«Herritarren arteko kontratu sozial berria» iragarri du Lopezek
Lehendakariak Jaurlaritzaren ildo estrategikoak eta proposamenak azaldu dizkie bere gobernuko goi kargudunei
«Abiatu nahi dugun aldaketa ez da lau urterako adabakia», adierazi du Lopezek
Edurne Begiristain.
Gasteiz«Euskal herritarren arteko kontratu sozial berria» martxan jarri nahi du Patxi Lopez lehendakariak legealdi honetan. «Erantzunkidetasunean» oinarrituko da kontratu hori, eta herritar «askez» osatutako «Euskadi solidarioa, jasangarria eta lehiakorra» lortzea izango du helburu. Erakunde, alderdi politiko eta gizarte eragileekin adostasun handiena lortuta martxan jarri nahi du prozesu sozial berri hori Lopezek.
Lehendakariak Eusko Jaurlaritzako sailburu, sailburuorde, zuzendari eta aholkularien aurrean eman du Gobernuaren asmoaren berri, Lehendakaritzako egoitzan. Ekitaldian, Gobernuak hemendik aurrera garatu nahi dituen ildo estrategikoak eta 2010. urtean martxan jarriko dituen ekimenak azaldu ditu Lopezek. Hala, datozen hilabeteetan Jaurlaritzak garatu nahi dituen politiken zerrenda luzea azaldu die lehendakariak bildutakoei. Besteak beste, Administrazioaren eta osasun sistemaren berrikuntza sakonak, azpiegituren garapena, ikerketa eta berrikuntza, eta krisiari aurre egiteko proposamenak iragarri ditu.
Gobernuak norabide «zehatza eta argia» duela erakusten du ekimen sortak, Lopezen esanetan. «Argi ditugu gure helburuak, eta badakigu zer egin nahi dugun». Eusko Jaurlaritza euskal gizartea «gidatzeko» prestatuta dagoela dio. Baina ez hori bakarrik. «Biharko Euskadi eraikitzeko» asmoa duela ziurtatu du. «Abiatu nahi dugun aldaketa ez da lau urterako adabakia; ez ditugu iraganeko politikak errepikatuko», ohartarazi du.
Identitaterik ez
Lehendakariak ez dio iraganari gehiago begiratu nahi. Duela urtebete liskarrak eta desadostasunak ziren nagusi, baina egoera erabat aldatu dela dio. Euskal gizartea «sosegatuagoa» dagoela uste du, politikaren agendan herritarren benetako arazoek lehentasuna dutela eta elkarrizketaren bidez akordioak lortzen ari direla. Hortaz, Ajuria Enera iritsi zenean hitzemandakoa betetzen ari delako pozik agertu da.
Lopezek herritarrak jarri nahi ditu politikaren erdigunean. Euskal gizartea «XXI. mendeko gizarte modernoa» dela eta ez duela bere etorkizuna mugen edota identitateen gainean eraikiko ohartarazi du. «Ez dugu nahi identitatearen inguruko eztabaida antzuetan itotzen den gizartea». Espainiaren eta Europako Batasunaren barruan autogobernua sendotzea da «herria eraikitzeko eta euskal herritarrak batzeko bide egokiena», haren esanetan.
ETArik gabeko gizartea eraiki nahi du lehendakariak, eta horretarako baliabide guztiak jarriko ditu Ertzaintzaren eskuetan. Halaber, gizartean «balio demokratikoak» zabaltzen jarraituko dutela ziurtatu du, bai eta ETAren biktimen memoria eta indarkeriaren deslegitimizazioaren alde lanean segituko duela ere.
Jaurlaritzaren ildo estrategikoak
EAJk eta Aralarrek zehaztasunak eskatu dizkiote Lopezi
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
