ELA, LAB eta EILASek osoko zuzenketa bana jarri diete EAEko hezkuntza dekretuei
Dekretu berriek euskararekiko eta 'Euskal Herria' hitzarekiko duten jarrera da eztabaidagai nagusia
Lierni Alkorta.
Euskara eta Euskal Herria. Horiexek, xehetasunak xehetasun, atzo, Euskadiko Eskola Kontseiluan ELA, LAB eta EILAS sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren dekretu berriari ezarritako hiru osoko zuzenketen -sindikatu bakoitzak osoko zuzenketa bana- kritika gai nagusiak. EILASek, ELAk eta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak hainbat zuzenketa partzial ere aurkeztu zituzten: hamalau zuzenketa partzial orotara.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak curriculum dekretuen aldaketen gainean egin duen irizpena eztabaidatu zuten atzo, Euskadiko Eskola Kontseiluan. Hiru osoko zuzenketetatik bat bera ere ez zen aurrera atera, ordea, LABek BERRIAri jakinarazi zionez.
LABek aurkezturiko osoko zuzenketak hauxe proposatzen zuen: indarrean dauden curriculumak aldatzea eta Euskal Herri osorako baliagarria izango den curriculuma sortzea: «Indarrean dauden dekretuek zein Zelaa sailburuak proposatutako dekretuek ez baitituzte bermatzen Euskal Herriko herritarren hezkuntza eskubideak». Honenbestez, dekretuak berriro goitik behera irakurtzea eta aldatzea eskatu zuen LABek.
EILASek eskatu zuen hezkuntzan euskara irakas hizkuntza nagusi izateko. Euskal Herria izenaren inguruan «Eusko Jaurlaritzak egin duen orrazketa» ez dutela onartzen ere adierazi zuten, «orrazketa ideologikoa» dela iritzi baitiote. ELAtik, berriz, ez zuten adierazpenik egin nahi izan.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza komunitatearen partaidetzarako organo gorena da Eskola Kontseilua. Bertan, besteak beste, irakasleek, gurasoek, langileek, ikasleek, EHUk eta Eudelek hartzen dute parte. Izaera aholku emailea du Eskola Kontseiluak.
Ikasle Abertzaleek bat egin zuten LAB sindikatuak proposatutako osoko zuzenketarekin, prentsa ohar bidez. IAren arabera, curriculum dekretu berriak «ikasle guztien benetako euskalduntzean urratsak egin baino, gaur egungo egoera iluna okertu besterik ez du egingo».
Dekretu berriaren atzean «helburu politiko batzuei erantzuteko nahia» ikusten du IAk: «Euskal Herria errealitate folkloriko gisa aurkeztu nahi zaigu euskal ikasleoi, eta Euskal Herria terminoa ezabatuz, euskal nazioa eta identitatea desagerrarazteko eta errealitatea desitxuratzeko asmoa sumatzen dugu». Ikasle Abertzaleek esan dutenez, «Euskal Herriko errealitatea aintzat hartu eta euskal ikasleek euskal herritar gisa garatzeko beharrezkoa duten curriculuma» nahi dute.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
