Iranek aitortu du hamabi lagun hil direla asteburuko borroketan
Gobernuaren aurkako manifestazioetan ehunka lagun atxilotu dituzte, tartean oposizioko hainbat buruzagi
Gertatutakoa saihesteko modua bazegoela salatu du Amnesty Internationalek
Arantxa Elizegi.
Joan den ekainean piztutako krisi politikoak nabarmen egin du okerrera azken egunetan Iranen. Hainbat astez ezkutuan egon ostean, berriz ere kalera irten dira asteburuan oposizioko jarraitzaileak. Irango segurtasun indarrek, baina, ohartarazia zieten erantzuna gogorra izango zela. Eta hala izan da. Hasieran Gobernuak liskarretan hildakoak izan zirela ukatu bazuen ere, azkenean gutxienez hamabi lagun hil direla onartu behar izan du. Mir Hussein Mousavi buruzagi erreformistaren iloba da biktimetako bat. Haren anaia Rezak, gorpua desagertua zegoela salatu zuen atzo. «Inork ez du desagertzea bere gain hartu nahi, eta inork ez digu azalpenik eman». Aldiz, Gobernuko iturriek jakinarazi dute gorpuak polizia etxean daudela autopsia egin zain.
Hossein Ali Montazeri aiatolaren heriotzak -abenduaren 19an hil zen etxean atxilotuta zegoela- berritu egin zituen joan den astean oposizioaren protestak, eta asteburuan, Ashura-ren jaia baliatuta, ehunka mila lagun bildu ziren hiri nagusietan. Mahdi Karroubi oposizioko buruak 1979an boteretik kendutako xah-rekin alderatu du Gobernuak manifestariekin izandako jarrera. «Zer gertatzen da Ashura egun santuan errugabeak hiltzeko agindu duen sistema erlijioso honekin? Zergatik agintariek ez dute egun sakratu hau errespetatzen?».
Irango Poliziako buruak, Ahmad-Reza Radanek, onartu zuen hamabi lagun hil zirela igandeko protestetan; baina haren esanetan, segurtasun indarrek beren buruak defendatzeko egin zuten tiro, eta biktimarik egon bazen, «oposizioko kideen arteko borroken ondorioz» izan ziren. Aldiz, lekukoek diote poliziek tiroka hartu zituztela protestan ari zirenak. Mousaviren ilobak berak bularrean jaso zuen tiroa, eta hilik zegoen erietxera iritsi zenerako.
Atzerri ministro ohia preso
300dik gora lagun atxilotu dituzte Irango hiri nagusietan asteburuko manifestazioez geroztik. Horretaz gain, oposizioak salatu du Interneten erabilera mugatu eta Gobernuarekiko kritikoak diren webguneak itxi egin dituztela. Horretaz gain, sakelako telefonoak erabiltzeko arazoak ere badituzte. Nazioarteko kazetariei, berriz, debekatu egin diete manifestazioen berri ematea, eta baita haien irudiak hartzea ere.
Parlemannews webgunearen arabera, atxilotuen artean daude Mohammad Khatami presidente ohiaren gertuko bi lagun eta Mir Hussein Mousaviren hiru aholkulari. Horietaz gain, baina, Ibrahim Jazdi, Atzerri ministro izandakoa eta giza eskubideen aldeko ekintzailea, eta haren iloba atxilotu zituen Poliziak. Legez kanpo utzitako Mugimendu Askea alderdiko burua da Jazdi. Mohamad Reza Pahlevi xah boteretik kendu zuen mugimenduko bultzatzaileetako bat izan zen Jazdi, eta Atzerri ministro aukeratu zuten iraultza osteko lehen gobernuan. Gobernuko kargu nagusiak erlijioburuen esku geratzen zirela kusita, ordea, dimisioa eman zuen. Ekaineko hauteskunde iruzurra salatzeko protestetan atxilotu zuten lehen aldiz, eta geroztik behin baino gehiagotan sartu dute preso. Jazdiren semeak, Khalil Jazdik, gaitzetsi egin ditu atxiloketak: «Ekintza lotsagarria eta arduragabea da. Oposizioa isilarazi nahi dute».
Teherango bere etxean atxilotu dute, halaber, Emad e Din Bagi historialari eta kazetaria. Bagik nazioarteko sari ugari jaso ditu bere lanagatik, eta oposizioarekin bat egin zuen Mahmud Ahmadinejad presidentearen politikak salatzeko. Preso hartu duten beste bat da Ali Reza Bahesti Shirazi, Mousaviren aholkularia.
Asteburuko gertakariek nazioartearen kritikak eragin dituzte. Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundeak salatu du indarkeriak saihesteko aukera izan zuela Gobernuak. «Iranen indarkeria zurrunbiloa hazten ari da, eta Poliziaren gehiegizko indarkeriak orain arte ikusi ez den erresistentziari egin behar dio aurre», nabarmendu du Hassiba Hadj Sahraui, AIk Ekialde Hurbila eta Afrika iparralderako duen ordezkariak. Amnestyk giza eskubideen urraketak ikertzeko ere eskatu dio beste behin Teherani.
Europako nahiz AEBetako agintariek ere gaitzetsi dute Iranen gertatutakoa, eta borrokak eteteko eskatu diote Ahmadinejaden erregimenari. «Giza eskubideak eta eskubide politikoak errespetatu egin behar ditu Iranek, batez ere adierazpen askatasuna», adierazi du Alemaniako kantziler Angela Merkelek.
Sei hilabete protestan
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
