Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 18 - 11:41

EUSKALHERRIA;2009-11-24;Protokoloak eskatu dituzte laneko sexu jazarpena bukatzeko. Indarkeria matxistaren aurka egiteko, 11 neurri proposatu dituzte ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek

Protokoloak eskatu dituzte laneko sexu jazarpena bukatzeko

Indarkeria matxistaren aurka egiteko, 11 neurri proposatu dituzte ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek

Erredakzioa.

Bilbo

Lantokietan sexu jazarpena bukatzeko protokoloak abian jartzeko eskatu diete erakunde publikoei ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek. Genero indarkeriari aurre egiteko 11 neurri jasotzen dituen agiria aurkeztu dute sindikatuek, bihar Genero Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Erasoen kopuruak igo egin direla esateko goizegi dela iritzita ere, krisia dela-eta andreen lan baldintzek okerrera egin dutela eta horrek haien egoeran txarrerako eragin duela argi dute. Eta hori indarkeria sexistaren «beste aurpegi bat» dela.

«Auzian ardura duten erakundeei, gobernu, patronal eta administrazioei, neurri jakinak hartzeko betebeharra bere egiteko eskatzen die gehiengo sindikalak». Horien artean, laneko sexu jazarpena bukatzeko protokoloak eta berdintasun planak aipatu dituzte. Era berean, hezikidetza eredua sustatzeko, zaintza eta etxeko lanetan erantzunkidetasuna aitortzeko eta emakume etorkinen eskubideak bermatzeko eskatu dute sindikatuek. Lan osasunaren arloan andreen arazo espezifikoak aitortzeko ere eskatu dute agirian, baita negoziazio kolektiboetan gizon eta emakumeen berdintasuna integratzeko, gizarte zerbitzu publiko eta integralak ziurtatzeko eta neurri horiek guztiak gauzatzeko beharrezko aurrekontua bermatzeko ere. «Hori guztia emakumeen aurkako indarkeriak inolako lekurik izango ez duen eredu berria eraikitzeko», adierazi dute sindikatuek.

Kalera ateratzeko deia

Bide horretan, gizarte osoaren inplikazioa eskatu du gehiengo sindikalak. Hala, herritarrei biharko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete. Sindikatuek bihar eguerdirako deitu dituzte elkarretaratzeak: Bilbon, Diputazio aurrean; Donostian, Bulebarrean; Iruñean, Udaletxeko plazan; eta Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan. Arratsalderako emakume taldeek deitutako ekimenetan parte hartzera ere deitu dute.

Bihar kalera ateratzeko eta mobilizatzeko deia egin die herritarrei ezker abertzaleak ere. «Emakumeon kontrako indarkeria gure herriko arazo sozio-politiko nagusietakoa dela ondoriozta dezakegu», adierazi du, ohar batean. Kalera ateratzeko «arrazoi asko» daudela uste du horregatik.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia