2009-12-09
Frantziak ez die hizkuntzei eskubiderik aitortuko
Konstituzioaren mugak gogorarazi eta hizkuntza gutxituentzako legearen beharra zalantzan ezarri du Kultura ministroak
Aitor Renteria.
BaionaHizkuntza gutxituei eskubideak aitortzea Frantziako Konstituzioaren kontra aritzea litzatekeela nabarmendu du Frederic Mitterrand Frantziako Kultura ministroak. Diputatu sozialista batek hizkuntza gutxituentzako legea zertan den eta indarrean jartzeko epeak azaltzeko eskatu zion, idatziz, Mitterrandi. Eric Besson Immigrazio ministroak irakurri zuen Mitterranden oharra.
Hizkuntza gutxituen alorrean, Frantziak dagozkion ardurak hartu dituela nabarmendu zuen, gogoraraziz Hezkuntza Sailean, irakaskuntzarako materialen sailean, kultur arloan edo hedabideen alde egindako urratsak. Mitterrandek aitortzen du zerbitzu publikoetan zerbait gehiago egin daitekeela, seinaletika arloan bereziki, beti «frantsesaren ondoan» agertuz. Legeak uzten dituen tarteak ez direla osoki baliatzen nabarmendu du. Arlo horretan egin daitezkeen hobekuntzak aztertzen ari direla jakinarazi du.
Balio sinboliko hutsa
Frantziako Gobernua lanpetua dagoela erran du Mitterrandek. Legea egingo balitz, sakoneko aldaketarik ez lukeela eragingo nabarmendu du, balio sinbolikoa baino ez lukeela erantsiz. Funtsean, hizkuntza gutxituen aldeko legeak orain egiten dena legean biltzeko baino ez luke balioko. Frantziako Konstituzioak, berdintasun irizpideari jarraikiz, talde eskubiderik ez duela aitortzen gogorarazi du.
Mitterrandek hizkuntza legearen aldeko esperantzak itzali ditu abantzu. Hala ere, tokiko erakundeekin batera hizkuntza gutxituen alde egin daitezkeen urratsak aztertzen ari direla jakinarazi du.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
