Erraustearen aurkako lege ekimenaren eztabaida ukatzea salatuko dute etzi
Donostian egingo dute manifestazioa; UGT ez beste sindikatu guztiek eta bost alderdi politikok babestu dute
Mikel Peruarena.
DonostiaHaserre daude errauste plantaren aurkako Gipuzkoako plataformako kideak. 30.000 sinadura behar zituzten haiek prestatu zuten hondakinen lege egitasmo herritarra Eusko Legebiltzarrean eztabaida zedin. Sei hilabetean 35.000 sinadura bildu zituzten, baita Legebiltzarrean aurkeztu ere. «Aspertuta gaude komunikabideetan entzuten gizartearen parte-hartzea bultzatu beharra dagoela; eta gero, ordubete baino gutxiago iraun zuen bilera batean, PSE-EEk, PPk eta EAJk, eusko-demokraziaren jauntxoek, erabaki zuten 35.000 pertsonak aurkeztu genuen proposamenak ez zuela eztabaidarik ere merezi». Legebiltzarrak ez zuela lege egitasmoa eztabaidatuko erabaki zuten alderdi horiek. Kritika zorrotza egiten ari dira, harrezkero, errauste plantaren aurkako taldeak. Atzo agerraldia egin zuten Donostiako udaletxean, larunbatean manifestazioa egingo dutela jakinarazteko. Arratsaldeko bostetan hasiko da protesta, Bulebarretik abiatuta. Hondakinen legea, oraindik ere, beharrezko dela aldarrikatuko dute, eta salatuko dute agintariek ez dutela herritarren hitza aintzat hartzen.
Sindikatu ia guztiek babestu dute ekimena -UGT ez beste gainerakoek-. Bost alderdi politikoren eta hainbat talde ekologistaren sostengua ere jaso dute manifestazioaren antolatzaileek. Hondakinen lege egitasmoa Legebiltzarrera iritsi ez izanak erakusten du, talde horien arabera, «agintean dagoen klase politikoarentzat» herritarren iritziak ez duela baliorik. «Parte-hartzea saltzen dute, baina zein proiektutan eskatu digute herritarroi iritzia?», galdetu dute. Horrenbesterekin, demokrazia kontzeptua «kakaztuta» dagoela ere ondorioztatu dute: «Gizarteari geratzen zaion irteera bakarra kalean gure amorrua adieraztea denean, zera esan nahi du: hemen askatasun demokratikoak agintean daudenentzat edo haiekin ados daudenentzat direla soilik».
«Herritarrok zaborra sortzearen eta hura tratatzearen inguruan informatuta egoteko eta parte hartzeko eskubide osoa dugu», aldarrikatu dute manifestazioaren antolatzaileek. «Multinazional politiko eta ekonomikoek» izan ditzaketen proiektuez bestelakoak defenditzeko eskubidea ere badutela azaldu dute, eta larunbatean horren alde egingo dutela Donostiako manifestazioan.
Atez ateko bilketaren alde
PSE-EE, PP eta EAJ alderdiek atzera bota zuten hondakinen lege egitasmoa, hala ere, beharrezkotzat jotzen du errauste plantaren aurkako Gipuzkoako taldeen koordinakundeak: «Hondakinen kudeaketa osasungarria defenditzen jarraituko dugu». Atez ateko bilketaren alde lanean jarraituko dutela ere zehaztu dute. Hondakinak biltzeko sistema horrekin hondakinen %80tik gora bereizita biltzen direla nabarmendu dute, «beste edozein sistemaren bidez %35era nekez iristen den bitartean».
Atxikimenduak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
