Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 19:45

EUSKALHERRIA;2009-11-29;Zaborren kudeaketari buruz herritarrek eginiko eskaerak errespetatzeko eskatu dute. Hondakinen Legearen eztabaida eragotzi izana gaitzetsi dute Donostian manifestazioan bildu diren ehunka lagunek

Zaborren kudeaketari buruz herritarrek eginiko eskaerak errespetatzeko eskatu dute

Hondakinen Legearen eztabaida eragotzi izana gaitzetsi dute Donostian manifestazioan bildu diren ehunka lagunek

Ainhoa Sarasola.

Donostia

Errausketa eredu gisa hartuko ez lukeen Hondakinen Legea eztabaidatzeko, 35.000 sinadura bildu eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zituen Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak. Ordea, 35.000 herritarren proposamenak «ez zuela eztabaidarik ere merezi erabaki zuten, ordubete baino gutxiagoko bileran, EAJk, PSEk eta PPk». Horixe salatzea zen Donostian atzo eginiko manifestazioaren helburu nagusia, Unai Agirre plataformako kideak azaldu zuenez. «Demokrazia falta» hori salatu, eta zaborren gaikako bilketa egokia garatzeko legea eskatzeko manifestazioak ehunka lagun bildu zituen Donostiako kaleetan.

Zubietako gainetan (Gipuzkoa) eraiki asmo duten errauste plantari ezezkoa emateko martxa izan zen atzokoa. Agirreren hitzetan, hasiak dira planta eraikitzeko azterketa eta zundaketa lanak, baina hori hasiera baino ez da, eta asko dago egiteko oraindik. Hala, «kalean astakeria hori bertan behera utzi, eta sistema egokiak martxan jar daitezela» eskatzen jarraituko du plataformak.

Aldarrikapen horretan bidelagun ehunka herritar izan zituzten Donostiako martxan. Baita ezker abertzaleko, Aralarreko, Ezker Batuko, Alternatibako eta Zutik-eko Gorripidea ildoko kideak ere. Han ziren, besteak beste, Ainhoa Beola eta Rebeka Ubera Aralarreko kideak, Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkatea (Gipuzkoa), Ricardo Ortega San Markos Mankomunitateko lehendakaria eta Arantxa Gonzalez EBko batzarkidea. Eguzki talde ekologistako kideak, taldearen ikurra zuten banderak eskutan, eta Ekologistak Martxan taldekoak ere izan ziren protestan; eta babesa agertua zuten Greenpeace eta AHTaren aurkako Donostiako Asanbladak ere. Eta ELA, LAB, CCOO, EILAS, EHNE, ESK eta CNT sindikatuek ere bat egin zuten errausketaren aurkako aldarrikapenarekin.

Jai giroko protesta

Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinakundeak, ohi bezala, atzoko protesta jai giroan egin zuten. Zaldi gainean zihoazen hogei bat lagun abiatu ziren Bulebarretik martxaren buruan, eta Baserria bizirik lelodun pankarta zeraman traktorea joan zen haien atzetik. Bozgorailuetan musika ozen entzuten bazen ere, haren gainetik oihuak egiteari ez zioten utzi manifestariek bide osoan. «Osasuna bai, errausketa ez» edo «Errauste planta negozio borobila» leloak behin eta berriro oihukatu zituzten, besteak beste.

Gisa bereko aldarriak idatzi zituzten martxan zehar hainbat lagunek zeramatzaten pankartetan. Zubieta bizirik, errausketari ez, zioen batean; Zaborra atez ate bildu, osasuna eskuz esku zabaldu, beste batean; Emandako hitza errespetatu, atez atekoa orain, aldarrikatzen zuen Lasarte-Oriako herritarrek zeramatenak; eta Jada ez da beharrezkoa, errausketarik ez, berriz, Usurbil Bizirik taldeko kideek zeramatenak. Erdiguneko kaleetan zebiltzan herritarren begiradak erakarri zituzten martxa koloretsuak berak eta batukada baten erritmoek.

Amaieran, manifestua irakurri zuten plataformako kideek. Haien hitzetan, hondakinen «lege proposamenaren eztabaida ere eragotzi izanak erakusten du zer-nolako balioa duen agintean dagoen klase politikoarentzat herritarren iritziak». Agintarien zati handi bat hipokrita dela uste dute horregatik: «Parte hartzea saltzen dute, baina zer proiektutan eskatu digute iritzia?».

Hondakinen Legea eskatzen jarraituko dutela ziurtatu zuten; ingurumenaren eta osasunaren alde egingo duen legea, 2001etik derrigorrezkoa den baina egiten ez den gaikako bilketa ezarriko duena, eta errausteari atea itxiko diona. Baita ere herritarrek kudeaketa publikoan izan behar duten parte-hartzea aldarrikatzen ere, herritarrek «zaborraren trataeraren inguruan informatuta egoteko eskubide osoa» dutelako.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia