Berria.info

Larunbata, 2010ko martxoak 20 -

2009-11-05

Interneten euskararen normalizazioa sustatzeko sortu da Azkue Fundazioa

Euskarazko edukiak sarean «era librean eta modu erakargarrian» bultzatzeko hainbat egitasmo abiatu dituzte

Julen Nafarrete.

Bilbo

Teknologia berrietan eta Interneten euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmoarekin sortu berri da Azkue Fundazioa. Hizkuntzen normalizazioan teknologia berriek duten garrantziaz jabetuta, fundazioak sarean hainbat baliabide elektroniko sortuko ditu, eta jada Interneten dauden ekimenak bildu eta indartuko ditu. Atzo arratsaldean, Bilbon, Euskalduna jauregian aurkeztu egin zuten.

Proiektua «irekia, parte-hartzailea eta bizia» izango dela adierazi dute sustatzaileek, eduki guztiak era librean eskuratu ahal izango direlako. Azkue Fundazioaren Patronatua bost erakundek osatzen dute: Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Euskaltzaindiak, Deustuko Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU).

Fundazioak hiru ardatz nagusi landuko ditu, Andres Urrutia Euskaltzaindiako lehendakariak zehaztu duenez: «Euskara, teknologia, eta hori guztia gizarteratzea». Haren hitzetan, asmoa «administrazioa eta unibertsitateekin sinergiak bilatzea izango da, euskara eta teknologia berriak bultzatzeko».

Rodrigo Gartzia Azurmendi Azkue Fundazioko zuzendari kudeatzaileak aitortu duen moduan, euskarak «hutsune nabarmena du ezagutza librean». Egoera hau iraultzeko, fundazioak hainbat ekimen abiatuko ditu, batez ere gaztentzat eta nerabeeentzat: «Edozein eskolatako gazte batek Internetetik informazioa euskaraz jaso nahi badu, gaur egun zailtasunak izango ditu. Beti lortuko du errazago gaztelaniaz edo ingelesez».

Baliabide erabilgarriak

Fundazioak, sarean jada abian dauden hainbat ekimen bultzatuko ditu. Horien artean, berebiziko garrantzia eman diote Wiki Plaza egitasmoari. Gartzia Azurmendik nabarmendu duen moduan, «orain arte Wikipedian nabigatzaile euskaldunek emaitza ezin hobeak lortu dituzte». Lan hori indartzeko asmoa dute fundaziotik.

Era berean, Mediategia egitasmoan orain arte euskaraz argitaratu den materialarekin artxibo multimedia bat osatuko dute. Egitasmo hauek www.azkuefundazioa.org webgunean egongo dira eskuragai.

Albisterik...

 

 

 

 

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia