Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 19:50

EUSKALHERRIA;2009-12-10;Artxandako golf zelaian Foru Aldundiak Ğiruzurrağ egin du, ezker abertzalearen ustez. Golf zelaian hotela eraiki beharrean, 51 apartamentu egin dituzte, inguruko hautetsien arabera

Artxandako golf zelaian Foru Aldundiak «iruzurra» egin du, ezker abertzalearen ustez

Golf zelaian hotela eraiki beharrean, 51 apartamentu egin dituzte, inguruko hautetsien arabera

Julen Nafarrate.

Bilbo

Artxandako golf zelaiko (Galdakao-Larrabetzu, Bizkaia) «iruzurraren azken kapitulua» salatu zuen atzo ezker abertzaleak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako prentsaurrekoan. «Iragarritako iruzur baten aurrean gaude, tamaina handiko iruzur soziala, ekonomikoa eta ingurumen mailakoa, Foru Aldundiak eta Larrabetzu zein Galdakaoko udalek sustatu eta onartutakoa».

2001. urtean hasi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Artxandako golf zelaia eraikitzeko proiektua. Ganguren mendilerroko lurretan zabaldu zuten 2004. urtean, Foru Aldundiak lurzoru publiko hori Artxanda SA sozietateari eman eta gero. Lurzoru publikoen trukea ezohiko prozedura izaten dela gogorarazi du ezker abertzaleak, eta soilik behar adinako arrazoiak daudenean baimenduta dagoela. «Salbuespenak daude, gizartearen ongizaterako denean, adibidez, eta modu horretan justifikatu zuten golf zelaiaren eraikuntza», azaldu du Txema Pico ezker abertzaleko batzarkide ohiak. «Zugaztietako golf zelaia garai horretan eraikitzen ari ziren, baina, dirudienez, horrek ez zituen golfzaleen beharrak asetzen», nabarmendu du ironiaz Picok.

Inguruko herrientzat Artxandako golf zelaia onuragarria izango zela adierazi zuten proiektuaren sustatzaileek, eskualdean bultzada ekonomikoa ekarriko zuelako. Ezker abertzaleak onurak ez baizik kalteak baino ez dituela ekarri azaldu nahi izan du, ordea. Picok gogorarazi ditu azken zortzi urteetan golf zelaiak sortu dituen «izugarrizko kalteak». «Lurzoruaren eraldaketa bortitza eragin dute, Legina auzoa erabat baztertuta dago, golf zelaiaren inguruko lurrek zabortegia dirudite, instalazioek argi kutsadura handia eragin dute...».

Apartamentuak «ezkutuan»

Golf zelaiari lotuta, hainbat zerbitzu eraikitzea ere onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek: jatetxea, golf eskola, hotela... Baina, ezker abertzalearen arabera, golf zelaia baliatu dute nekazaritzarako balio handiko lurzoruetan apartamentuak eraikitzeko, hotela eraiki beharrean.

Juan Manuel Basterretxea Larrabetzuko zinegotziak kritika egin du: «Hotela soilik izan zitekeena, erabat ekipatuta dauden 51 apartamentu bihurtu dira, eta horien salmenta etxe agentzia zein norbanakoei gauzatzen ari da». 2008. urteko urriaren 1ean egin zuten lehenengo salmenta, ezker abertzalearen arabera. «Tomas Ordeñana Larrabetzuko alkatea informazio hori ezkutatzen ibili da ordutik».

Begoñe Agirre Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkideak iragarri du Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiaren azalpenak eskatuko dituztela. «Ahaldun nagusiaren inplikazio pertsonalak ikusita eta lurzoru publikoak zirenetan eragin den iruzur sozialaren zein ekonomikoaren tamaina ikusita, Bilbao jauna bera da azalpenak eman behar dituena». Auzitegian ere «iruzurra» salatuko dute.

 

Kronologia



GOLF ZELAIA, AUZITAN

2001. Bizkaiko Diputazioak Ganguren mendilerroan, Larrabetzu eta Galdakaoko lurretan, golf zelaia eraikitzeko asmoa iragarri zuen. Lurzoru publikoa Artxanda SAri eman zioten, «onura publikoa» argudiatuta.

2004. Artxandako golf zelaia zabaldu zuten. Ezker abertzaleak plazaratutako datuen arabera, bazkide izateko 30.000 euro ordaindu behar dituzte zaleek.

2009. Golf zelaiari lotutako hotelaren lanak amaitzear daude. Ezker abertzalearen arabera, hotelaren ordez, 51 apartamentu egin dituzte, eta enpresa zein norbanakoei saldu.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia