2009-11-24
120 preso inguruk ez dute izan aurrez aurreko bisita azken hiru asteetan
Presoen senideak miatzeko hartzen ari diren neurrien aurkako salaketak jarri dituzte hainbat familiartekok
Erredakzioa.
GasteizAzken hiru asteotan 120 preso inguruk galdu dute hilean behin senideekin aurrez aurre egoteko izaten duten aukera, senideek miaketei uko egin dietelako. Hala, asteburu honetan 50 preso geratu dira bisitarik gabe. Egoera berbera behin eta berriz errepikatzen ari da kartzeletan azken asteotan. Atzo ere Mikel Etxaburu euskal presoak senideekin hilean behin aurrez aurre egoteko duen aukera galdu egin zuen, haren senideek uko egin ziotelako espetxezainek egin nahi zizkieten miaketei. Villabonako espetxean dagoen Raul Alonso ere bisita gabe geratu zen atzo.
Etxerat-ek jakinarazi duenez, asteburu honetan Aranjuezko espetxera hurkoa bisitatzera joandako senideek oharra topatu dute sarrerako leihatilan esanez detektagailuak antzeman ezin ditzakeen objektuak direla eta, familiarteko guztiei gorputza ukituta miaketak egin ahalko dizkietela, eta osorik biluzaraziko dituztela.
Presoen senideak miatzeko hartzen ari diren neurrien aurka euskal presoek protestak egin dituzte hainbat espetxeetan. Esaterako Mikel Etxaburu preso dagoen Alcala Meco espetxeko hirugarren moduluko presoek zerbitzu buruarekin bilera egiteko eskatu zuten atzo, eta hark miaketa egiteko agindua orain dela hilabetekoa dela argudiatu zuen. Hori dela eta, Alcala Mecoko euskal presoek gaur itxialdia egingo dutela, eta ez dutela ezer jango adierazi zioten zuzendariordeari.
Senideen salaketak
Presoen senitartekoek ere hainbat salaketa jarri dituzte miatzeko neurrien aurka. Larunbatean, Valencia II espetxean, Jose Beaumont presoaren emaztea, arreba eta bi seme-alabek miaketari uko egin ziotelako, aurrez aurrekorik gabe utzi zituzten. Horren aurka salaketa jarri zuten espetxean, eta aste honetan zaintza epaitegian ere aurkeztuko dute. Antzeko egoera izan zuten Puertoko kartzeletan. Hiruretan miaketei uko egiteagatik bisita galdu zutelako salaketa jarri zuten senideek. Puerto I eta II espetxeetan lau presoen senideek galdu zuten bisita. Puerto III kartzelan ere gauza bera gertatu zitzaien Xabier Alegriaren eta Xabier Rey-ren senideei. Ocañan Iñaki Pujana, Koldo Hermosa eta Jose Ignacio Gaztañagaren senideek bisitarik gabe utzi zituzten larunbatean, eta horregatik salaketa jarri dute zaintza epaitegian. Nuria Alzugarai ren ama eta bi nebek ere bisita galdu zuten, eta Villenako espetxean eta epaitegian salaketa bana aurkeztu zuten.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
