Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 19:40

EUSKALHERRIA;2009-11-05;Bilbo eta Valentzia, AHTaren bidez, lau ordu eskasetan lotuko dituztela agindu dute. AHTko lanak ahalik eta gehien azkartzeko eskatu dio Patxi Lopezek Espainiako Sustapen ministroari

Bilbo eta Valentzia, AHTaren bidez, lau ordu eskasetan lotuko dituztela agindu dute

AHTko lanak ahalik eta gehien azkartzeko eskatu dio Patxi Lopezek Espainiako Sustapen ministroari

Erredakzioa.

Bilbo eta Valentzia (Herrialde Katalanak), AHTa baliatuz, lau ordu eskasetan lotuko dituztela agindu du Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak. Atzo, Zaragozan eginiko ekitaldian (Espainia), Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa lotuko dituen abiadura handiko trenaren igarobidearen aurkezpena egin zuen Blancok, eta han eman zuen egitasmoaren nondik norakoen berri. Ekitaldi berean izan ziren Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea, Espainiako hainbat komunitate autonomotako ordezkariekin batera, eta han, Patxi Lopez lehendakariak AHTaren eraikuntza lanak ahalik eta gehien bizkortzeko eskatu zion Blancori. Bizkortasun horren barnean, ingurumenari eragindako kaltea ahalik eta gehien gutxitzeko ere eskatu zion.

Igarobideak Teruel eta Zaragoza (Espainia) eta Ebroko harana zeharkatuko ditu. Euskal Herriarekiko lotura, aldiz, bi bidetatik egingo da: bata Logroñotik (Espainia) eta bestea Cortestik (Nafarroa). Ostean, Bilbotik izango du Kantabriara (Espainia) arteko jarraipena. Espainiako Sustapen ministroak nabarmendu duenez, «etorkizuneko proiektu hau elkar ulertzearen fruitua da», eta Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa trenaren bidez lotzearen «aspaldiko itxaropena» beteko duela azpimarratu du. Espainiako Gobernuak trenaren alde eginiko apustua ere berretsi du Blancok. Haren arabera, «trena garraiobide garbia, segurua eta modernoa da», eta Espainiako Gobernuak bultzatu nahi duen eredu ekonomikoari erantzuten dio: «Behar sozialak asetzen dituen eredua» da.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere giltzarritzat jo du Kantauri-Mediterraneo igarobidearen garapena, «etorkizunaren trena ez galtzeko». Krisi garaian lanpostuak sortuko dituela ere nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak, Patxi Lopezek bezala, ETAk AHTaren aurka eginiko ekintzak gogorarazi ditu, eta esan du «askatasunaren defentsatik kanpo dagoen inork» ez duela trena eraikitzea galaraziko.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia