Proiektu guztien alde, manifestaziorako deia Iruñean
Proiektu politikoak aurrera eramateko eskubidea eskatuko dute abenduaren 12an izango den manifestazioan
Naiara Elola.
IruñeaHiru eskaera jasotzen ditu leloak: Torturarik ez. Epaiketa politikorik ez. Proiektu politiko guztien garapena posible da. Manifestaziora deitu dute Iruñean, lelo horrekin, abenduaren 12rako. Autobus geltoki zaharretik abiatuko da. Aste honetako atxilotuen senideek eta Auzitegi Nazionaleko epaiketen zain daudenek egin dute agerraldia, Iruñean. Atxilotuak izan dituzte gogoan. Baita atxiloketa prebentiboen harira abenduaren 9an Auzitegi Nazionalean abiatuko den epaiketako hamahiru lagunak ere.
Izaskun Goñik hartu zuen hitza atxilotuen senideen izenean. Aste honetakoen gisako polizia operazioek ez dutela inolako funtsik salatu du. «Sarekadetan atxilotzen dituzten lagun gehienak torturatu egiten dituzte, froga faltsuak lortzeko. Behin-behineko espetxealdi luzeak ezartzen dituzte, eta berme handiak eskatzen dituzte, diru xantaia egiteko». Horrez gain, atxilotutako asko eta asko denbora pasa ondoren aske uzten dituztela eta inor ez dela gertatukoaz arduratzen jakinarazi du Goñik. Hala, errepresio sistema hori alde batera uzteko eskatu dute, inkomunikazio egoera kentzeko eta errugabetasun presuntzioa errespetatu eta bermatzeko. Eta, NBEk esaten duen moduan, inkomunikazioa bertan behera uzteko exijitu dute. Hargatik torturarik ez leloa.
Bestetik, proiektu politiko guztiak aurrera eramateko «eskubidea» aldarrikatuko du. Horregatik Epaiketa politikorik ez. Proiektu politiko guztien garapena posible da leloa.
Goñiren hitzetan, «Espainiak aste honetakoaren gisako operazioen bitartez Euskal Herria suntsitu nahi du». Gainera, Espainiako Poliziak euskal gaztediarekiko «obsesioa» duela irizten dio Goñik, «gizartearen sektorerik borrokalariena dela dakitelako».
Bestetik, atxiloketa prebentiboen harira abiatutako polizia operazioen ondorioz egitekoak diren epaiketak arbuiatu dituzte. Auzitegi Nazionalari eta Espainiako Gobernuari horrelako epaiketak bertan behera uzteko eskatu die, «ez direlako justuak eta ez dutelako inolako zuzenbide oinarririk».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
