Hilberria
Jorge Cortes Izal
Itzaleko lanean nekaezin
Mikel Peruarena.
Hil zaigu Nafarroako XX. mendeko euskararen historiako protagonistarik handienetako bat». Roldan Jimenok hitz zehatz horiekin egin dio azken argazkia Jorge Cortes Izali (Otsagabia, 1930eko apirilaren 25a). Atzo zendu zen Cortes Izal, Iruñean, 79 urtetan. Nafarroan ikastolen mugimendua errotzeko eta euskara suspertzeko egindako lan isilagatik oroituko du askok. Gaur egingo diote hileta elizkizuna, 19:00etan, Iruñeko La Olivako monasterioaren kaleko Ama Birjina Jasokundekoaren elizan
Izenean ote zeraman izaera; Izal deiturak eman ote zion itzalean lan egiteko joera... Roldan Jimenok honela oroitzen du: «Batez ere, urterik zailenetan, frankismoaren urteetan, eta gero ere, garai berrietan, Jorge izan da euskararen inguruan suspertzen ziren mugimendu guztietan. Beti hor zegoen, beti isilik, beti apal, beti klandestinitatean bezala, eta beti sekulako ekarpena eginez».
Euskararen behargin nekaezin, ez zekien euskaraz nahi adina hitz egiten. Saiatu zen, Pablo Antoñana eta Jimeno Jurio ikaskide zituela, Asisko Urmenetarekin euskara ikasten. Irakurri ere, egunero egiten zuela zioen. Ezinari gailentzeko ahaleginean beti. Ama zuen euskalduna, Otsagabiakoa. Galdu zen hango euskara, eta Cortes Izali damu hura iltzatua gelditu. «Piztu zitzaidan interesa, gure amak euskaraz bazekielako, eta nik oso txikitatik entzun nuelako Otsagabian hizkuntza hori. Orduan, neure buruari galdetzen nion: 'Helduek hitz egin izan badute, zergatik nik ez dut hitz egingo?'. Hortik etorri zen euskara ikasteko gogoa. Hortik sortu zitzaidan ikastolen mugimenduarekiko gertutasuna», azaldu zuen 2004an BERRIAn.
Euskalerriaren Adiskideak elkarteko bazkide egin zen, ikastolen mugimendua sustatzeko grinagatik. Elkarteak 1963an egin zuen lehen saioa: Nuestra Señora de Iranzu ikastolak «hiruzpalau ordu» iraun zuen, Cortesek zioenez, baimenak lortu ezinik. Ekinez, ordea, Euskalerriaren Adiskideek Nuestra Señora de Ujue ikastola sortzea lortu zuten 1965ean -egungo Paz de Ziganda ikastolaren hazia, alegia-. Cortes Izal izan zen ikastolako presidentea. Hasieran 12 ikasle ziren, eta bost urte eskasean 308ra iritsi ziren. 1970ean sortu zuten San Fermin ikastola, eta Zizurren kokatu, leku aldaketa ugari izan eta elkartea bitan bereizi ostean.
Merkataritza ikasi zuen, baina komertziala izan zen Cortes Izal. Fotokopiagailuak-eta saltzen ibili zen 35 urtean. Handik hona ibiltzeko paregabeko lana suertatu zitzaion. San Fermin ikastolaren atzetik, Olaztin sortu zuten ikastola. Cortes Izalek honelaxe laburtu zuen bere ibilbidea BERRIAn: «Olaztiren ondoren, Altsasu eta Etxarri Aranatzen, bide beretik jo genuen. Handik Lizarrara pasatu ginen, Tafallara, Elizondora, Leitzara, eta herriz herri ibili ginen, proselitismoa egiten, ikastolak sortzen. Lan hura eginda, bukatu zen gure zeregina».
Ez. Ez ziren han bukatu Cortes Izalen zereginak. Nafarroako Gobernuaren Principe de Viana erakundean Fomento del Vascuence sailaren ardura hartu zuen (Euskararen Sustapena), eta Euskalerria irratia sortzeko lanean aritu zen, besteak beste. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen, bestalde, 1969an. Euskalgintzara begira bakarrik ez, ordea, beste hainbat mugimenduri ere babesa adierazi zion Cortes Izalek. Azkenetakoa izango zen iragan azaroaren 27an aurkeztu zen Euskal Memoria Fundazioa. Sortzaileen artean agertu zen, berriro, Jorge Cortes Izalen izena.
«Ez zitzaion bere izena hor zehar azaltzea asko gustatzen», aitortu du Roldan Jimenok, Jimeno Jurioren semeak. San Fermin ikastolan ikasitakoa da Roldan Jimeno; auzokide zuen Cortes Izal, eta familiako adiskide mina zen: «Ikuspegi pertsonaletik, adiskide bat joan zaigu. Nire aitaren adiskiderik hoberenetarikoa zen, eta haren emaztea, Ester Leon, gure amaren adiskide mina da».
Omenaldiak eta eskertzak egin dizkiote, hala ere, Cortes Izali. Euskalerria irratiak Larreko saria eman zion 1997an. 2004an, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Lizarrako ikastolak omendu zuten; Noaingo borrokaren urteurreneko ekitaldian ere omendu zuten urte hartan. 2008an sari berezia jaso zuen: adiskide min zuen Jimeno Jurioren izena duen saria eman zioten Artaxoan. Cortes Izalek egindako «ekarpen izugarri hori euskaltzaleek, Nafarroan, aintzat hartu dute», Roldan Jimenoren iritziz. Bizi zela omenaldiak egin zizkioten arren, orain ere zerbait egingo diotela pentsatzen du Jimenok: «Merezi zuen».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
