2009-12-06
Fernandez Iradiri ustez atzemandako paperetan oinarrituta, 121 lagun atxilotu zituzten 2003tik 2005era. Bi epaiketa egin dira paperok aurkeztu gabe. Asteazkenean hirugarrena hasiko da.
Paperik ez duen epaiketa
Joxerra Senar.
IruñeaEgunkaria itxi baino bi egun lehenago, 2003ko otsailaren 18an, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz poliziek 14 gazte atxilotu zituzten Euskal Herrian. Geroztik, 2005eko maiatzera bitartean, gisa horretako beste sei polizia sarekada izan ziren, eta guztira 121 gazte inguru atxilotu zituzten. Operaziook egin ziren bakoitzean, komunikabideek 2002an Ibon Fernandez Iradi Susper ETAko ustezko kideari Frantzian atzemandako paper baten ondorio zirela zabaldu zuten. Baina akusatuek ez dute paperik ikustea lortu. Sei urte geroago, ordea, Auzitegi Nazionalak hasierako 121 atxilotuetatik 58 gazte auzipetu ditu. Jada bi epaiketa egin dira, eta hirugarrena asteazkenean hasiko da.
Hirugarren epaiketa horretan 2003ko urrian eta azaroan atxilotuak izan ziren hamahiru lagun daude akusatuta: Ikerne Indakoetxea, Ramon Lopez, Regina Maiztegi, Zugaitz Izagirre, Maider Egiguren, Carlos Martin, Alberto Gonzalez, Gorka Iriarte, Galder Bilbao, Iker Casanova, Arantza Martin, Javier Gil eta Mikel Garaiondo. Fiskalak zazpi eta hamar urte bitarteko espetxe zigorra eskatzen du, erakunde terroristako kide izatea edo hari laguntzea egotzita.
Akusazio hori eginda, 2003ko urriko zein azaroko bi operazio haietan 46 lagun atxilotu zituzten; haietatik, 13 eseriko dira akusatuen aulkian. Horietako bat da Ikerne Indakoetxea 33 urteko iruindarra. Bi urte eta 8 hilabetez behin-behinean preso egon ostean, ez du itxaropen handirik. «Argi dugu gurekin nahi dutena egingo dutela, epaia aldez aurretik idatzita dagoela. Argi dugu loteria antzeko bat izan dela: beste batzuk aske geratu ziren, eta guri egokitu zaigu. Inputazio berdinekin, batzuen akusazioa artxibatu egin da, eta gurea ez».
Bere aurkako akusazioa torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen dela nabarmendu du. Ikerne Indakoetxea 2003ko azaroko operazioan atxilotu zuten. «Oso gogorra izan zen etxerako sarrera. Aitarenganantz zuzendu zuten pistola, eta ni lurrera bota ninduten. Aurpegia lurraren kontra jarri, eta lehen ostikadak eman zizkidaten». Etxetik Iruñeko polizia etxera eraman zuten, eta handik «eskuak atzera lotuta» zeramatzala, «oihuka eta kolpeka», Madrilera igorri zuten.
Lau egunez eduki zuten inkomunikatuta. Ariketa fisiko gogorrak egitera behartu zuten, eta tratu txar psikologikoa ere pairatu zuen: «Ahizpa atxilotuta zutela eta denetarik egingo zidatela esaten zidaten. Kable batzuk jarri zizkidaten mahai gainean, elektrodoak zirela adieraziz. Sexu gehiegikeriak egin zituzten, eta kolpeak eman zizkidaten buruan. Ezin duzu atseden hartu eta erabat galtzen duzu iparra».
Tratu txar horren bidez, adierazpenak errepikarazi zizkioten. «Jabetzen zara entzun nahi dutena esatea nahi dutela eta horrela errazago izango dela bukatzea», azaldu du. «Betiko zara torturatua, betiko markatzen zaitu. Poliziak kalean ikusi izan ditudanean berriro mehatxu egin izan didate. Arantza bat sartu dizute eta nahi dutenean xantaia emozionala egin ahal dizute».
Garzonen aurretik iragan zenean, leporatu zioten guztia ukatu egin zuen eta polizien aurrean egindako deklarazioa torturapean izan zela salatu zuen. «Garzonek ez zidan kasu piperrik egin. Ez zidan begiratu ere egin. Inkomunikazioan, berriz, auzitegiko medikuak zera esan zidan: «Tira, neska, atxilotuta zaude, hori normala da, ez kexatu». Garzonek behin-behineko espetxealdia ebatzi zuen, eta Soto del Real, Alcala Meco eta Avilako espetxeetan egon zen preso, 2006ko ekainean 30.000 euroko bermea ordaindu ostean libre geratu arte.
Lopezen esperientzia
Ramon Lopez Cid 36 urteko altsasuarrak ere bi urte eta zortzi hilabete egin zituen behin-behinean preso. 2003ko urriaren 7an atxilotu zuen Espainiako Poliziak. «Lehen unetik behingoz amai zedila nahi nuen, gerta zedila zerbait, ospitalera eraman nintzatela... Galdeketak ia bi ordutik behin ziren, eta ate bat irekitzera zihoazela entzuten nuen bakoitzean, dardarka jartzen nintzen. Ez zenekien zuri egokituko zitzaizun edo albokoari, eta gaizki dirudien arren, albokoa deitzen bazuten, arnasa hartzen zenuen».
Tratu txar psikologikoa jasan zuen, eta ariketa fisikoak egitera behartu zuten. «Nik pertsonalki ez nuen deklaraziorik egin, baina beste batzuk bai. Baldintza horietan edozer gauza esan dezakezu!». Auzitegi Nazionaleko ziegetara eraman zutenean «lasaitua» hartu zuen. «Ez dakizu zer gertatuko zaizun, kanpora edo barrura zoazen, baina berdin dizu, polizia etxera ez itzultzea baita nahi duzuna».
Behin-behineko espetxealdia ezarri zion Garzonek. «Hasieran nioen laster aterako nindutela, handik ez baitzuten nire aurka ezer; baina denborak aurrera egin ahala, badakizu handik soilik aterako zarela eurek nahi dutenean. Ez duzu ezer egin, baina hutsaren truke bi urte eta zortzi hilabete egin dituzu espetxean».
Gaur egun, hamahiru akusatuetatik hamar libre dira. Dena den, bizitza baldintzatuta dute. Ezin dute estatuko mugetatik irten, eta astero epaitegian sinatu behar dute. «Neurri handi batean, burdin barrarik gabeko espetxealdi berri bat hasten duzu», azaldu du Ikerne Indakoetxeak.
Biek oso gertutik jarraitu dituzte auzi bereko bi epaiketak. Horregatik dago ezkor Indakoetxea. «Sekulako zentzugabekeria izan zen. Nahiz eta Susperren paperak oinarrizko frogak izan, ez zituzten paper horiek mahaigaineratu. Ez zegoen paperik».
Dokumentu horietan, zerrenda enkriptatu bat ageri ei da. Aurreko bi epaiketetan, lekuko moduan deklaratu zuten poliziaren perituek inizial bakoitzaren esanahia aditzera eman zuten. «Interpretazio bat zen, ez zegoen irizpide logiko bat, ez zuten esaten zergatik iritsi ziren ondorio horretara. Gehienek zera zioten: 'Hau horrela da guk badakigulako, eta bestela frogatu diezagutela kontrakoa'. Nola liteke? Hori da beraien lana».
Hirugarren epaiketa ere polizien esanetan eta torturapean ateratako deklarazioetan oinarrituko da: «Gure hitza beraien hitzaren aurka da, eta gure hitzak poliziena baino gutxiago balio du», azaldu du Indakoetxeak. Dena den, etsipen hitz horien gainetik aurrera egiteko asmo sendoa du. Aldiz, Ramon Lopezek, uste du epaiketan «oraindik ere» zerbait egin litekeela, poliziek aurkeztutako frogak suposizioak eta interpretazioak direlako.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
