Usurbildarren %76,8 ongi edo oso ongi moldatu dira zaborren atez ateko bilketara
Hondakinen herri ekimen legegilea ez dutela eztabaidatu salatzeko protesta egingo dute gaur
Erredakzioa.
DonostiaUsurbilgo (Gipuzkoa) herritarren %68 zaborrak gaika biltzearen alde daude, eta %76,8 ongi edo oso ongi moldatu dira zaborrak biltzeko sistema berrira. Aztiker enpresak egindako inkestaren datuak esku artean, Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondok «arrakastatsutzat» jo ditu gaikako bilketaren sistemak izandako emaitzak eta herritarren artean edukitako harrera. «Birziklatu nahi duenarentzat atez ateko sistema aukera ezin hobea dela erakusten dute datuek». Gaur egun, Usurbilgo birziklatze tasa %82 da, eta hortik gora igoko dela espero du Errekondok.
Duela zortzi hilabete hasi zen atez ateko bilketa Usurbilen, eta udalak herritarren asebetetze maila eta iritziak jaso nahi izan ditu inkesta baten bidez. «Herritarrak hasieratik izan ditugu bidelagun, eta aukera hau baliatu nahi izan dugu haiei galdetzeko».
Hasierako kezka zen herritarrak sistema berrira nola moldatuko ote ziren. Bildu dituzten emaitzen arabera, herritarren %12 baino ez egokitu da gaizki edo oso gaizki gaikako bilketara. Hamar herritarretik zazpik ez dute zalantzarik sistemaren inguruan, eta ongi moldatu dira ordutegira. Hori kontuan hartuta, herritarrek atez atekoari buruz duten iritzia ere aldatu egin da hilabete hauetan. «Hasieran alde zeudenek alde jarraitzen dute, zalantzan zeuden bi heren alde jarri dira, eta kontra zeudenetatik laurdenak iritziz aldatu dute».
Errekondok adierazi du halere beti dagoela zer hobetua. Horretarako, herritarrek egindako proposamenen artean, esanguratsuenak hauek dira: kalean zakarrontzi gehiago jartzea, zaborra gauez biltzea, ordutegia zabaltzea eta hondakin mota bakoitza egun gehiagotan jasotzea.
Manifestazioa, Donostian
Gipuzkoako Erraustearen Aurkako Plataformen Koordinakundeak deituta, manifestazioa egingo dute gaur Donostian. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Bulebarretik; salatu nahi dute Eusko Legebiltzarrak ez eztabaidatu nahi izana eurek aurkeztu zuten Hondakinen Lege egitasmo herritarra, eta aldarrikatu nahi dute lege hori inoiz baino beharrezkoagoa dela. «Herritarrok zaborrak sortzearen eta tratatzearen inguruan informatuta egoteko eta parte hartzeko eskubide osoa dugu», adierazi dute antolatzaileek. Halaber, berretsi dute hondakinen kudeaketa osasungarriaren alde egiten jarraituko dutela. Hainbat talde ekologistaren sostengua jaso dute, baita sindikatu ia guztien eta bost alderdi politikok.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
