Ingalaterrara ingelesa ikastera joaten ziren gazteen artean. Azken urteetan, zerbitzua suspertzeko ahaleginetan, ibilbidearen erakargarritasun turistikoa nabarmendu dute; Santurtziko Udalak -bertako kaitik ateratzen da ontzia- Bizkaiko Golkoan dauden baleak eta izurdeak ferrytik ikusteko aukera eskaini izan du. Albisteak «atsekabetu» egin du Santurtziko alkate Ricardo Ituarte. Erabakiak herriari kalte egingo diola uste du, denbora gutxian ferryrik eta luxuzko itsas bidaiarik gabe geratu baita; hala, gaur egun Getxora (Bizkaia) heltzen diren luxuzko bidaiak Santurtzira itzultzeko eskatuko du.

P&Ok atzo bertan helarazi zien albistea Pride of Bilbao-n diharduten 252 langileei, eta enpresak Bilbon duen bulegoan dauden hamabiei. Datozen hilabeteetan sindikatuetako ordezkariekin negoziatzen ariko dela adierazi du, «ahalik eta lanpostu gutxien galtzeko»; enpresak dituen beste ontzietan lan egiteko aukera aipatu dute. Era berean, irailaren 27ra arte Bilbo eta Portsmouth arteko zerbitzuak normal funtzionatuko duela jakinarazi zien P&Ok bidaiariei -astero birritan ateratzen da ferrya Bilbotik-. Egun horren ondoren bidaiatzeko erreserba eginda daukaten bezeroekin harremanetan jarriko dela erantsi du enpresak, beste bidaia bat eskaintzeko edota txartelen prezioa itzultzeko.

Datuak



'Pride of Bilbao'. 1986an eraiki zuten, Finlandian; 1993an atera zen Bilbotik lehendabizi.

Edukiera: 177 metro ditu luzeran, eta 29 metro zabaleran. Bertan, 2.500 bidaiarirentzako lekua dago, eta 580 auto edo 62 kamioi sar daitezke.

Bilboko bulegoa. Cosme Etxebarrieta, 1 kalean dago.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia