Tren lasterra ez dela beharrezkoa aldarrikatu dute Durangon
Desobedientzia ekintza batean parte hartu duten bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak asteburuan
Maite Asensio.
DurangoUrtero legez, ozen entzun zen atzo abiadura handiko trenaren aurkako aldarria Durangon (Bizkaia), Euskal Liburu eta Disko Azokan egin ohi den manifestazioan. Seiehun lagunetik gora ibili ziren herriko kaleetan ordubetez, AHTa nahi ez dutela, eta azpiegitura horren beharrik ez dagoela adierazteko.
18:00ak jo eta minutu batzuetara abiatu zen martxa, Landako gunearen ondotik. Ez dugu nahi, ez dugu behar! AHTrik ez! lelopean, Landako etorbidea hartu zuten manifestariek, «Herria bizirik, AHTrik ez », «Poliki-poliki, gozatzen da biziki», «Mendi borroka herri borroka da» eta antzekoak oihukatzen zituztela.
Durangon egiten diren mobilizazioetan gertatu ohi denez, herria erditik mozten duen trenbideak martxa moztu zuen. Trena heltzear zegoela eta, pasagunearen hesia jaitsi zen, eta manifestazioak tarte batez geratu behar izan zuen, baina kantuz arindu zuten geldialdia; txistuak entzun ziren, ordea, Euskotrenen trenak pasatu zirenean. Berriro martxan jarri eta gutxira, Durangoko Batzokiaren ondotik igaro zen manifestazioa, dozenaka lagunek «PNV txikitzaile!» oihukatzen eta tren lasterraren aurkako papertxoak jaurtitzen zituzten bitartean. Ertzaintzaren bi furgoneta zeuden bertan.
Andra Mari plazan amaitu zen manifestazioa, desobedientzia ekintzen irudiak agertu zituen bideo emanaldiarekin. AHT Gelditu! Elkarlanaren bozeramaile Mila Elorzak gogorarazi zuen AHTaren aurkako borroka ez dela soilik trenaren kontrakoa, bestelako gizarte eredu baten aldekoa baizik, eta erantsi zuen obrek ez dutela krisi ekonomikorik konponduko: «Noiztik da konponbidea behar ez dugun zerbaitetan hamar mila milioi euro gastatzea?». Elorzak «lotsagarritzat» jo zituen hainbat politikarik Durangoko Azokan adierazitakoak: «Egunotan kultura goraipatzen ibili zaizkigu urte osoan zehar hainbat proiektu txikitzaileren bidez gure kultura eta ohiturak suntsitzen ibiltzen diren asko».
Autobusera igota
Herenegun ere izan zen AHTaren aurkako protesta Durangon. Lagun talde batek Bizkaibus konpainiako autobus bat geldiarazi, eta haietako bi autobuseko sabai gainera igo ziren, «AHTa eragiten ari den sarraskiaz herritarrak ohartarazteko». 12:30 inguruan izan zen protesta, Landako gunearen aurrealdean.
Ekimenean parte hartu zutenek jakinarazi dutenez, ordubetetik gora eman zuten bi lagunek autobusean igota. Suhiltzaileak protestaren lekura iritsi, eta eskailera bat jarri zieten; ekintzaileak beren borondatez jaitsi ziren orduan. Ertzaintzak, halere, biak atxilotu zituen, ordena publikoa nahastearen delitua leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez; lau orduan aske utzi zituzten. Haiei eta azken asteotan tren lasterraren aurkako desobedientzia ekintzetan parte hartu dutenei Elkarlanaren «babesik handiena» helarazi zien atzo Elorzak. Halaber, ekintzaileek jakinarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzaren erakusmahaia «desjabetu» egin zuten herenegun, «ingurunean eta nekazaritza lurretan eragiten ari den kalte izugarria» salatzeko.
Bordele-Hendaia arteko AHT atala eginen dela jakinarazi du Grenetek
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
