2009-11-03
Txentxo Jimenez.
Aralarreko Nafarroako buruaNaBairentzat egungo mapa politikoa «oso interesgarria» dela onartu arren, Jimenezek uste du barne arazo larriak dituela eta etorkizuna ziurtatzeko konpromisoak berretsi behar direla.
«EAk eta Batzarrek ezin dute hanka bat kanpoan eta bestea barruan izan»
Joxerra Senar.
IruñeaMilitanteek gehiengo handiz (%87) onartu zuten Nafarroako Aralarren zuzendaritzak aurkeztutako txostena. Nafarroa Bairen barne egoeraz kritika gogorra egiten da txostenean, eta, 2011tik 2015era begira, konpromisoak berresteko proposamena luzatzen da. Gaur, zuzendaritza izendatu berriak NaBaiko beste eragileekin biltzeko plangintza antolatuko du. «Aralarrek zuzenean deituko die alderdiei eta independente batzuei». Txentxo Jimenez (Solera, Espainia, 1957) Nafarroako Aralarreko koordinatzaile nagusiak zail ikusten du akordioa. Eztabaida muturrera eraman nahi izan dutela onartzen du, baina beharrezkotzat jotzen du, egungo NaBaik etorkizunik ez duela iritzi baitio.
Barne prozesu horri iaz ekin zenioten. Urte eta erdian lortu ez zena urte erdian lortzea egingarria da?
Duela urte eta erdi, saio serio bat egin zen. Nafarroako Aralarrek onartutako antolamendu arloko proposamen zabal eta oso batekin ekin zitzaion prozesuari. Sei hilabete iraun zuen eztabaidak, eta porrot egin zuen. Egungo egoera ahula, agian, eztabaida prozesu haren porrotaren ondorio da. Parte-hartzea falta, da eta aurrera egiteko gogorik ez da egon.
Zergatik jarri duzue martxoaren 15a akordioa lortzeko egun gisa?
Batetik, iazko esperientziagatik. Bestetik, 2011tik 2015erako konpromiso berriak sinatzeko; ez dugu uste ona eta komenigarria denik eztabaida hauteskundeen bezperan egitea. 2011 urte hasierara barne egoera konpondu gabe iritsiko bagina, zantzu txarra litzateke, eta oso errealitate txarra aurkeztu geniezaioke gizarteari. Etorkizunerako konpromiso hori ondo eta denborarekin egin behar da. Horretarako jarri dugu martxoaren 15eko data.
EAk ikuspuntu «ezkorregia» izatea leporatzen dizue.
Gu ez gatoz bat baikortasun horrekin, arriskutsua delako. Gure ustez, errealitatea ezkutatzen da, eta arazoei eta zailtasunei uko egiten zaie. Hori ez badugu onartzen, oso zaila da esertzea eta arazook konpontzea. Arazorik ez badago, ez dago konpontzeko ezer; eta koalizioak orain bezala jarraitzen badu, gaizki hasiko gara.
Zeintzuk dira gabezia nagusiak?
Bi urte eta erdiotan, une garrantzitsuetan, bai UPNk eta PSNk egin dituzten ekimen politikoen kontra, bai gizartean garrantzia hartu duten gaien inguruan, konpromiso programatikoetan gabeziak agertu dira. Hau da, oinarri politikoetan erabateko adostasuna lortu genuen, baina orain gabezia asko antzeman ditugu, eta kasu askotan NaBairen corpus politiko nagusia - ezkerrekoa eta soziala- zalantzan jarri da.
Zer beste arazo ikusi dituzue?
Bigarrenik, antzeman dugu NaBai eskaintza instituzional bat izatera mugatu nahi izan dela, eta gizarteko arazoetatik aldentzeko joera egon dela. Oso garrantzitsua da ulertzea Nafarroa Baik gizarte mugimenduetan nahasia egon behar duela. Erakundeetan parte hartzen dugun bezala, parte behar dugu kalean. Leialtasunari dagokionez, arazo bat dago. Konpromisoa berretsi behar badugu, ezin da errepikatu orain gertatzen dena: eragile batzuk paraleloan saiatzen ari dira 2011n NaBairekin bateraezinak diren proposamenak egiten.
EAri buruz ari zara?
Bai, batetik, EA polo subiranista bultzatzen ari da, eta horrek Nafarroan eragingo luke. Bestetik, Batzarre Erriberan Ezker Batuarekin eta PSOEko jendearekin biltzen ari da, hautagaitzak aurkezteko 2011ko udal hauteskundeei begira. Biek hauteskundeetan NaBairekin lehiatzea nahi dute. Ezin dute hanka bat barruan eta bestea kanpoan izan.
Zein da Aralarrek egiten duen autokritika?
Onartu behar dugu, hasieran, koalizioari bide emateko orduan boluntarismo eta eskuzabaltasun asko egon zela. Agian, beharrezkoa zen, NaBairen moduko ezohiko proiektu bat abian jartzeko. Horrek, orain kostu batzuk ditu barne egoeran. Aralarrek autokritika egin behar du, agian gure gogo handia transmititzeko gai izan ez garelako edo agian ez garelako komunikazio bide egokienak sortzeko gai izan. Ez dugu ukatzen arduradunak ere garela, eta badugu erruaren zati bat.
Aralarren proposamenaren atzean, gaur egun Nafarroa Bairen barruan eragile bakoitzak duen pisu politikoa aldatzeko saioa dago?
Hori ez da gai nagusia. Aurretik beste lehentasun batzuk daude. Esperientziari erreparatuta, udal taldeei eta sektoreei garrantzia eman behar zaie, eta zuzendaritza moduko bat sortu behar da, horrek bermatuko duelako koalizioak bere filosofiari eustea, eta barne bizitza bideragarri egitea. Baina, era berean, ez da logikoa denok berdinak bagina bezala jokatzea. Denok ditugu eskubide eta zilegitasun bera, baina bakoitzak ekarpen desberdina egiten du. Guk horretan amore eman genuen 2004an, eta geroztik irizpide horrekin jarduten du: EAJk eta Batzarrek Aralarren pisu bera dute. Ikusi dugu hori bera Aralarren aurka erabilia izan dela.
Zuen ikuspuntuak ez du errezelorik sortuko?
NaBaik barne egoeraren errealitatea islatu behar du. Aralarri exijitzen bazaio konpromiso, ahalegin eta lan handiagoa ezin da erabakiak hartzeko orduan denok pisu bera edukitzea.
Barne antolamenduari buruzko proposamen bat egin berri du. Zer iritzi duzu?
Errespetagarria da. Batzarreren eta EAJren sinpatia bereganatu nahi du. Baina ez da posible proposamen horren gainean akordioa egitea. Denok berdin garela dioten proposamenen gainean ezin da eraiki koalizioaren etorkizuna.
Orain arte, independenteen figura oso goraipatua izan da. Txostenean, aldiz, independente batzuk oso kritikatuak dira.
Bi bloke handi daude. Jende asko eguneroko lanean murgilduta dago, eta alderdietako militanteen parte-hartze bera dute. Gero sortu zen independenteen presio talde bat. Horietako asko ez dira independenteak benetan, alderdietako karneta dutelako. Hasieratik ongiaren eta gaizkiaren gainetik jarri dira, koalizioaren salbatzaile gisa, kasu askotan, eta alderdiei kontuak eskatzen dizkiete etengabe. Barne bizitza desitxuratu dute azkenaldian.
Martxoaren 16an inolako akordiorik ez balego, Aralarrek erabat baztertua du bakarrik aurkezteko aukera?
Martxoaren 16an, behin eta berriz saiatu eta makina bat bilera egin ostean, ondorioztatzen badugu ezinezkoa dela akordioa lortzea, ikusiko genuke norekin dugun sintonia aurrera egiteko. Edozein modutan, gizarteari bermatzen diogu NaBairen hasierako proiektua jasoko duen hauteskunde proposamena egongo dela 2011n. Konferentzia politikoan inork ez zuen Aralar bakarrik aurkeztearen alde egin.
Ezker abertzale ofiziala ekimen politiko bat aurkeztekotan dabil. Aralarrek proposamen horri aurre hartu nahi izan dio?
Ez du inolako zerikusirik. Ezker abertzale ofizialak har ditzakeen ekimen politikoen inguruan behin eta berriz hitz egiten da, itxaropenak behin eta berriz pizten dira, baina gero ez dira gauzatzen. Ekimen hori zehaztu edo ez, gu behartuta gaude egunero lan egitera. Hala izan bedi, ezker abertzale ofizialak aurrera egin eta ondorioztatzen badu bide soilik politikoek ekarriko dutela konponbidea. Ez dakit zer gertatuko den. Proiektu hori bideragarri izatekotan, ETArekin zer egin argitu beharko dute, eta ez dakit zer jarrera izango duten. Badago elementu bat Nafarroa Bai uki dezakeena: alternatiba hori osatzeko orduan, EA maila guztietan parte hartzen ari da, eta EA Nafarroa Bai barruan dago. Hauteskundeetan NaBairekin lehiatuko bada, EAk ezin du NaBai barruan eta alternatiba horretan egon. Bi tokietan dagoenak du kontraesana. Ez, aldiz, Aralarrek: NaBairekin dugu konpromisoa, eta EAEn gure bidea egingo dugu beste aukera batzuk egoteko nahikoa berme daudela ziurtatu arte. Dena den, 2011 ez da inondik inora guretzat erreferentzia.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
