2009-11-05
Euskarazko hedabideen aldeko kanpaina hasi du EEPk
Hilabete osoan egingo dute kanpaina, Ipar Euskal Herrian publiko zabala hunkitzeko asmoz
Aitor Renteria.
BaionaEEP Euskararen Erakunde Publikoak euskarazko hedabideen aldeko sustapen kanpaina ezarri du abian. Iraupena hilabetekoa izanen da, eta Ipar Euskal Herriko ahalik eta jende gehien hunkitzeko helburua izanen dute. Kanpainaren bidez, Ipar Euskal Herrian euskaraz diharduten hedabideak ezagutarazi ere nahi dituzte. Atzo, kanpainaren aurkezpenean, presente izan ziren Ipar Euskal Herriko Euskal Irratietako (Antxeta, Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza), Argia-ko, EITB taldeko, Herria, Kanaldude, Kazeta.info, Mintza, Bidasoako Hitza eta BERRIAko ordezkariak. Kanpainaren aurrekontua 60.000 eurokoa da.
Euskarazko hedabideak hizkuntza politika garatu ahal izateko eragile garrantzitsuak direla nabarmendu zuen Max Brisson-ek, EEPko presidenteak. Hezkuntzan eragiteaz gain, hizkuntza politikak euskarazko ingurumena sustatu behar duela erran zuen. Euskal hedabideek eskaintzen duten aberastasuna azpimarratu zuen. Telebistan, irratigintzan, egunkari arloan edo Interneten duten presentzia ekarri zuen gogora. «Sail guztietan garatzen den prentsa da, kalitatekoa eta hurbilekoa». Ipar Euskal Herrian «zerbitzu publikoen» eginkizuna betetzen dutela gaineratu zuen.
Sustapen kanpaina publikoa abiatu aitzin, EEPk hainbat bilkura egin ditu zenbait arlotako erabakitzaileekin, eta euskarazko hedabideak ezagutarazi eta bertan publizitate kanpainak egiteko eskaintza egin die.
Begietatik eragiteko
Kanpainaren atalik ikusgarriena zinema geletan egonen da. Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko 47 zinema aretoetako pantailetan 20 segundoko iragarki bat emango dute hilabete osoan. Irratietan ere minutu erdiko iragarkia emango dute. Horrekin batera DVD bat ekoitzi du EEPk. Bertan biltzen dira zinema eta irratietako iragarkiak, kanpainarako prestatu duten kantua eta afixak. Interneteko atarietan eta egunkarietan ere ezarriko dituzte iragarkiak.
Lau afixa mota prestatu ditu EEPk hiriko publizitate guneetan eta autobusetan ezartzeko. SNCFko geltokietan ere ezarriko dituzte afixa horiek; orain artean euskarari ateak itxi izan dizkio SNCFk.
Euskarazko hedabideen izenean, Joan Mari Larrarte EKTko kontseilari ordezkariak, BERRIAren jardunaz gain, Interneteko ataria eta Hitzen hedapena nabarmendu zituen. Kanpaina egin bitartean, prentsa idatziak ale gehiago banatuko ditu Ipar Euskal Herriko kioskoetan.
Agerraldian presente egon ziren hedabideek eskertu zuten EEPren kanpaina. Hilabeteko sustapen kanpaina ez ezik, kanpaina iraunkorragoak egiteko gomita egin zien Maite Ubiria Kazeta.infoko zuzendariak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
