Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 19:53

HARIAN;2009-12-29;EUSKARA IPAR EUSKAL HERRIAN. MAHAI-INGURUA. Legeari beha, hizkuntzaren geroa hizpide. Egindako lana aztertu, eta etorkizunerako hizkuntza politikaren oinarriak erabakitzeko eztabaida betean da EEP. Ildo horiez solastatu dira EEPko zuzendaria eta Aholku Batzordeko kideak.

Egindako lana aztertu, eta etorkizunerako hizkuntza politikaren oinarriak erabakitzeko eztabaida betean da EEP. Ildo horiez solastatu dira EEPko zuzendaria eta Aholku Batzordeko kideak.

Legeari beha, hizkuntzaren geroa hizpide

Aitor Renteria.

Uztaritze

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) bere ibilbidearen bilduma egin du berrikitan. Egindako lanaren azterketa egiteaz gain, 2010-2016 aldirako hizkuntza politikarako norabideak onartu zituen, abenduaren 15ean eginiko bilkuran. Bi egitasmoen arteko gontza eginen du 2010. urteak. Horri begira, egindako lanaren eta erronken balorazioa egin dute Estebe Eiherabide EEPko zuzendariak, Ione Josie Kontseiluko Iparraldeko arduradunak, Jakes Bortairu AEK-ko Ipar Euskal Herriko arduradunak eta Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.

Egindako lanaren bilduma guztietan badira gazi-gozoak, alde baikor eta ezkorrak. Iritzi orokor bat eman dezakezue?

Estebe Eiherabide: Transmisioaren alorrean, emaitza onak ditugu, eta kontent gara. Aldiz, erabileraren alorra ez dugu aski jorratu eta ondoko urteotako erronka izanen da.

Hur Gorostiaga: Gauza anitz ongi egin dira, baina badira oraindik anitz gauza egiteko. Helburua baldin bada gure hizkuntza aitzinera ateratzea eta salbatzea, Ipar Euskal Herriko gizartea euskaldundu nahi baldin badugu, bada lan handia egiteko, arloz arlo, eta orokorrean ere bai. Euskalgintzak egin duen lanari esker ikusmoldeak aldatu dira. Garai batean edozein mintzo zen euskararen aurka. Egun ez da horrela, eta pentsatzen dut hizkuntza politika publikoa plantan ezarri denetik aldeko politika ere sentitzen dela.

Ione Josie: Transmisioarekin batera, erabileraren beharra nabarmendu eta lehentasun bilakatuko da. Euskalgintzaren aspaldiko aldarria da hori. Hizkuntza bat irakasten bada ere, ez da bortxaz indartuko, edo bermatuko, erabilera. Hizkuntza politikaren muga batzuk ere agertu dira, lege eskasak sortutakoak. Uste dut EEPk berak aitortu dituela muga horiek. Hor daude SNCF tren konpainiaren kasua eta Postarena. Mugak ere aurrekontuari dagokionez. Aurrekontu eskasez, baliabide eskasez, hainbat ekimen bertan behera gelditu dira, eta hori aitortzea positiboa da.

AEKren ikuspegitik ere izan dira alde onak eta txarrak?

Jakes Bortairu: Orain solaskide bat dugu parean, EEP, antolatua eta instituzionala. Noski, baditu mugak, baina hor da, eta ez da gutxi kontuan hartzen badugu herri honetan ez dagoela bertze egitura edo ezagupen ofizialik. Elementu ezkorrak anitz dira arloz arlo, baina EEPk berak osatu duen txostenean agertzen dira hutsuneak. Herri mugimenduetatik izan dugun etsipenik handiena herriko etxeen ildoa da. Euskal Konfederazioak abiatu zuen lan hori. Lekukoa pasatu geniolarik EEPri, pentsatzen genuen haren eskutik ildo horrek itzal handiagoa ukanen zuela. EEPk berak aitortzen du ezin izan duela ildo hori garatu, baliabide eskasagatik. Ez du eman guk espero genuen bultzada.

EEP abiatu zelarik, hizkuntza politika egiteko plan orokor bat osatu zen. Geroan ildo batzuk hobetsi eta bertze batzuk bazterrean gelditu dira. Zer erran nahi du horrek, alde batetik egiazko beharrak daudela eta bertze aldetik baliabideek inposatzen dutela hautua?

E.E.: EEP sortu zelarik, hizkuntza politika zer den zehazten hasi ginen. Urtebete iraun zuen lan horrek, eta 2006ko abenduan bozkatu zen hizkuntza politikaren xedea. Dokumentu horretan agertzen dira orain aipatzen ditugun lan eremuak, hala nola transmisioa eta erabilera. Eraginkorrak izan nahi badugu, bi eremuetan egin behar da lana. Hizkuntza bat ikasten bada baina ez bada baliatzen, gizartean baliatzeko hizkuntza ez bada, eskolara mugatua dagoen hizkuntza izateko arriskua sortzen da. Duela bost urte, haurren %25ek ikas zezaketen euskara eskolan. Kopuru hori %33koa da gaur egun. Emeki-emeki ideiak aldatzen dira, gizarteak eta hautetsiek onartzen dute euskarak behar duela leku bat bizi publikoan.

I.J.: Hizkuntza politika bat ausarta izan daiteke, baina hautu librean oinarritzen baldin bada, berez atzematen ditu mugak. Legeak ez du hori bultzatzen, eta, azken finean, eragile batek edo kontseilu batek ez badu urratsik egin nahi, deusek ez du behartzen. Lege eskasaren muga ageri da.

Irakaskuntza lehenetsi zen. Euskaldun osoak sortu eta belaunaldi gazteengan eragitea lortu nahi zuen EEPren xedeak. Zer iritzi duzue egindakoaz?

E.E.: Osotasunean landu dugu irakaskuntza, bai Seaskarekin, bai eskola kristauekin eta bai publikoarekin. Hiru sareetan azkarki emendatu dira kopuruak. Lehen mailako ikasleen artean, herenek segitzen dute hezkuntza elebiduna. Bi eskola publikotik batek eskaintzen du euskara ikasteko parada. Aldiz, puntu ezkorragoak badaude. Bigarren mailan ez da bermatzen irakaskuntza elebidunaren segida, eta lanbide prestakuntzan eta laborantza eskoletan ez gara aitzinatu.

Hautu librearena aipu hartuta, zergatik oinarri hori? Korsikan, adibidez, korsikeraz ikasi nahi ez dutela diotenek frantsesez ikasten dute eta bertzeek bi hizkuntzetan?

E.E.: Hautetsien eta Estatuaren arteko akordioa da. 2000. urtean hautu librearen xedea proposatu zen. Estatuak onartu zuen hizkuntza politika sostengatzea, baina oinarri horietatik abiatuta. Muga izan daiteke, baina baita baliatzen ahal dugun indargunea ere. Orain Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin lan egiteko prozedura bat daukagu. Herriko etxeekin biltzen gara, inkesta bat egiten dugu eta gurasoak bilkuretara gomitatzen. Hastapenean, eskola bat irekitzen delarik, ikasle kopuru txikia izaten da. Eskaintza arrunt bilakatzen delarik, gurasoen %60k hautatzen dute eredu elebiduna. Lapurdin, adibidez, kopuru hori%80ra hel daiteke. Hautua normala delarik, gurasoek erraz bereganatzen dute, baina lehen urrats hori egitea zaila da oraindik, zailena.

H.G.: EEPren ondoan bertze erakunde publiko batzuk bildu direlarik, era berean indarrak bildu dira horren parean. Hiru Sareta elkartea sortu da. Han biltzen dira Seaskaren murgiltze eredua, Euskal Haziak [eskola kristaua] eta Biga Bai eredu publiko elebiduneko gurasoen elkartea. Euskara oren gehiago behar dira, murgiltze eredurantz hurbildu behar gara. Ez da aski pare bat oren astean. Etorkizunari begira, Hiru Saretak eskakizun zehatza egin die Frantziako Hezkuntzako ikuskatzaileei eta errektoreei. Heldu den sartzetik aitzina eskola guztietan bederen irakasle elebidun bat egotea eskatzen dugu. Horrela ez da eredu elebiduna eskainiko eskola batzuetan, guztietan baizik. Lehen urratsa izanen da, ondoren murgiltze eredurantz abiatzeko. Seaska prest dago duen esperientzia partekatzeko gainerateko eragileekin.

EEPk sostengatuko du proposamen hori?

E.E.: Lehen mailan murgiltze eredua abiatzea bultzatu nahi dugu, publikoan eta pribatuan. Arlo pribatuko hamaika eskolatan abiatu da esperientzia, eta publikoan bertze bitan. Legez egiten ahal da, baina behar dugu Frantziako Hezkuntza Ministerioa konbentzitu. Eskolek urratsa egin nahi badute, lagunduko ditugu eta, gainera, saiatuko gara onarrarazten eskaera. Bigarren mailari dagokionez, okerragoa da kontua. Legeak dio oren parekotasuna atxiki behar dela. Kolegioen kasuan, gaur egun euskara bera eta Historia-Geografia baino ez dira eskaintzen euskaraz. Alsazian bertze hautu bat egin dute. Kolegio elebidun gutxiago dituzte, baina egiazko elebitasuna eskaintzen dute. Ondoko urteotan sakondu beharko dugu norabide horretan.

H.G.: Bigarren mailari doakionez, Errektoretzarekin hitzarmena osatzea proposatu dugu. Fillon Legeak baimentzen du tokika akordioak egitea. Gure ikasleek, ikasketa guztiak euskaraz egin ondoren, frantsesez egin behar dituzte azterketak. Euskaraz egin ahal izateko, Errektoretzarekin eta Bordeleko akademiarekin akordio bat finkatzea proposatzen dugu, estatu mailan esperientzia egiteko. Eta ez 2016rako, 2010erako baizik.

Estatuarekin negoziatzerakoan, Seaskarentzat lagungarri izan da EEP hor izatea?

H. G.: Bai. Uste dut EEPk bere eginkizuna hartu duela, eta publikoki eskertu dugu. Etapa garrantzitsua izan da. Seaskak 40 urte bete ditu, eta, hala ere, baditugu bertze gai batzuk zintzilik, ondoko negoziazio baterako. Aipatu dut azterketak euskaraz egiteko beharra, 2 urteko haurrak eskolatzekoa... Egoera soziolinguistikoa dagoen bezala, funtsezkoa da haurrak ahal bezain goiz hastea ikastoletan. Eta bertze muga bat badugu oraindik: eraikinen arazoa. Frantzian indarrean dagoen Falloux Legeak inposatzen digun muga, gu eskola laikoa izan arren. Hautetsiek aterabide bat atzeman beharko diote egoitzen arazoari.

Gainditu beharreko hainbat traba aipatu dituzue, eta oraindik hor da lurraldean eskaintza koherentea osatzeko erronka. Zer diozue?

J.B.: Ez da ahantzi behar Baionako topaketetan [François] Alfonsi eurodiputatuak aipatutakoa. Korsikan egoera aldatu zen, hango erakunde nagusiak mahai gainean ezarri zuelako gaia. Pentsatzen genuen aurten aspaldiko partez benetako aukera zegoela hizkuntza legea onartzeko. Azken unean Frantziako Gobernuak hitza jan du eta ez dugu hizkuntza legerik. Ikusi beharko da diputatuek proiektua eztabaidara eramatea lortzen duten. Ipar Euskal Herria kudeatzen duen koadro juridikorik ez egotea traba handia da. Euskalgintzak egin du, proposatu du, tiratu du, konbentzitu ditu hautetsiak, eta instituzio batzuk jokoan sartu dira. Baina ez dezagun amets egin. Estatua eta goi arduradun politikoak ez ditugu konbentzitu. Momentu batean hizkuntzaren alorrean behartuak sentitu dira bestelako politika bat eramatera. Etengabeko sokatira izan da, eta izanen da. Azken urteotan lortu dugu aliatuak egitea hemengo hautetsien eta herriko etxeen artean. Ildo horretatik segitu behar dugu, iritzi publikoa gure alde jartzeko. Deiadar manifestazioan ikusi da gero eta sektore gehiago ari direla euskararen alde. Euskarak behar dituen neurriak barneratzen ari dira. Bide horretatik segitu behar dugu eta, bitartean, egin daitekeen hizkuntza politika eraginkorrena plantan ezarri.

Legea ez deno ahal den guztia egin behar dela erran diozue, eta, aldi berean, legearen beharra nabarmentzen. Zer dio EEPk?

E.E.: Estatua EEPren barnean dago, eta EEPko zuzendari gisa erraten ahal dudan gauza bakarra zera da: guk dagoen lege esparruan egiten dugula lan. Izan dadila presidentea edo zuzendaria, herritar gisa ikusi dituzue beste leku batzuetan, eta gure pentsamoldea eman dugu. Baina zuzendari gisa ezin dut deus erran.

I.J.: Gure hizkuntza egoera diglosikoan dago. Gure eremua partekatzen du bertze hizkuntza batekin, baina ez du funtzio komunikatibo bera. Normalizazioa lortzeko, funtsezkoa da bi hizkuntzek estatus bera izatea. Berrikitan entzun dugu [Frantziako] Parlamentuan gaur egungo lege esparruak hainbat urrats egitea bermatzen duela. Gaur egungo lege esparruarekin orokortu daiteke murgiltze eredua? Ez. Hedabideetan kuotak ezar daitezke? Ez. Alor sozio-ekonomikoan euskararen egoera normalizatu daiteke? Ez. Lege esparruak ez ditu hainbat urrats egiteko aukerak ematen, eta mugak ezartzen ditu.

H.G.: Anitz aitzinatu daiteke oraindik, baina lege esparru egokiago batek lana erraztu eta esparru berriak irekiko lituzke. Frantziako Konstituzioak aitortzen ditu esperimentaziorako aukerak. Irakaskuntzan ez ezik, Ipar Euskal Herriko euskalgintzako gizarte eragileak prest daude arlo guztietan egiteko esperientzia hori, nahi izanez gero, bertze lurralde batzuetara hedatzeko hemengo esperientzia. Bertze lege bat balego, herriko etxeek aukera ukanen lukete eraikuntzak diruz laguntzeko. Hemengo hautetsiek ezin dute lege ezaren aitzakia baliatu geldirik egoteko.

Helburuak, epeak eta neurgailuak ezartzea proposatu zuten herri mugimenduek. Orain artean EEPk ez zuen horrelakorik onartzen. Nolako aldaketa ekarriko du horrek?

J.B.: Bi interpretazio mota egin daitezke. Ildo horretan ditugun oztopo guztiak ikusten ditugu: legerik ez dugu, diru aldetik beti eskas, baldintza politikoak ez ditugu, eta abar. Horrek arrunt jarrera ezkor batera eraman gaitzake; proposatzen zaigun hizkuntza politika horrek ez duela deus balio eta salatu behar dugula pentsatzera, alegia. Proposatzen zaiguna bakarrik ikustea litzateke bertze interpretazio bat. Ikusi behar da nondik abiatu garen. Printzipioen eta filosofiaren aldetik, egiazki, aurrerapauso handiak eman dira. Erabilera-transmisioa kate hori aitortzeari eta hizkuntza politikarako sailen berrantolaketari eman zaien garrantzia ikustea bertzerik ez dago. EEPk ere bere esperientziatik ikasi du. Helduen irakaskuntzari izaera estrategikoa aitortzen zaio, euskalgintzaren aspaldiko eskakizuna onartuz, eta lehentasunak finkatzeko irizpideak argitzen dira. Baina esparru mugatu batean gelditzen da, eta ezin dugu galdu helburuaren perspektiba. Herri mugimendukook saiatu gara adostasunaren bidez Aholku Batzordean ahal den neurrian eta dugun jakitatetik proposamenak egiten, hizkuntza politikaren proiektua ahal bezain eraginkorra izan dadin, dugun koadro mugatuan. Helburu konkretuak finkatzeko eskatu dugu, adierazteko zer lortu nahi dugun eta noizko. Eman dezagun, eskoletan noiz izanen dira haur guztiak euskararekin harremanetan, ez aipatzeko noiz izanen diren euskaldun oso. Herriko etxeen erdiek noizko ukanen duten hizkuntza plan bat, adibidez. Halako helburu zehatzak finkatu behar ditugu, ez preso egoteko horien baitan, baizik eta etapak markatzeko. Horrela ez bada, perspektiba galtzeko arriskua dago.

Noiz eta nola finkatuko dira helburu, epe eta neurgailuak?

E.E.: EEPk hitzartze fase bat proposatuko die ondoko hiruzpalau hilabeteotan Aholku Batzordeko kide guztiei, eta prozesu horretan bi puntu nahi ditugu jorratu: batetik, azpi-eremuak berretsi, zehaztu non emanen diren lehentasunak; bestetik, azpi-eremu bakoitzean helburu zehatzak nahi ditugu finkatu. Ekainerako gure norabideak doitu nahi ditugu.

Erabilera azkartzeko, aipatzen zen Posta, SNCF eta halako eragileetara jotzea. Orain, aldiz, eragile xumeagoak bilatzen dira. Zergatik?

E.E.: Landuko dugun lehen azpi-eremua bizi publikoa izanen da. Horretan nahi dugu politika bat zehaztu. Abiapuntutzat herriko etxeak eta herri elkargoak hartu ditugu, jadanik partaidetza batzuk baditugulako. Baina bertze alor batzuk badaude, hala nola hizkuntza dokumentuetan eta harrera zerbitzuetan erabiltzea. Hori izanen da lehen urratsa. Bigarren urratsean, ez bortxaz 2016. urtea baino lehen, helburu konkretuak ematen ahal ditugu STAB, ASF edo Postarekin. Baliabide gehiagoren beharra inposatzen digu.

I.J.: Kontseilua beti mintzatu da euskararen beharretatik, eta aspalditik zehaztu ditu hizkuntza politikarako oinarriak. EEPk barneratu ditu batzuk. Hizkuntza politikak gizarteko sail guztiak bildu behar ditu, ezin da batzuetara mugatu. Administrazio nagusitik hasi eta tokiko administrazioraino, denak hartu behar dira kontuan. Ez da bakarrik herri administrazioa, baizik eta berarekin harremanetan diren guztiak, Suprefetura barne. Hizkuntza eskubideak bermatzeko helburua ukan behar luke, Konstituzioak edo legeak ez digulako holakorik aitortzen. Ikuspegi osokoa izan behar da eta lurralde hizkuntzaren erabilera soziala normalizatua duena helburu. Alor sozio-ekonomikoa, norbanakoa eta espazio guztiak hartu behar ditu kontuan. Administrazioak bakarrik ezin du bere lana bururaino eraman, eta herri mugimenduak ere ez. Elkarren eskutik hartuz etor daiteke normalizazioa.

Paristik, Kultura, Hezkuntza eta Barne Ministerioko hiru ikuskatzaile jinen dira. Bermea eman dezakete, baina baita muga jarri ere xedeari.

E.E.: Dagoeneko jin dira, eta hainbat jenderekin solastatu dira. EEPk eskatu zuen horiek jitea. Zergatik? Estatuak ezagutza ofizial handiagoa ematea nahi dugulako. Hori da helburu nagusia. Haien txostenean izanen dira oharrak, noski. Baina helburu nagusia da Estatuari oroitaraztea hizkuntza politika beharrezkoa dela Euskal Herrian eta indartu behar dela.

Elkarlanaren ildoan mugaz gaindiko lana dago. Euskararen eremua hiru administraziotan banatua dago eta hiru legedi ditu. Horiek horrela, posible da euskara normalizatzea?

E.E.:Gure aldetik erraten ahal dugu EEPk eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat dugula, eragile pribatuak sostengatzeko. Nafarroako Gobernuarekin baditugu harremanak. Momentuko harreman horiek ez dira hitzarmenetan gauzatu. Beharbada gauzatuko da heldu diren hilabeteotan, baina Nafarroako Gobernuak beharko du onetsi.

I.J.:Kontseiluaren ikuspegitik, hiru administrazioek bat egiten dute puntu batean. Alegia, nehon ere ez dela egiten hizkuntza politika egokirik. Aspaldian proposatu zuen Kontseiluak euskararentzako esparru egokia lortzeko xedea, Hamar nagusiak izeneko dokumentua. Gaur egun administrazio bakar batek ere ez du hortik jotzen.

J.B.: Munduan zehar ez da hizkuntzarik berreskuratu legerik gabe eta, oraindik gehiago, estatu indarrik gabe. Baina hori erran ondoren zer egiten dugu, negar? Ez. Lan egitea da euskalgintzako eragileei gelditzen zaiguna, biharamun hobeen zain egon gabe. Ordulariaren aurkako borroka batean gaude, eta gauden egoeratik egin behar dugu urratsa, ahal delarik aldaketak eraginez.

E.E.: Ados gara euskararen beharretatik abiatu behar garela eta, bizitza sozialari dagokionez, osotasunean eragin behar dugula. Baina errealitatea hartu behar da kontuan. Azpi-eremuak jorratu nahi ditugularik, horien hautaketan bi irizpide ditugu. Batetik, eragin gehien ukanen duten neurriak eta, bertze alde batetik, errealitateak inposatzen diguna. Eremu batzuetan aitzinatzea errazagoa da. Bizitza publikoan euskara garatu nahi badugu, errazagoa da abiatzea herriko etxeetatik. Ez dugu dena batera lortuko.

I.J.: Argi dago maila ezberdinak daudela. Baina guk ez dugu sekula ahantzi zer behar dugun euskara normalizatzeko. Lehen aipatu ditudan Hamar nagusietan hizkuntza politika indartzeko funtsezko oinarriak biltzen dira. Hizkuntza guztientzat balio du eta gu ez gara salbuespen. Adibidez, estatusaren beharra. Ofizialtasunak bermatuko duelako hainbat urrats egitea. Demagun: hezkuntza sistema edo belaunaldi oso bat euskalduntzea, administrazioa eta alor sozio-ekonomikoa euskalduntzea, helduen irakaskuntzari funtzio estrategikoa aitortzea, hedabideetan kuotak finkatzea, aurrekontu egokiak edo hizkuntza politika egokia ezartzea plantan.

Xedeak diruaren arabera gauzatzen dira. Aurrekontua egokia da?

J.B.:Argi dago orain arteko aurrekontua mugatuegia zela politika orokorra eta arloz arlokoa eramateko. Zenbaki batzuk atera dira orain, baina ez dakit datorren urterako diren edo epealdi osorako.

E.E.: 2010. urtea trantsizio urtea da. 2011-2016ko norabidea finkatuko dugu datorren urtean. EEPren barnean dauden erakundeek onartu dute indar bat egin behar dela. Aurrekontua 520.000 euro emendatuko da.

Max Brissonek erran zuen 420.000 euro emendatuko zela. Oker zegoen?

E.E.: Bai, 520.000 euro emendatuko da. Iaz 2.500.000 eurokoa zen funtzionamendurako aurrekontu arrunta, eta aurten 3.056.000 eurokoa izanen da. Talde profesionalean zortzi lanpostu ditugu orain, eta datorren urtean hamabi lanpostu egonen dira, lau gehiago. Egiazko hizkuntza politika bat eraiki nahi badugu, langileak behar dira. Zuzendari gisa erran nahi nuke erakundeen arteko negoziazioak ez direla errazak izan. Urrats handi bat da, jakinez diru eskasa badela Estatuan, Akitanian eta Kontseilu Nagusian. Departamenduan, adibidez, kultur alorrean, gu izanen gara igoera izanen duten bakarrak.

 

Jakes Bortairu

AEK-ko Ipar Euskal Herriko arduraduna



Jakes Bortairu AEK-ko Ipar Euskal Herriko arduraduna da. Ipar Euskal Herriko euskalgintzako gizarte eragileak biltzen dituen Euskal Konfederazioko kidea ere bada, AEK-ko kide gisa. Horrez gain, Euskararen Erakunde Publikoan parte hartzen du, Aholku Batzordearen bilkuretan.



 

Estebe Eiherabide

Euskararen Erakunde Publikoko zuzendaria



Estebe Eiherabide 2008ko urriaren 16an izendatu zuten Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari. Jean Claude Iriarteren lekukoa hartu zuen, horrenbertzez, Eiherabidek. Hori baino lehenago, Leader+ programako zuzendaria izan zen Eiherabide, eta Seaskako zuzendari ere izan zen.



 

Hur Gorostiaga

Seaskako zuzendaria



2008ko martxoaz geroztik, Seaskako zuzendaria da Hur Gorostiaga kazetaria, urteetan Le Journal du Pays Basque kazetako zuzendari izandakoa. Euskal Konfederazioko kidea ere bada, eta Euskararen Erakunde Publikoaren Aholku Batzordeko bilkuretan parte hartzen du.



 

Ione Josie

Kontseiluko Ipar Euskal Herriko arduraduna



Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko arduraduna da, Ipar Euskal Herrian, Ione Josie; ildo politikoari buruz arduratzen da Kontseiluaren barnean. Hizkuntza Eskubideen Behatokiko kide izana da, Euskal Konfederazioan partaide da, eta Euskararen Erakunde Publikoaren Aholku Batzordeko kide ere bada.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia