Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 19:50

EUSKALHERRIA;2009-12-10;Jaurlaritzako aurrekontuen lehen urratsa. Aralarren, EAren eta EBren osoko zuzenketak atzera bota dituzte PSEk, PPk eta UPDk Eusko Legebiltzarrean

Jaurlaritzako aurrekontuen lehen urratsa

Aralarren, EAren eta EBren osoko zuzenketak atzera bota dituzte PSEk, PPk eta UPDk Eusko Legebiltzarrean

Edurne Begiristain.

Gasteiz

Eusko Jaurlaritzako 2010eko aurrekontuek lehen tramitea gainditu zuten atzo Eusko Legebiltzarrean, Aralar, EA eta Ezker Batuaren osoko zuzenketak atzera bota ondotik. PSEk, PPk eta UPDk bat egin zuten osoko zuzenketen aurka, eta ganberan duten gehiengo osoa (39 boto) baliatuta, atzera bota zituzten aurrekontu egitasmoa Jaurlaritzari itzultzeko egindako eskaerak. EAJ, berriz, abstenitu egin zen, PSErekin eta Hamaikabatekin lortutako akordioari jarraituta. Zuzenketa partzialak datorren astean eztabaidatuko dira, eta hilaren 23an bozkatuko dira aurrekontuak.

Carlos Agirre Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak egin zuen aurrekontu egitasmoaren defentsa osoko bilkuran, eta ildo beretik jo zuten ondoren ere PSE, PP eta UPDko legebiltzarkideek, erantzunen txandan. Egungo egoera ekonomikoan egin zitezkeen aurrekonturik «egokienak, orekatuenak eta sozialenak» direla azpimarratu zuen Joana Madrigalek (PSE). Aurrekontu proiektua krisiaren aurka borrokatzeko «tresna baliagarria» dela esan zuen Leopoldo Barredak (PP), eta erantsi zuen «eraginkorragoak» izango liratekeela erakunde guztiek norabide berean lan egingo balute. UPDko Gorka Maneirorentzat «konfiantzazko botoa» merezi du Jaurlaritzak, euskal politikan «aldaketa sakona» egiteko konpromisoa hartu duen lehen gobernua delako.

EAJko Javier Carrok, berriz, egonkortasun akordioaren baitan kokatu zuen bere taldearen abstentzioa: «Jeltzaleen helburu nagusia euskal gizartearen ongizatea lortzea da, gobernuan zein oposizioan egonda».

1. Aralar

Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak gogor kritikatu zuen gobernuaren proiektua. Aurrekontuak «legez kanpokoak» eta «atzerakoiak» direlako eskatu zuen Aralarrek horiek Jaurlaritzari bueltatzea. Ezenarroren ustez, legearen aurka doaz Jaurlaritzak zorpetzea gastu arrunta ordaintzeko erabili duelakoa. Gainera, nabarmendu zuen aurrekontuek krisiari «erantzun sozialik» ez diotela ematen. Hala, Jaurlaritzak gizarte erronkei aurrera egiteko beharrezko zerga politikarik ez duela proposatu, eta langabezia amaitu dutenentzat babes programarik ez duela eskaini kritikatu zuen.

Baina, horrez gain, hizkuntza, kultura eta nortasun ikurretan «atzera egitea» leporatu zion Jaurlaritzari. Besteak beste, Ezenarrok salatu zuen giza eskubideen eta biktimen «ikuspegi murritza» agertzen dutela aurrekontuek. Eta adibide gisara jarri zuen desagertu egin direla presoen senideek kartzeletara egiten dituzten joan-etorrietarako diru laguntzak, baita Bakea eta Elkarbizitza Planari emandako sailak ere. «PSEk eta PPk gutxiengotik diseinatutako eskema frentista batetik landutako aurrekontuak dira», salatu zuen.

1. Eusko Alkartasuna

Aurrekontuek EAEko «behar ekonomiko eta sozialei» ez diela erantzuten eta ez dutela garapen ekonomikoa bultzatzeko balio salatu zuen Jesus Mari Larrazabalek bere osoko zuzenketaren defentsa egiterakoan. EAko legebiltzarkidearen esanetan, Lopezen gobernuak proposatutako kontuek «erantzun partzialak ematen dizkie arazo partzialei» eta ez dituzte aintzat hartzen 2010era begira EAEn eta Europako Batasunean egiten diren aurreikuspen makroekonomikoak. Gainera, zor publikoa inbertsioak egiteko ez ezik aurrezki negatiboa finantzatzeko ere erabiltzen dela kritikatu zuen. Zerga politika ere hizpide izan zuen EAko parlamentariak, aurrekontuen sarreretan eragin zuzena duelako. Eta salatu zuen zerga politikak ez duela elkartasun printzipioa behar bezala errespetatzen eta «ongizate estatuari eusteko ezinbestekoa den diru bilketa» ez duela bermatzen.

Gainera, aurrekontuen norabidea PPk «inposatu» duela arbuiatu zuen Larrazabalek. Eta ohartarazi zuen horren ondorioak «larriak» direla, besteak beste, hizkuntza politikan, kulturan eta hezkuntzan. «Espainiako izaera nazionalean oinarritutako aurrekontua da, eta ez dio erantzuten Euskadiko errealitate sozialari eta politikoari».

1. Ezker Batua

Krisi ekonomikoari aurre egiteko balio ez dutelako, beharra daukatenak alde batera uzten dituelako eta gastu soziala ez duelako igotzen, aurrekontu egitasmoaren aurka egin zuen Ezker Batuko Mikel Aranak. Haren ustez, Jaurlaritzak «itxurazko aurreikuspen ekonomikoetan» oinarritu ditu aurrekontuak eta sarrera publikoak handitzeko zerga bilketan eskua sartzera ez da ausartu. Horrez gainera, Aranak gobernuari egotzi zion kultura eta euskararen sustapena eta ingurumena eta ondare historikoaren zainketa alde batera utzi dituela «azpiegitura handien mesedetan».

Era berean, gastu igoera nagusiak komunikazio eta publizitate kabineteak eta kanpainak ordaintzeko bideratu dituela kritikatu zuen EBko legebiltzarkideak: «Badirudi lehendakariak eta sailburuek, bereziki Herrizaingokoak, asaldura eta propaganda egin nahi dutela».

 

Ekonomia sailburuak %0,1eko hazkundea espero du 2010eko amaierarako



Hurrengo urtean atzeraldirik ez dela izango adierazi zuen atzo Carlos Agirre Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak. 2010eko bigarren erditik aurrera espero du Jaurlaritzak zenbaki positiboetara itzultzea. Zehazki, datorren urteko amaierarako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %0,1 haztea espero du. Hala ere, Agirreren ustetan, oraindik ez da komeni pizgarriak kentzea, eskaera pribatua «oso ahula» delako. Aurrekontu proiektuaren aurkezpenean eman zituen datuok Ekonomia sailburuak. Haren hitzetan, aurrekontuak «trantsiziokoak» dira, «aldaketarako oinarriak» ezartzen ditu, eta aurreko gobernuarenak baino «sozialagoak eta soilagoak» dira. Hezkuntza eta prestakuntza oinarri hartuta, berrikuntzaren alde egiten dutela nabarmendu zuen. Gainera, «adostasunetik» landu direla esan zuen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia