Euskarazko hedabide nafarrek ez dute dirurik jasoko
Hezkuntza Departamentuko diru saila «beste lehentasun batzuetan» erabiliko du Nafarroako Gobernuak
Mikel Peruarena.
Euskararen Legea onartu zenetik, 1986tik, lehen aldiz, Nafarroako euskarazko hedabideek ez dute diru laguntza deialdirik izango. Hala baieztatu du Xabier Azanza Euskarabideko zuzendariak Euskalerria irratiari egindako adierazpenetan. Ez dela momentu «gozoa» adierazi du Azanzak, eta berria «porrot» gisa hartu duela. Iazko aurrekontuan gorde zen 9.587 euroko laguntza ere kolokan egon liteke, deialdirik egin ezean.
Astelehenean bildu zen Nafarroako Gobernua, eta bilera hartan ez zen erabaki euskarazko komunikabideentzako diru laguntzen deialdia egitea. Hurrengo egunean elkarrizketa eman zion Xabier Azanzak Xorroxin irratiari, eta horren berri eman zuen. «Kontua da, epez hain estu ibilita, oso beltz ikusten dudala», aitortu zuen orduan. Topaguneko, Euskarazko Hedabideetako eta Nafar-Presseko ordezkariek oharra atera zuten, beren kezka agertzeko. Xabier Azanzari eskatu zioten egoera «erogarria» desblokeatzeko. Uztailaz geroztik Euskarabidea agintzen aritu den 240.000 euroko laguntzak eskuratzeko, Nafarroako Gobernuari presio egiteko ere eskatu zioten.
Euskarabideko zuzendariak berretsi egin du, ordea, Gobernuak ez duela diru laguntza deialdirik egingo aurten. Baztan-Bidasoako hizkeren azterketa dialektologikoa liburuaren aurkezpenean galdera egin zioten, atzo, Azanzari, eta han baieztatu zuen Gobernuaren ezezkoa, Euskalerria irratiak jakinarazi duenez. Hezkuntza Departamentuak gordea zuen diru poltsa bat, 240.000 euro ingurukoa, aurrekontuetatik apartean. Euskarabideak handik pentsatua zuen diru laguntzak banatzea. Orain, ordea, Gobernuak «beste lehentasun batzuk» dituela azaldu du Azanzak, eta diru horri beste erabilera bat emateko asmoa duela. Erabakia Alberto Catalan Hezkuntza kontseilariari egotzi dio Azanzak, eta, Euskarabidea beste pertsona batek zuzenduko balu ere, ez litzatekeela aldaketarik izango ildo horretan.
Arazoa iaztik dator. 2009rako 9.587 euro besterik ez zituen gorde Nafarroako Gobernuak. Carlos Perez-Nievas orduko Hezkuntza kontseilariak eta Xabier Azanzak behin eta berriro errepikatu zuten diru laguntzak desblokeatzea lortuko zutela, 240.000 euro inguru banatuko zituztela. Uztailean, hain justu, Euskarabideak diru kopuru hori eskuratu zuela adierazi zuten Azanzak eta Perez-Nievasek. Baina UPNko gobernuak blokeatu egin zuen diru saila, krisi ekonomikoari aurre egiteko beharrezko zela argudiatuta.
Irailaren 28an, UPNk CNDrekin zuen gobernu akordioa hautsi zuenean, Perez-Nievas kargutik egotzi zuten. Azanzak une hartan aditzera eman zuen Perez-Nievasek lortu zuela desblokeatzea euskarazko hedabideentzako diru saila. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak diru laguntzen deialdia lehenbailehen egiteko eskatu zion, orduan, Azanzari. Deialdia ez zen egin, ordea, eta Topaguneak berak egin zuen salaketa, hamar egun geroago: «Diru saila ezerezean gelditu da, Nafarroako Gobernuaren barruko Euskarabideak ez duelako laguntzen deialdia garaiz argitaratu». Azken honekin, hirugarren aldiz blokeatu du Nafarroako Gobernuak diru sail bera.
Euskalerria irratiak 30.000 euroko isuna espero du Madrildik
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
