Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 19:53

EUSKALHERRIA;2009-12-27;Bere burua hiltzen saiatu den presoa bisita gabe utzi dute. Puerto III kartzelatik Badajozkora eramango dutela eta, senideek ezin izan dute presoa ez batean ez bestean ikusi

Bere burua hiltzen saiatu den presoa bisita gabe utzi dute

Puerto III kartzelatik Badajozkora eramango dutela eta, senideek ezin izan dute presoa ez batean ez bestean ikusi

A. Laskibar.

Bilbo

Ezinegona ez zaie arintzen asteartean bere buruaz beste egiten saiatu zen Igor Gonzalez presoaren senideei. «Gaizki», egoera zer moduz dagoen galderaren erantzuna. «Oso gaizki», telefonoz harekin hitz egin dutenean nola aurkitu duten galdetzean esaten dutena. Gainera, presoa ikusi ezinik geratu dira asteburuan. Granadako espetxean zainak moztuta bere burua hiltzen saiatu zenetik ezin izan dute hurkoarekin egon. Eta asteartetik bertatik kartzelaz aldatzen ari direnez, asteburuan bisitatzeko aukera ere galdu dute. Bisita sekula baino premiazkoagoa zela jakinda, larritasuna areagotu besterik ez zaie egin senideei.

Astearte goizean moztu zituen zainak preso bilbotarrak. Zauria josi, eta arratsaldean bertan kartzelaz aldatu zuten. Kosta zitzaien nora eraman zuten jakitea, eta azkenean, ostegunean jakin zuten Puerto III espetxera eraman zutela. Hori jakin bezain laster, asteburuan bisita egin ahal izateko Cadizerako hegazkin txartela hartu zuten senideek. Baina hurrengo egunean, presoa kartzelaz berriz aldatuko zutela esan zieten. Badajozera eramango zutela larunbatean. Bisita galduko zutela esan nahi zuen horrek. Larunbatean behintzat ez zutela ikusi ahal izango. Hegazkin txartelak bertan behera utzi, eta atzo Badajozera iritsiko ote zen zain geratu ziren.

Atzo, ordea, presoaren deia jaso zuen Gonzalezen arrebak, Ainhoak. BERRIAri azaldu dionez, Badajozera gaur eramango zutela esan zioten presoari. Eta, atzo behintzat, Puerto III kartzelan jarraitzen zuen. Baina dagoeneko berandu zen. Ez zuten Cadizera joateko astirik. Eta gaur goizean handik aterako dutela espero denez, gaur ere ezin izango dute bertan bisitatu. Badajozera iristen denerako ere, berandu. Ordurako bisita orduak amaituta egongo dira. Hortaz, beste astebete itxaron beharko dute presoa ikusi ahal izateko.

«Nik esan diot iritsi bezain laster aurrez aurreko bisita lehenbailehen eskatzeko, baina ea noizko ematen diguten», dio arrebak zer egin ez dakitela aitortuta. «Ikusi beharra dut; aurrez aurrekoan edo kristal bidez, baina ikusi beharra dut. Ez dago batere ondo. Oso gaizki dago. Ez dio buelta eman, ez du hobera egin, eta ez du egingo tratamenduan jartzen duten arte». Premia larria dela badaki arrebak, eta neurriak berehala hartzeko presioa egin nahi du. «Bestela... hemen hilko zaigu».

Puerto III kartzelan izan duten egunetan, sarrerako moduluan izan dute Gonzalez. Ondorioz, ezin izan da egon beste euskal presoekin. Eta horrek momentu hauetan berebiziko garrantzia duela dio arrebak. «Norbait behar du alboan etengabe; konfiantza emango dion norbait», azaltzen du urduritasunaren urduritasunaz ahotsa dardarka jartzen zaiola.

Puerto III kartzelan dauden euskal presoen senideek Gonzalezenei jakinarazi dietenez, presoek baimen berezia eskatu dute kartzelan. Gutxienez bati Gonzalez ikusten uzteko eskatu dute, egoeraren larritasunaz ohartarazita. Arrebak atzo iluntzean ez zuen erantzunaren berri, baina esperantza handirik ere ez zuen, «kartzela hori bereziki gogorra delako».

Orain, Badajozera lehenbailehen iritsi eta halako kasuetarako protokoloa berehala ezarriko dioten esperantza dute senideek. Uneoro norbaitek lagunduta egongo dela, jarraipen berezia egingo diotela, eta tratamenduan berehala jarriko dutela. «Bestela, akabo».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia