2009-11-08
Senide ugarik bisita galdu dute eta bat atxilotu egin dute
Presoak ikustera sartu ahal izateko senideak miatzera behartu dituztenean sortu dira liskarrak espetxeetan
Aitziber Laskibar.
Astean behin izaten dute presoen senide eta lagunek hurkoa ikusteko aukera. Ehunka edo milaka kilometro egin ohi dituzte astebururo presoa 40 minutuz kristal eta barratzarren atzean ikusi ahal izateko. Hilean behin, seniderik gertukoenek hurkoa aurrez aurre ikusi ahal izaten dute. Besarkatu eta ikutu. Atzo, dozenaka ziren aurrez aurreko bisita zutenak. Baina senide askok hurkoa ikusi gabe itzuli behar izan zuten etxera. Bat, gainera, atxilotu egin zuten semea ikusi nahi izateagatik.
Etxerat-ek jakinarazi duenez, Madrildik espetxeetara igortzen ari diren agindua da liskarren sorburua. Aurrez aurrekoa egitera doazen senideak goitik behera miatzeko agintzen ari zaie espetxe zaindariei. Kartzeletara sartzeko igaro behar diren kontrol eta metal detektagailuak ohi bezala pasatzeaz gain, senideen gorputzak banan-banan ukituta arakatzeko. Hori egiten hasi dira funtzionarioak. Baina senide askok, bere eskubideak eta intimitatea urratzen ari direla eta, uko egin diete miaketa horiei. Ondorioz, ezin izan dituzte hurkoak ikusi.
Galiziako Curtis kartzelan, gainera, atxilotu egin dute Iñaki Peña presoaren aita. Hango presoen senideei ukatu egin zieten miaketa gabe hurkoak ikustea. Hala ere, Peñaren aita bisitak egiten diren areto batera sartzen saiatu zen. Guardia Zibila joan, eta atxilotuta eraman zuten. Iluntzean askatu zuten.
Huelvako presoek ere galdu zuten aurrez aurrekoa. Kristal atzeko bisita zuten presoak protesta gisa bisita aretotik joan ziren gertatutakoa jakitean.
Herrera de la Manchan, miaketa egiteaz gain, zuriz zegoen paper bat sinatu behar zutela esan zieten senideei. Baldintza horiei uko egin, eta aurrez aurrekoa galdu zuten horiek ere. Alacanteko Villenan eta Almerian ere aurrez aurrekorik gabe geratu ziren.
Cadizen dagoen Puerto II kartzelan, Murtziakoan, Soriakoan eta Teruelekoan ere aurrez aurreko bisitak galdu zituzten.
Beste senide batzuek, bisita ez galtzearren, onartu egin zuten baldintza. Jaen, Algeciras, Alicanteko Foncalent, Valentzia III eta Soto del Realen, esaterako. Tentsio uneak bizi izan ziren. Soton, adibidez, haurrak ere goitik behera ukituta miatu zituzten, horien negar eta garrasi artean.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
