Katalunian bai, hemen ez
Katalunian zezenketak debekatzeko eskatu duen ekimen legegilea erreferentea izan daitekeela diote zezenketen aurkakoek
Jaurlaritzak araudia aldatuko du, EAEn zezenketak egiten jarraitzea bermatzeko
Maite Asensio - Mikel Peruarena.
Katalunian aurrera egin du zezenketak debekatzeko eskatzen duen herritarren ekimen legegileak. Orain arte, bederen. Kataluniako Parlamentuak abenduaren 18an onartu zuen eskaria eztabaidatzea; talde politikoek aldaketak aztertu eta Parlamentura itzuliko da lege ekimena, bozkatzeko. Zalantza airean da, zezenketak behin betiko bukatuko ote diren Katalunian. Euskal Herrian, ordea, ez du itxurarik antzeko lege batek bidea egingo duenik, oraingoz behintzat. Eusko Jaurlaritza Zezenketen Araudia berritzen ari da, hain justu, baina kontrakoa da xedea, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak adierazi duenez: «Euskadin zezenketak egiten jarraitzea, oso sustraituta baitaude euskal gizartearen parte batean».
2008ko azaroan berritu zuen Jaurlaritzak araudi hori, baina «zorrotzegia» zela eta, dezenteko eztabaida eragin zuen zezenzaleen artean: zenbait toreatzailek Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara ez joateko mehatxua egin zuten, eta zezenketa antolatzaileen elkarteak helegitea jarri zion erreformari EAEko Auzitegi Nagusian. PSE-EEko gobernuak araudia indargabetu zuen iragan ekainean, eta Aresek iragarri zuen «ezadostasunak zituzten puntuak» aldatuko zirela zezenzaleekin adostuta. «Kataluniako eztabaida ez da hemen izaten ari dena», ohartarazi zuen Aresek abenduaren 17an.
Zezenzaleen Bizkaiko Federazioko presidente Vicente Gonzalezek ere «baretuta» ikusten du egoera. «Bartzelonako horrekin guztiarekin lasai dago dena: zezenketak egiten jarraituko da», esan du. Zezenketen aurkakorik badagoela onartzen du Gonzalezek, baina ez du uste Kataluniakoaren antzeko ekimenik bultzatzeko adinako indar dutenik: «Hau toreatzaile lurra da. Herri guztietako festetan izaten dira zezenak, bigantxak... Ez dut uste hemen astindu handirik egongo denik».
Zezenketen aurkako taldeak horren jakitun dira. Mugimendu animalista oso gaztea da Euskal Herrian, PACMA Animalien tratu txarren eta zezenketen aurkako alderdiak EAEn duen bozeramaile Lorea Burgesek azaldu duenez. «Katalunian duela hamabost urte zegoen bezala dago hemen mugimendua gaur egun». Horren seinale, datu bat: Kataluniako 70 udalerrik jo dute beren burua zezenketen abolizionistatzat; Euskal Herrian, aldiz, bakarrak egin du hori, Sopelak (Bizkaia).
Dena den, zezenketen aurkarien artean itxaropena piztu du Kataluniako herri ekimen legegileak. CRAC Comite Radicalement Anti Corrida taldeko kide Jenofa Cuissetek «biziki kontent» hartu du erabakia. Legea oraindik onartu ez duten arren, «urrats ttipia» dela uste du CRACeko kideak. Euskal Herrian zein Frantziako hegoaldean, Kataluniako ekimena erreferentzia izan daitekeela gaineratu du: «Pasatzen bada, fite joanen da beste eskualdeetan, baina goizegi da oraino». Bere aldetik, zezenketen amaiera eskatzeko sinadurak biltzen ari da CRAC, eta 169 lagunenak eskuratu ditu orain arte Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.
Lege egitasmoak Katalunian zer bide eginen duen beha daude CRACeko kideak, eta horren arabera aztertuko dute Frantzian antzeko egitasmoren bat aurkeztea. Bitartean, orain arteko lanarekin jarraituko du CRACek, zezenketen aurkako izenpetzeak biltzen, esaterako. Jean Grenet Baionako auzapezari ere zezenketen inguruko gastuei buruzko galdera egina zion taldeak, baina oraino ez die ihardetsi. Irailean zezenketen aurkako protesta egin zuten Baionan; egun hartan, gazte gutxi ikusi zituzten zezenketara sartzen. «Ene ustez, hilko da zezenketa», dio Cuissetek.
«30-40 urtekoek jarrera pasiboa dute zezenketekin, gustuko ez izan arren. Aldiz, 20 urteko gazteak aktiboagoak direla ikusten ari gara», erantsi du Lorea Burgesek. Zezenketek gazteak erakartzen ez dituztela eta, zaletasunak «heriotza naturala» izango duela uste du: «Zezen-plazak ez dira betetzen zaletasun handia dagoelako, baizik eta diruz lagunduta daudelako eta gonbidapen asko ematen direlako. Hori frogatuta daukagu». Hartara, erakunde publikoek diru laguntzen bidez zezenketak babestea deitoratu du: «Administrazioetan oso barneratuta dago zezenketak diruz lagundu behar direla, eta horrela asko luzatuko da berezko heriotza».
Legea, eztabaida zabaltzeko
Era berean, Kataluniako ekimenaren ondorioz, zezenketei buruzko eztabaida plazara aterako dela dio Burgesek: «Animaliekin ez gara oso enpatikoak, eta hori arazoa da. Orain arte, zezenketen aldekoak eta aurkakoak geunden, eta erdian posizionatu gabeko jende asko zegoen; eztabaidak erdian dauden horiek mugiaraziko ditu». Zezenketen aurkako mugimendua indartu arren, zail ikusten du antzeko ekimenik Eusko Legebiltzarrera heltzea: «Animalien babeserako estatu zein eskualde legeek salbuespentzat hartzen dituzte zezenketak, eta alderdi politikoek ez dute mugimendu animalista ordezkatzen».
Baina animalien eskubideen defentsarako taldeen borroka ez da hor amaitzen. Zezenketak debekatzeko eskakizunaren atzean animalien eskubideak aitortzeko eskaera dago. Bada, zer gertatuko litzateke sanferminetako entzierroekin? Denok Animaliak taldeak entzierroen aurkako zenbait kale ekimen bultzatu ditu Iruñean, eta sostengu handia jaso du. Lorea Burgesek dio ez dagoela heriotzarik gabeko zezenketekin konformatzerik: «Animaliek, fisikoki ez ezik, emozionalki eta psikologikoki ere sufritzen dute. Eztabaida horretan hausnartu behar dugu animaliak nahi dugunerako erabiltzen jarrai dezakegun edo ez».
44
Gabonetan etxeko abererik ez erosteko eskatu dute
Portugalgo telebistak ezin du zezenketarik eman egunez
357
26
Kanaria Uharteetan 1991n debekatu zituzten zezenketak
Alejandra Garcia.
Prou! plataformako kideaMugimendu animalista indartsua du Kataluniak, eta, ondorioz, behar adinako sostengua bildu du Prou!-k sustatutako ekimenak. Zezenketen inguruko interesei buruzko eztabaida plazaratzea espero dute orain.
«Animaliekiko tratuaren bilakaera etikoari ate guztiak ireki beharko litzaizkioke»
M. Asensio.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
