Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 19:39

MUNDUA;2009-11-01;Justizia, mazo kolpeka. Andeetako herritarrek, justizia beren esku hartu, eta zigor bortitzak ezartzen dizkiete ustez delituak egin dituztenei; Punon, hamar lagun hiltzen dituzte urtean.

Andeetako herritarrek, justizia beren esku hartu, eta zigor bortitzak ezartzen dizkiete ustez delituak egin dituztenei; Punon, hamar lagun hiltzen dituzte urtean.

Justizia, mazo kolpeka

Albert Gonzalez.

Puno

Inka herrietako antzinako legeek indarrean diraute Andeetako goi ordokian. Peru hegoaldean, hango kultura ondarea dela bitarteko edo lege sisteman fio ez direlako, delinkuentzia arrunta zigortzeko aplikaturiko legeek ez dute, dirudienez, gizartea asebetetzen. Horregatik, gero eta sarriago, zigor zorrotzak aplikatzen dituzte taldean, munta txikiko gaizkileen kontra. Hilabeteotan muturreko egoerak gertatu dira, esate baterako, ehunka mendekatzaile asaldatuk gaizkileak atxilotu dituzte, eta zigor zentzagarriak ezarri dizkiete, baita heriotza zigorra bera ere.

Andeetako goi ordokian, Peru eta Bolivia artean, polizia agintariek ezer gutxi egin dezakete jende haserretu horren kontra. Mendekatu nahi izaten dituzten gaizkileak, berriz, lapur txikiak izaten dira, hirigunean litxarrero ere esaten dieten horietakoak, edo abigeo izeneko abere lapurrak.

Puno eskualdean, Peru hegoaldean, eta Bolivia iparraldeko kokaguneetan, urtero hamar hildako baino gehiago izaten dira, mendeku-hartze halakoengatik. Juliacan bakarrik, eremu hartako herrigunerik jendetsuena izaki -300.000 biztanle ditu-, 2009ko lehen bederatzi hilabetean ia 40 mendeku-hartze kontatu ditu poliziak; horietatik hirutan akusatua hil egin zuten.

Beti bat eta bera da prozedura. Delituren bat egin duelako susmoa hartzen badiote norbaiti, bizilagunei dei egiten diete biltzera eta akusatua atxilotzera. Aurrez epaiketarik egin gabe, eta mendeku goseak akuilaturik, biluzik jarri eta egurtu egiten dute akusatua, zutoin bati lotuta, eta, okerrenera jota, bizirik erretzen dute. Juliaca hiriaren aldirietako auzoetan, batez ere, ez daukate bestelako modurik, gaizkileei beren delituengatik ordainarazteko. Serenazgo edo herriko poliziak bakarrik eragotz dezake, azken unean, gaizkilea hiltzea.

Herri prozesu horiek ugaltzen ari direnez, tokian tokiko agintariak larrituta dabiltza, eta lasaitzeko eskatu diete herritarrei. «Nori dagokio horrelako egintzak geldiaraztea?», dio berekiko Luis Salas Quispe Punoko Herri Defentsoriako mandatariak, eta probintzietako nahiz barrutietako alkateak dakartza hizpidera, horiek baitira herritarren segurtasun batzordeetako buruak.

Nolanahi ere, eta mendeku hartze neurrigabeak dirauen bitartean, dena delako pertsona susmagarriak besteren ondasunik ez daukala egiaztatzerik badute, edota aurretik zigortu ez dutelako orbangabea dela ikusten badute, libre ere utz dezakete. Bete-betean harrapatuz gero, ordea, harenak egin du. Otoitz egin beza, Poliziak salba dezan.

Gertakari gogoangarriak

Kasurik hunkigarrienetako bat 2007ko abuztuaren 26an gertatu zen. Patascahiko 2.000 inguru bizilagunek, Puno departamentuko Taraco barrutian, Gerardo Parisuaña bere seme Gary urkatzera behartu zuten -ozta-ozta 16 urte zituen Garyk-, ustez hainbat krimen eta lapurreta egiteagatik. Nonbait, talde bateko kide izana zen Gary, eta haiekin aritua Huancan eta San Roman probintzietako hainbat eskualdetan; guztira bost pertsona hil zituzten. Lekuko batzuek esandakoaren arabera, amak lotu zizkion begiak Garyri, urkatuko zuen sokari nork eusten zion ikus ez zezan; adingabeak negar egin omen zuen, begiak estali zizkiotenean.

Joan zen maiatzaren 2an, Juliacan, zenbait merkatarik gazte alproja bat atzeman zuen, gas baloi bat lapurtu nahian zebilela. Zutoin bati lotu zuten, kolpeka zigortzeko. Handik astebetera, familia bateko kideek beste gaizkile bat harrapatu zuten, triziklo bat lapurtzen ahalegindu zelarik, eta ia-ia hil egin zuten. Kasu bietan, lapurtua itzuli zieten jabeei.

Batzuetan, goi ordokiko justiziagileak balizko gaizkileei aihertu zaizkie, baina azkenean errugabe zirela aurkitu izan dute. Zenbaitetan, beranduegi. Hala gertatu zitzaion joan zen irailaren 5ean Jack Briceño Punoko fiskal gorenaren semeari, lintxatu egin baitzuten, inolako deliturik egin gabe. Gaizkile bat zelakoan, basaki jipoitu zuten lehenik, eta erre gero, Juliacako Santa Barbara urbanizazioan. Medikuntza ikasketak egiten ari zen Errusian, eta oporraldian zegoen jaioterrian.

Peruko Fiskaltzako iturrien ustez, Ilaveko (Boliviako mugaldea) alkate Fernando Roblesen exekuzioa mugarria izan zen, eta hari esker egin dira hain ezagun halako zigorrak. 2004ko apirilaren 26an hil zen Robles, haren balizko ustelkerien kontra protestan ziharduten herritar talde batek eman zizkion kolpe bortitzengatik. Luze egurtu zuten jendaurrean, harik eta azken arnasa eman zuen arte.

Alargun, eta justiziarik gabe

Olga Apaza 48 urteko emakumezkoa senarrik gabe geratu zen 2008ko uztailaren 17ko gauean, Juliacan. Haren senarra, Hugo Carlos Machaca, lanbide askotako gizasemea zen, eta hil zuten garaian taxi-triziklo xume baten gidari lanetan zebilen; 20 sol (4,68 euro) irabazten zituen egunean, eta sari hari esker mantendu ahal zituen lau seme-alabak.

Gau batean desagertu egin zen, eta emazteak ez zuen senarraren berririk izan, harik eta ospitaleko gorputegian ikusi zuen arte. Denda batean lapurretan ahalegintzeaz akusatu zuen herritar pila batek, beren onetik aterata. Ahoa estali zioten, eta zutoin bati lotu zuten, eta hil arteraino egurtu zuten hantxe. Poliziek ezin izan zuten esku hartu, bere onetik ateratako jendetza hark atzera eginarazi baitzien harrika.

Alargunak, errekan baitago orain, senarra errugabe dela dio behin eta berriro, eta egintza haien egileen kontrako prozesua hasi nahi du, gertakariak izan eta hamabost egunera kalean utzi baitzituzten. «Nire senarrak ez zuen ezertxo ere lapurtu», dio atsekabeturik, «eta, orain, ez daukat seme-alabak mantentzen lagunduko didan inor». Baliabiderik ez dutenez gero, ikasteari utzi behar izan diote txikienek.

Herritarrek zergatik ezartzen dituzte zigorrak beren kabuz? Zergatik ez diete uzten agintariei gaizkileak zigor ditzaten? Erantzun horiei, agian, hobeto erantzungo lieke Olga Apazak, bere apalean adoretsu baitihardu hildako senarraren aldeko justizia lortzeko ahaleginean. Haren kasua, ordea, itxi egin dute behin-behinean, frogarik ez dutelako.

Juliacako auzotar baten ustez, «boterearekin zerikusirik dutenek eta abokatu onak ordaintzeko bitarteko ekonomikoak dituztenek bakarrik eskuratu dezakete justizia. Guk, pobreok, ez dugu justizia erdiesteko ahalbiderik».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia