Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 19:43

EUSKALHERRIA;2009-11-26;Manifestaziora deitu dute atxilotuen senideek etzirako Bilbon, proiektu guztien alde. Denek argi dute independentziaren alde lan egiteagatik eta gizartean mezu hori zabaltzeagatik atxilotu dituztela Kezkatuta dira, etxetik eraman zituztenetik haien berririk ez daukatelako

Manifestaziora deitu dute atxilotuen senideek etzirako Bilbon, proiektu guztien alde

Denek argi dute independentziaren alde lan egiteagatik eta gizartean mezu hori zabaltzeagatik atxilotu dituztela

Kezkatuta dira, etxetik eraman zituztenetik haien berririk ez daukatelako

Xan Harriague.

Usurbil

Fernande Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindutako azken polizia operazioaren aurrean, kalera ateratzeko deia egin dute 34 atxilotuen senideek eta lagunek. Inongo oinarri juridikorik ez duela argi dute, eta besteak beste salatu nahi izan dute independentistak izateagatik eta independentziaren alde lan egiteagatik atxilotu dituztela. «Etorkizun aske batekin amesteaz gain, horren alde lan sozial eta politikoa egitea da poliziek eta guardia zibilek haien atxikitzeko eta inkomunikaturik edukitzeko arrazoi bakarra». Manifestazioa 17:00etan abiatuko da, Bilboko Aita Donostia plazatik Proiektu guztiak, eskubide guztiak lelopean.

Ehun bat senide eta lagun bildu ziren atzo arratsaldean Usurbilgo frontoian deialdia plazaratzeko. Guztien izenean, Izaskun Azkarate Maialen Elduaren amak eta Lurdes Larrate Irati Mujikarenak hitz egin zuten. Atxiloketak salatzeaz haratago, elkartasuna helarazi nahi izan diete haien senideei. «Dauden lekuan daudela ere, gure indar guztia eta mugarik gabeko maitasuna bidali nahi diegu».

Kezka zen nagusi Usurbilgo frontoian bildu zirenen artean, ez baitakite non eta nola dauden haien senide eta lagunak. Badakite, ordea, Azkaratek azpimarratu duenez, «inkomunikazioa eta torturak sinonimoak izan ohi» direla. Horren harira, argi utzi nahi izan du ez direla soilik «egoerak berebiziko kezka eta ezinegona» eragiten dieten guraso, anai arreba eta lagunen hitzak. Nabarmendu nahi izan du Espainiako Gobernuari behin eta berriz inkomunikazioa bertan behera uzteko eskatuz, NBEko giza eskubideen kontalariak, Amnesty Internationalek eta Torturaren Prebentziorako Komiteak agerian utzitako ondorioa dela.

Azken 30 urte hauetan, gazte mugimendu independentistaren aurka egindako «erasorik handiena eta larriena» da, Azkarateren erranetan, nahiz eta onartzen duen injustizia hori pairatu behar izan duten lehenak ez direla izan. «Soka luzea da independentziaren alde dauden gazteen aurkako erasoena». Polizia operazio «masiboak» eta «guztiz arbitrarioak» dira, haren hitzetan. Azkenaren neurriak berak hori frogatzen duela uste du: 34 atxilotu, 40 bat atxilotzeko agindu eta 100 bat miaketa. Hori guztia independentziaren aldeko pentsamendua gazteen artean zabaltzeagatik eta independentziaren aldeko proiektuak sortzeagatik, senide eta lagunen arabera.

Hausnartzeko deia

Egoera ikusirik, gogoeta egiteko deia egin die Euskal Herriko eragileei, haien buruari galde diezaioten gazteek beren ideien alde lan egiteko eskubiderik baduten. «Zer-nolako etorkizuna du herri batek eskubideen aldeko eta amesten duten proiektu baten aldeko lan hutsa egiteagatik gazteak atxilotu eta espetxeratzen badituzte?».

Bestalde, astearte gauean atxilotu zituztenetik, gero eta gehiago dira haien aldeko elkartasun mezuak, eta polizia operazioa salatzeko manifestazio eta elkarretaratzeak. Leioako campusean 80 lagun bildu ziren atzo, Arangoitiko Irakasle Eskolan 100 eta San Mamesko Ingeniaritzan 15. Herriz herri, berriz, 300 herritar bildu ziren Zaldibian eta Andoainen bertze 120. Donostian manifestazioa egin zuten ilunabarrean, eta Iruñerriko LAB sindikatuak elkarretaratzera deitu du gaurko 18:00etan, Iruñeko udaletxearen aurrean.

 

PPko eta PSE-EEko gazteriek EGKren zuzendaritzaren dimisioa eskatu dute



Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko zuzendaritzaren dimisioa eskatu dute JSE-EGAZ eta Nuevas Generaciones elkarteek, PSE-EEko eta PPko gazteriek alegia. Herenegungo atxiloketak salatzeko zabaldutako prentsa agiriak EGK-ko gehiengoa ez duela ordezkatzen uste dute. Zuzendaritza ordezkatzeko berehalako batzarra eskatu dute.

EGK-k herenegun kaleratutako prentsa oharrean ez bezala, PPko eta PSE-EEko gazteriek ez dute dudarik polizia operazioren helburuari buruz. Horren harira, aukera aprobetxatu nahi izan dute, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak bezala, Espainiako Segurtasun Indarrei zorionak emateko, ETAri indarra kentzen eta hura deslegitimizatzen lagundu dutelako astearteko polizia operazioan.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia