2009-11-13
Arzalluzek dio «jende xeheari entzun» eta abertzaleek bat egin behar dutela
Alderdien artean gezurrik eta irainik ez botatzea izan beharko luke lehen urratsa, jeltzalearen ustez
Xan Harriague.
TolosaXabier Arzalluz EAJko EBBko presidente ohiaren arabera, abertzaleen artean bat egiteko garaia iritsi da. Jende xeheak ere hori eskatzen duela uste du. Foroetan eta alderdien arteko elkarrizketetan ez du sinesten, ordea. Abertzaleen arteko batasuna gauzatu ahal izateko bere ideia dauka, baina publiko egiteak ez du balio, harren erranetan. Abertzaleen artean irainak eta gezurrak baztertzetik hasi behar da, baita alderdien barnean ere. «Ez dut esaten alderdi bakar bat egin behar denik, baina denen artean ongarria jarri gainean loratu ahal izateko». Horrez gain, oso garrantzitsua iruditzen zaio lehengo kontuak alde batera uztea. «HBrekin bildu naizen aldi oro bat bertzeari lehengo kontuak leporatzen aritu gara».
Atzo ilunabarrean Tolosako kultur etxean emandako Euskal Herria, mapa bat baino gehiago hitzaldiaren baitan egin zituen adierazpen horiek. Aretoa txiki gelditu zen. Jendea urrunetik hurbildu zen EBBko presidente ohia entzuteko. Erratebaterako Bilbotik eta Urola eskualdetik bat baino gehiago etorri ziren. Arzalluzek ez dauka dudarik Espainiako Alderdien Legea ez zela sortu «terrorismoaren» aurka egiteko. EAJ Eusko Jaurlaritzatik botatzea zen haren helburua, berak dioenez. Lizarra Garaziko akordioa eta gero ezker abertzalea Ibarretxeri boto batzuk ematen hasi zenean Madrilen «argi gorriak» piztu zirela uste du, eta oroitarazi orduan zutela Alderdien Legea sortu. Independentzia galarazteko Jose Mari Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiaren estrategia zela ez dauka zalantzarik. «Erabakitzeko eskubidea eta autodeterminazioa gauza bera dira. Ibarretxek hori atera zuen eta hura bota arte ez dira gelditu». Historiak berak horren froga ematen duela uste du jeltzaleak. «Bere garaian denek eskatzen genion HBri Eusko Legebiltzarrera etortzeko, dena defendatzen ahal zelakoan. Eta orain, berriz, bota egin dute».
Patxi Lopezen gobernua PPren politika egiten ari da, Arzalluzen arabera. PSE-EEk PPren «xantaiari» men egin diola uste du «botoak galtzearen beldurrez». Baina benetako garailea alderdi popularra dela ez dauka dudarik. «PSE-EE lehen ez zen horrelakoa, eta orain espainializatzeko politika eramaten du. Gure nortasunarekin amaitu nahi dute. Horiek dira gure etsaiak».
EAJ Euskal Herrirako estatu propioa lortzeko sortu zela argi utzi nahi izan du. Autonomista izatearen kritika ez du onartzen. Gaur egun abertzale bigun asko daudela uste du hala ere, alegia, «interesen» arabera mugitzen direnak edo «politikoki zuzenak» izan nahi dutenak». Zorrotza izanez asko galtzen dela eta estrategia eta taktika berezi behar direla diotenen argudioek ez diote balio, ordea. «Askok garrantzi gehiago ematen diete interesei aberriari baino». Aholkuak ematea ez zaio gustatzen baina armen eta politikaren artean hautatu behar dela ere argi du. «Biak batera ezin da. Tiroak ez du balio. Hemen balio duena botoa da». Ziur dago Gobernu batek gehiengo baten aurka ezin duela ezer egin luzera. Goiz hala berandu Euskal Herriak bere estatua lortuko duela ez dauka dudarik. Europaren egoerak hori erakusten duela azpimarratu du, Yougoslavia, Txekoslovakia eta Eskoziaren adibideak aipatuz.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
