Nafarroan LTD bidez ikusiko dira telebista kate guztiak, ETB izan ezik
Espainiako Industria Ministerioa espektro irrati-elektrikoa aztertzen ari da ETB ikusteko azpiegitura jar daitekeen jakiteko
Nafarroako Gobernuak ez du ordaindu nahi ETB ikusi ahal izateko behar den teknologia
Naiara Elola.
IruñeaGaur itzaliko dute Nafarroa osoan telebistaren seinale analogikoa. Gaur 12:00etatik aurrera, Nafarroan LTD lurreko telebista digitalaren bitartez soilik ikusi ahal izango da telebista. 2007ko apirilean hasi ziren LTDren seinalea igortzen lehenengoz Nafarroan. Hala, denbora horretan telebista seinale digitalaren edo analogikoaren bitartez ikus zitekeen. Dena den, bi seinaleen elkarbizitza gaur amaituko da. Izan ere, 10:00etatik 12:00etara bitarte Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Industria Ministerioaren hamasei telebista seinale hedagailuak itzaliko dituzte.
Hala, orain arte ikusten ziren telebista kate guztiak ikusi ahal izango dira LTD bidez, ETB izan ezik. Izan ere, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute oraindik auzi horren inguruan egiazko akordiorik erdietsi. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan telebista seinale analogikoa guztiz itzaltzen denean, apirilean, ezingo da ETB Nafarroan ikusi, berau izango baita gaurtik analogikoan ikusiko den kate bakarra. Hartara, aldaketarik ezean, euskarazko telebistarik ez da ikusiko ordutik aurrera Nafarroan.
Egun, Nafarroan ETBko seinalea igortzen duten hedagailuek Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik jasotzen dute seinalea. Beraz, heldu den apirilaren 3an hiru lurralde horietan itzalaldi analogikoa izaten denean ez da izango Nafarroan ETB ikusteko inolako aukerarik, ez analogikoan ezta LTD bidez ere. Hori ikusita, Nafarroako Parlamentuko alderdi guztiek, UPNk izan ezik, «kezka» azaldu zuten, eta heldu den apirilaren 3tik aurrera Nafarroan ETB ikusteko aukerarik ez zela izango jakinarazi.
Espainiako Industria Ministerioak BERRIAri adierazi dionez, «LTDa ikusi ahal izateko, lurralde bakoitzari multiplex bat dagokio; beraz, bat baino gehiago nahi izanez gero, Ministerioari eskaera egin beharra dago». Jakina da, Nafarroan bigarren multiplexa izateko eskaera egina dagoela. Hala, egun, Industria Ministerioko teknikariak Nafarroako espektro irrati-elektrikoa aztertzen ari dira, bigarren multiplexa jartzeko aukera badagoen jakiteko. Dena den, Ministerioko iturrien hitzetan, ez da erraza izango: «Nafarroako espektro irrati-elektrikoa oso betea dago, eta ez dakigu bigarren multiplexa jartzeko tokirik izango den».
Hala ere, gaur seinale analogikoa itzaltzean, espektro irrati-elektrikoa arintzea espero dute. Horren bitartez, Ministerioko ordezkarien ustez, aldaketak egon daitezke: «Litekeena da bigarren multiplexa jartzeko tokia izatea».
Bigarren multiplexa gakoa
ETB LTD bidez Nafarroan ikusi ahal izateko, bigarren multiplexa ezinbestekoa da. Izan ere, multiplex bakoitzak lau telebista katerentzako tokia bermatzen du. Eta egun multiplex bat bakarrik dago bermatuta, eta lau tokiak Nafarroako kateentzat soilik dira. Industria Ministerioko iturrien arabera, «ez dago bigarren multiplexa jartzeko aukera zehazteko eperik». Jakina da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2010eko apirilean izango dela guztizko itzalaldi analogikoa, baina Arabako hainbat eremutan telebista LTDren bitartez soilik ikus daiteke.
Nafarroan apiriletik aurrera ere ETB ikusi ahal izateko, bi baldintza bete behar dira: Espainiako Industria Ministerioak Nafarroari bigarren multiplexa eman behar dio, eta Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak finantzaketa hitzarmena sinatu behar dute. Izan ere, aurreikuspenen arabera, bigarren multiplexa jartzeak milioi bat euroko kostua du. Dena den, Alberto Catalan Nafarroako Gobernuko bozeramaileak argi utzi du egoera honen erantzule ez dela berak ordezkatzen duen gobernua: «Ministerioak bigarren multiplexa ezartzeko baimena eman arte ezingo dugu Jaurlaritzarekin hitzarmenik sinatu».
Hala ere, etorkizunean ETB Nafarroan ikusteko jarri behar den multiplexa ordaintzeko milioi bat euro beharko dira gutxi gorabehera. Catalanek argi utzi du Nafarroako Gobernuak ez duela bere gain hartuko ETB ikusteko egin behar den inbertsioa. Eta duela egun gutxi Patxi Lopez lehendakariak jakinarazi zuen ETB Nafarroan ikusi ahal izateko ordaindu beharreko inbertsioa egiteko «zailtasunak» daudela. Gainera, Catalanek behin baino gehiagotan adierazi du ETBren auzia ez dela beren «lehentasuna». Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendari nagusiaren esanetan, Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak sinatu beharreko ituna «bide onetik» doa. 2010eko lehen hiruhilekoan bai ETB1 eta bai ETB2 ere Nafarroan LTD bidez ikustea posible izango dela uste du Idigorasek.
Dena den, Espainiako Industria Ministerioko iturriek BERRIAri esan diotenez, ezin da zehaztu bigarren multiplexa noizko onartuko den. «Onartzen bada ere, ezartzeko sei hilabete inguru beharko dira». Hori kontuan izanda, heldu den apirilaren 3tik aurrera ez da Nafarroa osoan euskarazko telebistarik izango, ez analogikoan ezta digitalean ere.
BEGOÑA URIEN
Nafarroako Gobernuko Enpresa zuzendari nagusia
2011n osatuko da 2009ko ekainean abiatutako bidea
540.000
Goizueta, Areso, Leitza eta Aranon analogikoa ikusiko da
Diru laguntzen deialdia egin du Nafarroako Gobernuak
@sarean
Nafarroan, ia 3 milioi euro jasotzen dituzte hiru telebista katek
Hiru kateek jasotzen duten diru laguntza euskarazko hedabideena baino 313 aldiz handiagoa da
N. Elola.
IruñeaAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
