2009-11-21
Urtero lasaitasun osoz egin izan den lore eskaintzara joan, ekitaldia grabatu, eta 'Josu Muguruza PSOEk eraila' zioen pankarta kendu zuten, zakar, ertzainek.
Krabelinak ertzain artean
A. Laskibar.
BilboGoizetik elkartzen dira Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren seniderik gertukoenak urtero azaroak 20 dituenean. Elkarrekin joaten dira bien omenez Ametzola parkean dagoen monolitora eta Errekaldeko Plazan Muguruzaren omenez dagoen oroitarrira. Hildako bi militanteen kide izan zirenek ez dute hutsik egiten, eta herritar askok laguntzen dituzte goizeko ekitaldi xumeetan, krabelin gorriak eskaintzen.
Atzo ere ez zuten hutsik egin ez senideek, ez herritarrek, ezta krabelin gorriek ere. Tasio Erkiziak hartu zuen hitza Errekaldeko ekitaldian, duela 25 urtetik ezker abertzaleak errepikatzen duen salaketa egiteko: «Estatu krimenak izan ziren Santiren eta Josuren hilketak, eta oraindik ez dute argitu non prestatu zituzten, nork ordaindu zituen hilketa horiek».
Espainiako Gobernuan PSOE zegoen garaiak ziren bi militanteak hil zituztenekoak. Eta Erkizia seguru dago bai Gobernuko kideek bai Garzon epaileak badakitela nor den X jauna, hilketak agindu zituena. «Esan dezatela argi Felipe Gonzalez, Alfonso Guerra edo erregea izan zen».
Brouarden eta Muguruzaren argazkien erdian zuen atrila Erkiziak, Muguruzaren oroitarriaren ondoan. Oroitarriari lotutako pankarta txikiak Josu Muguruza, PSOEk eraila zioen. Ikurrina zeukan alboan lotuta.
Eta ekitaldia bertatik zaintzera joandako ertzainei larriegia iruditu zitzaien akusazioa, nonbait. Erkizia abertzaleak batu beharra aldarrikatzen ari zela, ikurrina eta pankarta kentzera joan ziren. Zakar apurtu zituzten, eta Erkiziak, harrituta, hitzaldia segundo batzuetan eten zuen.
«Alde hemendik, utzi bakean» eta «jo eta ke, irabazi arte» oihukatuta erantzun zuten herritarrek. Muguruza eta Brouarden senideek ezin zuten ikusten ari zirena sinistu. Lasaitasuna eskatu zuten. Erkiziak hizketan jarraitzen zuen bitartean, Ertzainengana joan ziren azalpen eske. Erantzun zakarra jaso zuten. Aginduak betetzen zituztela eta ados ez bazeuden epaitegian salaketa jartzeko esan zieten.
Erkiziak halako egoerak gainditu beharra nabarmendu eta ezker abertzalearen apustua goraipatuz jarraitu zuen. Euskal Herriak etorkizuna erabakitzeko Estatuarekin «konfrontazio demokratiko tinkoa» egin behar duela esan zuen, eta horretarako abertzaleak batzea ezinbestekoa dela. «Asko gara, bil gaitezen».
TASIO ERKIZIA
Ezker abertzaleko kidea
EDURNE BROUARD
Santi Brouarden alaba
Ekitaldiak egingo dituzte gaur eta bihar Lekeition
Faxisten aurkakoek ere egin dituzte omenaldiak egunotan
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
