Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 19:53

EUSKALHERRIA;2009-12-27;«Abertzaleok bat eginez jokatu behar dugu, frentismorik gabe». «Poloak eta beste deitura horiek» ez dira Aralarren hizkuntza politikoan sartzen. Zabaletaren irudiko, erabaki ahalmenaren eta «herri honetako ondareen» defentsa hitzartu behar dute abertzaleek. Ez besterik. Patxi Zabaleta. Aralarreko koordinatzailea eta Nafarroa Baiko eleduna

Patxi Zabaleta.

Aralarreko koordinatzailea eta Nafarroa Baiko eleduna

«Poloak eta beste deitura horiek» ez dira Aralarren hizkuntza politikoan sartzen. Zabaletaren irudiko, erabaki ahalmenaren eta «herri honetako ondareen» defentsa hitzartu behar dute abertzaleek. Ez besterik.

«Abertzaleok bat eginez jokatu behar dugu, frentismorik gabe»

Joxerra Senar.

Iruñea

Nafarroako 2011ko hauteskundeen azken eztabaida amaitu ondorengo egunean, asteazkenean, hartu zuen Patxi Zabaletak (Leitza, 1947) BERRIA Aralarren Iruñeko egoitzan. Uztailean, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroarekin Uxue Barkosek eta berak izandako bileraz eta Batasunaren barne eztabaidaz gogoeta egin du Aralarreko koordinatzaileak. Zabaletak argi du «poloak eta beste deitura horiek» ez direla Aralarren hizkuntza politikoan sartzen, eta alderdi abertzaleek elementu komun batzuetan bat egin behar dutela uste badu ere, argi du hortik ez dela indar politiko bat sortuko.

Nola sortu zen Perez Rubalcabarekin Madrilen egindako bileraren hitzordua? Noren ekimena izan zen?

Rubalcabaren ekimenez izan zen. Bilera ohikoa izan zen, eta ez zen Espainiako Gobernuko ordezkariekin egindako lehena. Aurtengo sanferminetan izan zen, eta berehala jakinarazi nuen hala Aralarren baitan nola NaBairen baitan. Ezker abertzaleko beste sektoreko batzuekin ere hitz egin nuen.

Zehazki zeri buruz hitz egin zenuten?

Batez ere bi gai jorratu genituen. Egoera politikoa eta espetxe politika. Elkarrizketa prozesuen porrotaren zergatiaz ere hitz egin genuen, baina zehazki espetxe politikaz mintzatu ginen. Mezu zehatz batekin joan ginen. Lehenik, sakabanaketa bidegabea da arrazoi ideologikoagatik. Bigarrenik, sakabanaketa ilegala da, eta teknikoki zigor gehitu bat Zigor Kodeari. Baina hirugarren argudio bat dugu, eta horretan ez gaude ados ezker abertzaleko beste sektorearekin. Presoen elkartzea balego, edo egon izan balitz, bilakaera ideologikoa askoz azkarrago egingo zen, eta eginen da. Argi eta garbi esan genion.

Zertan dago Gazte Abertzaleekin izandako ika-mika eta EAren azalpenak nahikoak iruditu al zaizkizu?

Pertsonalki ez dut ika-mika horretan parte hartu. Bigarrenik, ez dut deus eztabaidatzeko, eta ezin dut uneotan beste eztabaida bat ireki, baina jakin badakit asteartean, behintzat, Gazte Abertzaleek niri buruzko irainak oraindik zintzilik zituztela webgunean, eta niri ez didatela inolako azalpenik eman. Esan zutena iraingarria eta gezurra da. EAk bai. EA desmarkatu egin zen, eta pertsonalki deitu ninduten.

Udatik hona presoen argazkien aurkako kanpaina egin da, eta, azkenaldian, Etxerat-ek salatu du senideek oztopoak dituztela presoak bisitatzeko.

Bai. Argazkien afera horretan, ez dut esango lehendabizikoak izan ginela, baina bai lehendabizikoaren parekoak Aresen aurka atera ginenean. Bigarrena, zalantzarik gabe, giza duintasunaren eta eskubideen alde beti azaldu gara, eta orain ere egiten dugu.

Batasunak Altsasuko proposamena mahai gaineratu du. Zer diferentzia ikusten dituzu Anoetako proposamenarekin alderatuta?

Aldaketa batzuk azpimarragarriak dira. Batetik, Altsasuko adierazpenean Mitchell senatariaren printzipio ezagunak aipatzen dira, eta aintzat hartzen dira. Printzipio horiek ez dira inolaz ere neutralak, eta eduki garrantzitsua dute. Bigarrenik, bost atxilotuek atera zuten artikuluan alde bakarreko mugimenduen premia adierazten zen -guretzat oso garrantzitsua-. Hirugarrenik, Arnaldo Otegiri harrapatu dioten eskutitz horretan berriro Altsasuko agiriko printzipioen onespena egiten da. Urrats baikorrak dira. Baina badago Mugarri izeneko beste dokumentu hori, eta, aldiz, guri iruditzen zaigu bere edukia guztiz salagarria dela. Batetik, berriro ere markatzen du euskal politikarentzat eta zehazki ezker abertzalearentzat kaltegarria izan den egitura politiko militarraren eta abangoardiaren defentsa. Gu Mugarriren kontra zuzen-zuzen kokatzen gara. Salagarria, arriskutsua, kaltegarria eta, gainera, presoentzat ere kaltegarria da alde guztietatik. Hala ere, eztabaida horretan gauza berriak daude, eta ezin da hori mespretxatu, Alderdi Sozialistak eta neurri batean EAJren zuzendaritzak egin duten moduan.

Eztabaida ez da amaitu. Zer espero liteke?

Itxaropena izan behar da, baina zalantzarik gabe ez du esan nahi ez dugunik adi eta so egon beharrik. Horretan gaude. Adi eta so.

Beste alderdi abertzaleek zer-nolako ekarpena egin dezakezue?

Gure ekarpenak izan behar du zintzotasunez argi mintzatzea. Aralarren IV. kongresuko ildo politikoan ezker abertzale politikoaren ezaugarriak, baldintzak eta edukiak zehazten dira. Ez dugu beste hizkuntza politikoetan sartu nahi. Poloak eta beste deitura horiek guztiak ez dira gure hizkuntza. Guk ezker abertzale zibil eta politikoa egin nahi dugu.

Horren inguruan, nola ikusten duzu Espainiako Gobernuaren jokabidea?

Espainiako Gobernua ari da egiten bi gauza. Batetik, gutxiespena, eta hori ahoz egiten du. Eta, bestetik, bilakaera hori oztopatzen du. Ez da onargarria Auzitegi Nazionalaren jokabidea, behin eta berriro atxiloketak eginez. Horrek agerian uzten du herri honetan bakeaz gain, normalkuntza politikoa behar dugula. Hau da, ezabatzea legedi bereziak eta ezabatzea epaitegi eta auzibide bereziak.

Ezker abertzalearen barne eztabaida horrekin batera, indar subiranistak biltzeko proposamenak egin dira. Nola ikusten duzu?

Abertzaleok adostu behar ditugu jokabide batzuk: erabaki ahalmena defenditzea, herri honetako ondare ekonomikoak, politikoak, kulturalak, ingurumenekoak... defenditzea. Horrek ez du esan nahi indar politiko bateratu bat sortu behar denik. Lizarra-Garazik ez zuen sortu indar politiko bateraturik. Indartu zituen, hori bai, EAJ eta bestaldetik Euskal Herritarrok zena. Hori da etorriko dena, eta etorri behar duena.

Zer esan nahi duzu?

Abertzaleok jokatu behar dugu bat eginez, baina frentismorik gabe. Patxi Lopezek eta Antonio Basagoitik UPNk eta PSNk asmatu zutenaren kopia txar bat egin dute. Horren kontra ez dugu beste fronte bat ireki behar. Eraiki behar dugu ezker abertzale politiko bat. Ez dago inolako aukerarik abertzale guztiak elkartzeko indar politiko bakar batean. Abertzaletasuna ez da ideologia. Abertzalegoan gaude ezkerrekoak eta eskuinekoak, eta elkartu behar dugu batzen gaituzten gauzak defenditzeko, baina beste gauza batzuetan lehia politikoa egin behar dugu.

Hala ere, badirudi EA beste apustu batean dagoela. Indar abertzaleak bilgune batean egoteko apustu hori bateraezina da NaBairekin?

Nabairen proiektuak baditu arrazoi taktiko batzuk, eta horiek dira Nafarroaren egoera politikoaren erantzuna izatea. NaBairen baitan badaude ideia trasbertsal batzuk baita Nafarroako egoerari erantzuten diotenak ere. Nafarroa Bai ez da indar politiko baten egituraketa. NaBai da koalizio baten irudikapena. Horregatik uste dugu gauza bat dela Nafarroa Bai eta bestea ezker abertzale zibil eta zabala eraikitzea. Gu bi alde horietan gaude.

Baina bateragarriak dira?

Ez, ez dira bateragarriak.

 

«UPN PPren hatzaparretan geratzen bada, CDNk egindako bidea hasiko du»

Joxerra Senar.

Iruñea



Zabaletaren irudiko, legealdi honetan eskaini beharrekoa saldu dio jada PSNk UPNri. Sanzek «askatasun osoa» badu ere, UPNren gainbehera hastear dela iritzi dio.

Nafarroa Baik barne eztabaida abiatu du, eta lehen fasea amaitzear dago. Nola doa eztabaida hori?

Bide hori egin beharra zegoen, ezinezkoa zen bide hori ez egitea. Helburua da Nafarroan datozen foru hauteskundeak irabazteko abagunean jartzea. Aukerak izan baditugu.

Batzarrek dio EAEko politikagintzarekiko loturak hautsi behar dituela NaBaik eta epe luzera berriro PSNra hurbildu.

2007an oso oinarri tinkoak jarri genituen. Hori sinatua dago. Horren gainean berretsi eta gaurkotu behar da elkarketa. Abertzaleok abertzale izaten jarraituko dugu. Ezin da besterik pentsatu. Transbersalitatearen alde gaude, eta prest gaude gauza askotan ezkerreko jendearekin adosteko gauzak. Baina garena izateari utzi gabe.

Hurrengo zerrendaburua aukeratzeko eztabaida arazo iturri izan liteke? Patxi Zabaletak jarraitu nahi du?

Ez da unea horri buruz hitz egiteko, baina, edozein moduz, ez da arazorik izanen.

Lehen indarra izateko helburua duzuela diozu, baina Navarrometro inkestak 13 eserleku eman berri dizkizue, gaur baino bat gehiago soilik. Oposizioan zer duzue hobetzeko?

Ildo beretik jarraitu behar dugu. Gainera, inkesta hori ondo aztertuz gero bazeuden datuak pentsatzeko irabaz dezakegula.

Irabaztea nahikoa izango al da gobernura iritsi ahal izateko?

Ez, ez da nahikoa izanen, baina hori bera aldaketa bat izanen da. Nik NaBairen azken hauteskundeen gauean eman nuen mezu bat: aldaketa hasi da. Aldaketaren lehen urratsa zen bigarren indarra izatea, eta hurrengoa izanen da lehen indarra izatea.

Orduan, herritarrek argi izan behar dute oso epe luzeko aldaketa dela?

Egin daiteke 2011n.

UPNk Parlamentuko eztabaidetan ez du urduritasunik islatzen.

Hori beti da beren jarrera, baina aurrekontuen eztabaidan ez zuten malgutasunik erakutsi. CDNk guztiz arrazoizkoak ziren zuzenketak proposatu zituen, eta bakar bat bera ez onartzea da ahulezia garratz baten ondorioa. Nik badakit zergatik egin zuten hori.

Zuek CDNren zuzenketen alde egin zenutelako?

Hori da. CDN ari zen bere jokoa egiten. Lehen unetik pentsatu genuen alde bozkatuko genuela. UPNk irudi hori ezin zuen jasan. Oso urduri zeuden eta daude. Ari dira azken jokaldiak egiten, beste egoera batera pasatzeko zorian daudelako.

Sanzek ukatu egin du bozak aurreratuko dituenik. Sinesten diozu?

Ez. Gezurra esatea ohitura bihurtu zaio. Hauteskundeak aurreratzea pentsatzen ari dela ukatzea seinale ziurra da hauteskundeak aurreratzea pentsatzen ari dela susmatzeko.

Zergatik?

Oso arrazoi sendoa dago. Zapaterok hauteskunde orokorrak udazkenera aurreratuko balitu, PPk zamatu eta desegin egingo luke UPN. Ondoren, foru hauteskundeetara irabazi dionaren kontra joan behar izatea izango litzateke oso zaila UPNrentzat. Gerta liteke biak parekatzea edo PP aurretik jartzea. PP hazten bada, PPren hatzaparretan geratzen dira, eta hori gertatzen bada, CDNk egin duen bidaia hasiko du.

Barcinak zer du esateko?

Barcinak ez du indarrik. Une honetan Sanz ari da bere inguruko interes pribatuak alderdiaren interesen gainetik lehenesten: Nafarroako Kutxa dela, Bideko autobiaren operazio zikin eta beltza dela...

Aurrekontuen eztabaidan ez dizuete onartu zuzenketa bakar bat ere. Ez da etsigarria?

Alderantziz. Izan da pozgarria, adierazgarria eta argigarria. Behartuta zeuden guri ezer ez onartzera. Nire ustez, 50 zuzenketa onartzea baino adierazgarriago da bat bera ere ez onartzea. Barregarri geratzen dira.

UPNren aurrekontuak babestu ondoren, orain aldaketaren aldeko mezua zabaltzen hasi da PSN. Krisiari aurre egiteko bilera batera deitu zaituztete. Zer egingo duzue?

Elkarrizketarako beti prest gaudela frogatu behar dugu, edozein proposameni muzin ez eginez. Horrek ez du esan nahi hortik ezer aterako denik. Autokritika egin dezatela lehenik, zeren PSNk uneotan ez du malgutasuna izaterik. Sanzi askatasun osoa eman diote: 2010eko abenduaren 31 arte aurrekontuak onartu ditu eta ondoren aurrekontuak luza ditzake. Beraz, PSNkoek egin zezaketen guztia saldu dute.

Legealdi honetan, euskalgintzak atzera egin du.

Euskalgintzak izugarrizko jipoia hartu du, eta, horren ondoren, aztertu beharko ditugu euskalgintzaren oinarri eta sustapen juridikoak zeintzuk diren.

NaBai epelegi jokatzen ari al da?

Ez, hori ez da egia. Egin zaigun kritika funtsik gabea da. Guk jokatu behar dugu beti zuhurtasunez eta tinkotasunez. Baita ere jokatu dugu malgutasun osoz. Hori ezin digu inork ukatu. Ezin dugu onartu edozein gauza, duintasuna ukatzen badu.

Zerbait gehiago egiterik badago?

Lehenik irabazi behar dugu borroka politikoa. Aurrekontuen eztabaidan UPNkoek esandako astakerien artean, eledun batek esan zuen ingelesak izan behar zuela hizkuntza frankoa. Alegia, eman nahi zion ofizialtasuna ingelesari, jakina euskararen aurka. Gu ados gaude askatasun linguistikoarekin, baina apustu hori irabazi behar diogu UPNri, hizkuntza zapaltzaileak direlako.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia