Euskal presoen eskubideen alde konpromisoak hartzeko eskatu dute
Jendetza elkartu da Bilbon, manifestazioan, preso politikoen eskubideen urraketak salatzera eta hari amaiera emateko eskatzera
Alderdi politikoetako, eta kultura zein sindikatu arloko ordezkari ugari izan dira
Mikel Carramiñana.
BilboDebekuen gainetik eta ezohiko ibilbidearekin eginda ere, milaka eta milaka lagun kalera atera ziren atzo Bilbon euskal presoen eskubideen alde. Dagozkien eskubideen jabe, euskal presoak Euskal Herrira lelopean, hiriburuko Kale Nagusia bete zuen jende uholdeak. 2010a euskal presoen eskubideen alde konpromisoak hartzeko urtea izan dadin eskatu zuten senideek. Etxerat-en deialdia debekatu ostean, alderdiek egindako deialdiarekin bat egin zutenek Jesusen Bihotzean zuten elkartzeko ordua, presoen aldeko manifestazioak betidanik Aita Donostia plazan hasi badira ere.
Abiapuntua aldatzeak ez zuen Euskal Herriko lurralde guztietatik etorritako lagunen elkartasun keinua eragotzi eta, bostak aldera, jendez gainezka zeuden espaloiak, manifestazioa hasi aurretik. Bukaerarako ere, martxaren burua udaletxera heldu zenean, asko artean Moyua plazan zeuden.
Preso bakoitza ordezkatuz senide bat, eta, hala, bost zutabe osatzen dituzte urtero, bakoitzaren senidearen argazkia eskuan daramatela. Aurten lehenengo aldiz ez dituzte argazkiak eraman, debekuak direla-eta, kamisetaren batean salbu.
Zutabe bakoitzeko lehenengoak Etxerat-en ikurra zeraman, argiontzia, eta, guztien aurretik, presoak herriratzeko aldarrikatzeko bandera erraldoi bat zeramaten. Buruaren hirugarren tokian, Etxerat-en zapia jantzitako senideen eskuetan zegoen pankarta. Ondoren, elkarretaratzera deitu zuten alderdi politikoetako ordezkariak zihoazen.
Manifestazio jendetsua izan zen atzokoa, istilurik gabekoa baina, hala ere, Ertzaintzak zorrotz zaindua. Manifestazioaren buruan eta amaieran hainbat furgoi ibili ziren, eta, horrez gain, Ertzaintzaren helikopteroa ere ibili zen. Aurretik, Durangon Guardia Zibilaren errepide kontrolak izan zirela salatu zuen Etxerat-ek.
Euskal presoen aldeko oihu ezagunak entzun ziren ibilbidean: «Euskal presoak Euskal Herrira!», «presoak kalera, amnistia osoa!» eta «bakerik ez amnistiarik gabe!». Independentziaren aldeko eta Jon Anzari buruz galdetzen zuten oihu ugari ere izan ziren. Ohi bezala, Kalera borrokalari eta Hator, hator abestiak kantatu zituzten.
Euskal gizarteko ordezkaritza
Ordezkaritza politiko zabala bildu zen pankartaren atzean. Ezker abertzaletik, besteak beste, Jone Goirizelaia, Tasio Erkizia, Rufi Etxeberria, Arantza Urkaregi eta Joserra Etxebarria izan ziren. Aralarretik, berriz, Patxi Zabaleta, Oxel Erostarbe eta Jon Abril. Eusko Alkartasuneko buruzagiak ere Bilbon ziren, hala nola Pello Urizar, Ikerne Badiola eta Maiorga Ramirez. Alternatibatik Oskar Matute eta Ander Rodriguez. Abertzaleen Batasuneko Mertxe Colina ere han zen.
Beste zenbait ezagun ere izan ziren presoen eskubideen aldeko mobilizazioan: besteak beste, Egunkaria auziko auzipetu Martxelo Otamendi eta Iñaki Uria, Eñaut Elorrieta kantaria eta Uxue Alberdi, Jon Maia eta Miren Amuriza bertsolariak. Sindikatuen aldetik, ELAko Adolfo Muñoz eta Amaia Muñoa eta LABeko buru Ainhoa Etxaide bertaratu ziren. Horiez gain, EHNEk, EILASek eta ESK-k ere bat egin zuten.
Elkartasun keinuak
Ibilbide osoan zehar, ehunka izan ziren presoen senideak agurtu eta besarkatzera hurbildutakoak. Manifestarien berotasuna eta elkartasuna sentitu zuten senideek. Guztien izenean, Oihane Ozamiz eta Jon Fano senideek eskerrik beroenak eman zizkieten Bilbon bildutakoei.
Adarraren eta txalapartaren doinuekin hasi zen ekitaldia udaletxean. Maia eta Amurizaren bertsoen ostean, Espainia eta Frantziako espetxeetan 746 preso daudela gogorarazi zuten: «746 hutsune, taupada eta sentimendu, 746 olio lanpara bidea argitzeko». Ozamizek «itzela» iritzi zion atzokoari, eta ehunka kilometrora daudenak ere entzuteko moduko txaloa eskatu zien manifestariei: «Elkartasunak toki erraldoia egin du , eta Estatuaren estrategia kriminala deuseztatu dugu».
Azken hilabeteetan izan diren senideen kontrako «miaketa eta umiliazio saioak» gogor salatu eta «elkartasunaren jazarpenak etenik ez» duela izan salatu zuen Ozamizek. Horretarako sortu dituzten bitartekoek, alabaina, arrakastarik ez dutela izango ziurtatu zien manifestariei.
Hasi berri den urtea, Fanoren arabera, eragile politiko eta sozialei «konpromiso zehatzak eskatzeko» izango da. Espainiako espetxe politikaren «xantaia» bukatzeko ordua dela esan zuen, eta, senideek «etengabe salatuko» dituztela presoek pairatzen dituzten baldintzak. «Xantaiari elkartasuna areagotzen erantzungo» diotela gaineratu zuen.
746
Auzitegi Nazionalak baimendu egin du
Argazkirik gabe, baina betiko moduan egin dute martxa
Bandera ugari ikusi dira Bilboko kaleetan
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
