Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 19 -

2010-01-05

«Behin eta berriz» bikotekidea jotzen zuen 23 urteko gizon bat atxilotu dute

Genero indarkeria egotzita, urtea hasi denetik hiru lagun atxilotu dituzte, denak 33 urtetik beherakoak

Jon Rejado.

Gasteiz

Bikotekide ohiari tratu txarrak ematea, eta irainak eta heriotza mehatxuak egitea leporatuta, 23 urteko gizon bat atxilotu dute ertzainek Irunen (Gipuzkoa). Atxiloketa igandean gertatu zen, egun horretan bertan emandako tratu txarren ondorioz, baina haren aurkako indarkeria eta heriotza mehatxuak azken bost urteetan «behin eta berriz» gertatu direla salatu du biktimak Ertzaintzaren aurrean.

Gertakizunak igande arratsaldean izan ziren, Irungo okindegi batean. Ustez bikotekide ohia egiten ari zitzaizkion erasoez babesteko, emakume bat okindegira sartu zen, eta salerosketa tokitik kanpo zegoen gela batean ezkutatu zen okinaren laguntzarekin. Ertzainak heldu zirenean, ustezko erasotzailea okina eta bikotekide ohia iraintzen ari zen, eta bien aurkako heriotza mehatxuak egiten. Hori dela eta, atxilotu egin zuten. Erasoa izan zuen emakumeak orduan jakinarazi zion Ertzaintzari tratu txarrak harreman hasieratik bertatik hasi zirela bikotekidearen partetik, hau da, duela bost urtetik.

Salaketan jakinarazi du laidoztatzea, tratu txarrak eta sexu erasoak bizi izan dituela tarte horretan, eta ez zuela salaketarik jarri gizonaren erantzunaren beldur zelako. Mehatxupean dirua eskatzen ziola salatu du emakumeak, eta bere aurkako heriotza mehatxuez gain bere senitartekoen aurkakoak ere egiten zituela.

Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak Irungo gertaera gogor gaitzetsi du, eta era honetako jazoeren aurrean tolerantzia oro desagerrarazteko eskaera egin du. Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Rafaela Romerok ere erabateko arbuioa erakutsi du, eta egoera horiek bizi dituzten emakumeei babes «eraginkorra» emateko eskatu du. Kezkatuta agertu da, bereziki bikote gazteen artean ere horretako portaerak izaten direlako. Hezkuntzaren bitartez, halakoak erro-errotik mozteko deia egin du, gainerakoan belaunaldiz belaunaldi arazoak bizirik jarraituko duela nabarmenduta.

Ana Rodriguez Fouz Gipuzkoako Batzar Nagusietako Berdintasun Batzordeko PSEko bozeramaileak ere erasoa irmo gaitzetsi du, eta ustezko erasotzaileren adin gaztea nabarmendu du hark ere. Arduratuta.

Irungoa ez da, gainera, egunotan gizon gazteek egindako genero indarkeriako kasu bakarra. Oiartzunen (Gipuzkoa) 24 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak bikotekidea jotzea egotzita. Goizaldeko bostak aldera jaso zuten deia. Antza, erasoa dantzaleku baten barruan hasi zen eta atera zirenean heldu zen Polizia. Hainbat lekukok jakinarazi zuten gizonak emakumea «behin eta berriz modu bortitzean» jo zuela. Berehala atxilotu zuten ertzainek.

Horretaz gain, igande eguerdian Getxoko Udaltzaingoak 33 urteko gizon bat atxilotu zuen Algortan (Bizkaia), emakumeen aurkako indarkeria leporatuta. Udaltzainen arabera, bikotekidearekin eztabaidan ari zela paretaren kontra «bortizki» bultzatu zuen.

Keltse Eiguren Getxoko Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak erasoa gaitzetsi du.

 

Araban hasi dute tratu txarrak eman dituzten gizonentzako programa



Tratu txarrak eman dituzten gizonentzako heziketa programa martxan dago atzotik Araban. Tratu txarrak eman baina kartzela zigorra jaso ez duten gizonentzat bideratuta dago hiru hilabeteko terapia. Programa hori Gipuzkoan eta Bizkaian indarrean zegoen aurretik, eta, EAEko hiru hiriburuetan ezarrita, baldintzak betetzen dituzten gizonen %15i programa eskaintzea lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia