Berria.info

Astelehena, 2010ko martxoak 15 -

2009-12-09

Buruko gaitza duen senide bat biluzarazi dute Soriako espetxean

Aurrez aurreko bisita ugari galdu dira asteburuan, presoen senitartekoek miaketei uko egin ondotik

Erredakzioa.

Iragan asteburuan ere Espainiako espetxeetara hurkoa bisitatzera joandako euskal presoen senide eta lagun ugari miaketetara behartu nahi izan zituzten funtzionarioek. Askok eta askok miaketei uko egin zieten, eta, ondorioz, zegozkien aurrez aurreko bisitak galdu egin zituzten.

Gainera, Etxerat-ek jakinarazi duenez, gertakari oso larria jazo zen igandean Soriako kartzelan, Gaizka Gañan preso santurtziarra bisitatzera joandako lagun batekin. Espetxezainek buruko gaitza duen eta ibiltzeko makuluak erabiltzen dituen pertsona bati betaurrekoak eta makuluak kendu zizkioten, eta, behin gela batean sartuta, prakak kentzera behartu zuten. Etxerat-ek salatu duenez, lagun horrek ez du apenas ikusten, eta ez da bere kabuz moldatzeko gai, baina hala ere, biluzaraztera behartu zuten espetxezainek. Gañan presoaren lagunak ez du sekula arazorik izan espetxera sartzeko; bisitetara sartzeko egurrezko makuluak uzten dizkiotela azaldu du Etxerat-ek. Igandean ere egurrezkoak prest zituzten, baina funtzionarioek ez zizkioten eman nahi izan.

Asteburuan, berriro ere, dozenaka euskal presok zegozkien aurrez aurreko bisitak galdu dituzte, haien senitartekoek miaketei uko egin ostean. Etxerat-ek emandako datuen arabera, larunbatean galdu zituzten aurrez aurreko gehienak, baina baita igandean ere. Zehazki espetxe hauetan galdu dituzte bisitak: Cacereseko espetxean hiru, Algecirasen zazpi, Salamancako Topas kartzelan bat, Jaengo espetxean bost, Cadizko Puerto II eta Puerto III espetxeetan beste bost, Almerian bi, Sorian bat -beste bi aurrez aurreko bisitetan miaketarik ez zitzaien egin senideei- , Huelvako kartzelan bi, eta Burgosen bat.

Horrez gain, Madrilgo Soto del Real espetxean ez da aurrez aurrekorik egin asteburuan, han dauden euskal presoek hil honetan uko egin baitiete bisitei beren senide eta lagunen aurkako miaketak eta umilazioak eteten ez diren bitartean. Jaenen, komunikazio grebarekin jarraitzen dute euskal presoek, eta, emakumeen kasuan, ez dute ezta telefono deirik egiten ere. Eta, senideen aurkako neurriak salatzeko itxialdian daude joan den astelehenaz geroztik Almeriako kartzelan. Azken asteotan protesta ugari egin dituzte euskal presoek kartzeletan. Hala, Segoviako eta Kordobako espetxeetan ere itxialdiak egin dituzte miaketak salatzeko.

Zearreta eta Saez libre

Bestalde, igandean aske geratu ziren Gabi Saez Totorikaguena Bilboko presoa eta Igor Zearreta zornotzarra. Biei ala biei harrera beroa egin zieten haien herrietan igande iluntzean. Gabi Saezek 11 hilabete eman ditu preso Espainiako kartzeletan, Frantziak espainiaratu ondoren. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du 11 hilabete gehiago espetxean egotera behartu dutela Bilboko presoa, sumario berri bat ireki nahi ziotelako.

Igor Zearretak, berriz, bi urte igaro ditu preso. Guardia Zibilak 2005eko maiatzean atxilotu zuen, eta inkomunikatuta egon zen bost egunetan torturatua izan zela salatu zuen. Baldintzapean aske utzi zuten, baina Ertzaintzak 2007an atxilotu zuen berriro, bi urteko zigorra bete zezan.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia