Hamar parrokotik zortzik gaitzetsi egin dute Munilla gotzain izendatzea
Gipuzkoako elizbarrutiaren ildoa aldatu nahi dutela uste dute herrialdeko apaiz gehienek
Erredakzioa.
DonostiaGipuzkoako elizbarrutiko 85 parroko (%77, hain zuzen ere) Jose Ignacio Munilla gotzain izendatu izanarekin atsekabetuta agertu dira, hedabideetara helarazitako ohar baten bidez. «Saminez eta kezka handiz hartu dugu Jose Ignacio Munillaren izendapena Gipuzkoako Eliza presiditzeko eta gidatzeko. Gure elizbarrutiko eliz jardueraren gaitzespen zehaztzat eta, orobat, norabidea aldatzeko ekimentzat hartu dugu».
Guztira 131 apaizek sinatu dute agiria. Haien artean, hamalau artzipresteetatik 11k bat egin dute testuarekin. Sei puntuko agiri batean, eliztarrek diote ez datozela bat, eta gaitzetsi egiten dituztela gotzain berriaren izendapena eta erabilitako prozedura. «Deitoratu egiten dugu hain garrantzitsua den arazoa aurrera eramateko gure elizbarrutiaren eta beraren erakunde pastoralen sentimena aintzakotzat hartu ez izana eta errespetatu ez izana».
Juan Maria Uriarte egungo gotzainak 75 urte bete dituenez, Vatikanoak Jose Ignacio Munilla hautatu du haren tokia hartzeko. Jarrera kontserbadorekoa da Munilla, Espainiako Elizako buru Antonio Maria Rouco Varelaren ildokoa. «Jose Ignacio Munilla jaunak bere apaiz lanean izan zuen ibilbidea elizbarrutiko lan ildoetatik urruti zegoen, eta ez zuen halakoekin bat egiten. Beraz, uste dugu ez dela inondik ere pertsona egokia gure elizbarrutiaren gotzain eta artzain eginkizuna betetzeko», azaldu dute.
Ildo berari jarraitzeko asmoa
Gipuzkoako parroko gehienak orain arteko lan ildoari eustearen alde agertu dira: «Aditzera ematen dugu bat gatozela gure elizbarrutian, Vatikanoko II. Kontzilioaren espirituari leial erantzunez, oraino landu dugun ildo pastoralarekin eta eliz ereduarekin, gure gotzainek suspertua eta gidatua izan delarik».
Izan ere, Munillak orain arte Jose Maria Setienek eta Juan Maria Uriartek jarraitutako ildoa etengo duela salatu dute Gipuzkoako apaizek, eta hain zuzen ere Vatikanoak horretarakoxe izendatu duela, Rouco Varelaren ildoekin erakutsitako aldea puskatzeko.
Hala, apaizek ziurtatu dute orain arte bezala jarraituko dutela: «Jesu Kristoren ebanjelioarekiko leialtasunak, Elizarekiko maitasunak eta gure herria zerbitzatu nahiak eraginik, behin eta berriz diogu, gure kristau elkarteen aurrean, urte hauetan egin ditugun hautapen pastoralei eutsi nahi diegula».
Bide horretan, «Espirituaren indarra» eta «sinestun askoren lankidetza» izango dutelako ziurtasuna agertu dute.
Munillarekiko desadostasuna azaldu dutenen artean, Gipuzkoako elizbarrutiko ardura garrantzitsuak dituzten apaizak daude. Besteak beste, ondokoak agertu dira ados: Xabier Andonegi Lasarte-Oriako parroko eta Pio XII. Erlijio Zientzietako Institutuko zuzendaria, Jose Luis Aperribai Hernaniko parrokoa eta artziprestea, Jesus Maria Arrieta Tolosako parrokoa eta artziprestea, Bartolome Auzmendi Artzain Onaren katedraleko parroko eta artziprestea, Eduardo Iribarren San Frantzisko Xabier Santa Krutzeko parroko eta artziprestea, Juan Jose Iturriotz Ospitaleko kapilaua, Javier Lezeta Matia Fundazioko kapilaua, Fernando Jimenez Junkal eta Pentekostes Irungo parroko eta artziprestea eta Kepa Susperregi Azpeitiko parroko eta artziprestea.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
