Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 19:57

EUSKALHERRIA;2010-01-02;Presoen eskubideen aldarriak oihartzuna izango du gaur Bilbon. ELA, LAB, Lokarri, Bai Euskal Herriari eta diasporako Eztabaida Guneak bat egin dute alderdi politikoen deialdiarekin Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Jesusen Bihotza plazatik eta udaletxean bukatuko

Presoen eskubideen aldarriak oihartzuna izango du gaur Bilbon

ELA, LAB, Lokarri, Bai Euskal Herriari eta diasporako Eztabaida Guneak bat egin dute alderdi politikoen deialdiarekin

Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Jesusen Bihotza plazatik eta udaletxean bukatuko

Xan Harriague.

Deitzailea ezberdina izan arren, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa berdin-berdin eginen da gaur Bilbon. 17:30ean abiatuko da Jesusen Bihotza plazatik Euskal presoak Euskal Herrira dagozkien eskubideen jabe lelopean. Moyua plazan barna ibili ondotik, udaletxe atarian bukatuko da. Espainiako Auzitegi Nazionalak Etxerat-en lehen deialdia debekatu zuela ikusirik, ezker abertzaleak, Aralarrek, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Abertzaleen Batasunak bat egin dute euskal presoen eskubideen alde kalera ateratzeko deialdia plazaratzeko. Orduak pasatu ahala hainbat eragileren babesa jaso du.

Aste hasieran, Dignidad y Justiciak Etxerat-en manifestazioa debekatzeko eskatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalari «Askatasuna eta legez kanpoko antzeko taldeen» babesa zuelakoan, eta joan den urteko manifestazioan presoen argazkiak erakutsi zirelakoan. Asteazkenean Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Ismael Morenok, eskaerari men egin zion eta manifestazioa debekatzeko erabakia hartu zuen «terrorismoa goraipatzeko arriskua» zegoelakoan.

Eusko Jaurlaritzak debekuaren berri eman, eta berehala hasi ziren erreakzioak zabaltzen. Biharamunerako, ostegun eguerdirako, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, Alternatibak eta ABk prentsaurreko bat deitu zuten bigarren deialdi bat iragartzeko, lelo eta ordu berean, baina abiapuntuan aldatuz Aita Donostia plazatik Jesusen Bihotza plazara. Ezker abertzalearen izenean Tasio Erkiziak parte hartu zuen, Aralarren izenean Jon Abril alderdiko koordinatzaileordeak, Eusko Alkartasunaren izenean Pello Urizar alderdiko idazkari nagusiak, Alternatibaren izenean Jon Lasa Donostiako zinegotziak eta Abertzaleen Batasunaren izenean Mertxe Colinak. Adierazpen askatasunaren eta biltzeko eskubidearen «urraketa zuzentzat» jo zuten manifestazioaren debekua, eta «Euskal Herria ukazio egoeran edukitzeko ongi diseinatutako estatu estrategiaren» barruan kokatu.

Beraienak egin zituzten lehen deialdia plazaratzeko Etxerat-ek azaldutako arrazoiak. Gogorarazi zuten milaka direla Espainiako eta Frantziako espetxeetan «baldintzarik kaxkarrenetan» egon behar izan dutenak. «Euren eskubideak behin et berriz zapalduak izan dira». Gisa berean salatu zituzten, sakabanaketa, bizi guztiko zigorrak, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak espetxean edukitzea, bakartzea, mehatxuak, kolpeak, irainak, jipoiak, komunikazio bortxaketa «etengabeak» eta lekualdaketa «erabat arbitrarioak».

Azken hilabeteetan presoen senide eta lagunen aurkako erasoak gora egin dutela nabarmendu zuten, kontrolak, mehatxuak, irainak, presoen argazkiak erakusteko debekua eta ukimenezko miaketak gogora ekarriz. «Espetxe politika kriminala» bukatzeko nahiko arrazoi badaudela uste dute, eta denen artean «izugarrizko elkartasun uholdea» osatzeko deia egin zuten.

Herenegun bigarren deialdia plazaratu zutenetik, ELAk eta LABek bat egin dute haiekin eta bost alderdi horiek zoriondu nahi izan dituzte ekimen anitz bat bultzatzeko gaitasunagatik. Lokarrik ere bere atxikimendua erakutsi dio, eta Espainiako Gobernuari eta Justiziari eskatu die «murrizketen bidea» alde batera uzteko. Bai Euskal Herriari-k bat egin du bost alderdi horiek ateratako argudioekin, eta azpimarratu du «inoiz baino garrantzi handiagoa» duela gaurko manifestazioak. Uruguaiko eta Argentinako euskal diasporaren Eztabaida Guneak ere bat egin du.

Bigarren deialdi horren deitzaileen zein atxikimendua eman diotenen eragileez gain, bertze hainbatek gogor kritikatu dute Espainiako Auzitegi Nazionalaren debekua. Hamaikabatentzat desegokia izan da, eta «normalizaziorako kaltegarria». EBrentzat, botere abusua izan da. EAko eta Aralarreko gazteak ere ez dira isilik egon. Iratzarrik esan du debekuen gainetik Etxerat-ekin bat eginen duela, eta Gazte Abertzaleek, berriz, demokraziaren aurkako eraso argia izan dela.

Manifestazioa



Deitzaileak

Ezker abertzalea

Aralar

Eusko Alkartasuna

Alternatiba

Abertzaleen Batasuna

Atxikimenduak

ELA

LAB

Lokarri

Bai Euskal Herriari

Diasporako Eztabaida Gunea

Manifestazioa debekatzeko eskatu dute

PP eta Dignidad y Justiciaren ustez, bigarren deialdia Espainiako Legeari egindako iruzurra da

Erredakzioa.



Ezker abertzaleak, Aralarrek, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Abertzaleen Batasunak euskal presoen eskubideen alde gaurko deitutako manifestazioa debekatzeko eskatu dute PPk eta Dignidad y Justiciak. Dignidad y Justiciak Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu dio, eta Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari.

Dignidad y Justiciak legeari iruzur egitea leporatu die bost alderdi politikoei, baita «Espainiako Estatuari desafioa» botatzeko asmoa ere. Auzitegiaren esku utzitako txostenean gogorarazi du herritarren ordezkariak direla eta. horrenbestez, justizia erabakiak errespetatzera behartuta daudela. Manifestazioa onartzen badu, hura hurbiletik zaintzeko eskatu dio Dignidad y Justiciak Auzitegi Nazionalari, eta presoen argazki batzuk agertzen badira, hura desegiteko.

Urquijok bat egin du Dignidad y Justiziak ateratako ondorioekin eta Herrizaingo Sailari manifestazioa berehala debekatzeko eskatu du. Legeari egindako iseka da, haren erranetan.

Gai horri buruz Txarli Prieto PSE-EEko Arabako idazkari nagusiak adierazi du kalean kabitzen den aldarri bakarra ETAren bukaerarena dela. Gaineratiko guztiak «bizitza publikoaren guduxkak» dira, haren ustez. Manifestazioaren balizko debekuari buruz ez du iritzirik eman.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia