Berria.info

Astelehena, 2010ko irailak 6 -

2009-12-01

Maltzagako sinatzaileen batzarra egingo dute, sarea bizkortzeko

«Burujabetza eta bakea babesten dituzten» eragile guztien batasuna sustatzea dute helburu nagusitzat

Erredakzioa.

«1.511 pertsonak osatzen duten sare hau aktiboago bihurtzeko», datozen asteetan Maltzagako sinatzaileen batzarra egingo dutela iragarri zuen atzo Maltzagako Mahaiko kide Raul Arkaiak. «Azken hilabeteetan Euskal Herriak duen gatazka egoera aztertu eta barne gogoeta prozesua burutu ondoren» izandako ondorioen berri eman nahi izan zion Maltzagako Mahaiak euskal gizarteari. Maltzagako Mahaiaren helburua «burujabetza eta bakea babesten dituzten» alderdi politikoen, sindikatuen eta eragileen batasuna sustatzea dela adierazi zuen. Gainera, jakinarazi zuen «eraiki beharreko zubiak errealitate izan daitezen» Maltzagako Mahaiak bere ekarpena egingo duela.

Eragile guztien batasunaren aldeko aldarria egin nahi izan du, beraz. «Ezker abertzaleko kideen atxiloketen aurka emandako erantzun eskuzabala, koloretsua, sendoa eta berria ezin da izan egun bateko lorea, iraupen luzeko lan estrategiko baten hazi bilakatu behar du». Maltzagako Mahaiaren irudiko, «Euskal Herriko alderdi politikoak ez dira gertatzen ari den larritasunaren jabe». Abertzaletasunaren artean «zatiketa besterik» ez dela ikusten dio, baina edonola ere «batasunetik inoiz baino hurbilago» daudela ziur dago Maltzagako Mahaia.

«Bakerako eta esparru juridiko-politiko burujabe bat lortzeko helburuak» indar horiek guztiak batu ditzakeela uste du Maltzagako Mahaiak, eta elkartze gune bat topatzea «egiteko modukoa bezain beharrezkoa da», Raul Arkaiak esan duenez.

Arkaiaren arabera, Espainiako Estatuaren asmoa da «abertzale guztiak erakundeetatik kanporatzea». Ezker abertzalearen aurka urriaren 13an eginiko polizia operazioa ere salatu du Maltzagako Mahaiak: «Atxiloketa horiek argi utzi dute Espainiako Estatuan ez dela botere banaketa existitzen». Euskal Herrian «demokraziaren ezaugarri propiorik ez duen sistema politikoa sufritzen» dela ere nabarmendu du Maltzagako Mahaiak. «Fronte nazionalista espainiarrak ez du eredu demokratikorik nahi, bakea nahi ez duen bezalaxe», azpimarratu du Maltzagako Mahaiak, eta Espainiako indar politikoei leporatu die euskal gatazka «kroniko» bihurtu nahi izatea.

Azken hilabeteetan Frantziak ere «bere asmo politikoak berretsi ditu», Maltzagako Mahaiaren ustez: «Gure nazioarekiko eta gure kulturarekiko mespretxua berretsi ditu». Euskararen ukapenak ere jarraitzen duela salatu du.

Aurrera begira

«Egoera antidemokratiko horri aurre egiteko», elkar ulertzea eta lankidetza landu behar dira, Maltzagako Mahaiaren aburuz. Hori lortzeko, baina, ezinbestekoa da «bide politiko eta zibilen aldeko apustu argia egitea, baita Euskal Herria ukatzen duten alderdi politikoekin konfrontazioa zuzena gauzatzea» ere.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia