2009-11-01
Alternatibak eta Ezker Gogoak erakunde berria sortzeko bilera egin dute
Alderdia ekainerako prest izatea espero dute, eta bitartean norbanako zein talde berriak erakarri nahi dituzte
Ibai Maruri.
BilboAlternatiba Eraikitzen eta Ezker Gogoa taldeetako kideek bat egitea erabaki dute, ezkerreko erakunde politiko berria sortzeko asmoz. Hala, batzar eratzailea izan zuten atzo Bilbon. Oskar Matute Alternatibako bozeramailearen esanetan, oraingoz bi talde horiek osatzen dute konbergentzia berria, baina prozesu irekia da: «Inori itxaron gabe abiatu garen arren, jende asko gehitzeko gogoz gaude». Ezkerreko beste eragile batzuekin harremanetan daudela onartu du, haien izenik eman gabe. Alderdia ekainerako prest izan nahi dute.
Atzoko batzarrean finkatutako erronketako bat tokian tokiko egitura eratzea da. Matuteren esanetan, alderdi berriak, «demokratikoki erradikala izateaz gain, herritarren arazoak gertutik jarraituko ditu». Halaber, «gehiengo politikoak eskaintzen duen eredu sozio-ekonomikoarekiko desberdina» aurkeztu nahi dute, eta, horretarako, euren proiektua herrietan errotzea ezinbestekoa dela iruditzen zaio. Hala, 2011ko udal eta foru hauteskundeak beraientzat test moduko bat izango direla adierazi du, zer-nolako harrera izan duten ikusteko.
Herri ereduari dagokionez eskuina bat eginda agertu dela dio, aurrekontuak eta azpiegiturak aipatuz. Hori ikusirik ezkerrak alternatiba sortu behar duela uste du, «eta, luze gabe, eskuinaren aldekoa den indar egituraketa irauli». Orain arte lortutakoaz pozik agertu da: «Aspaldiko ezkerreko militanteak berreskuratu ditugu, eta gazteak politikara erakarri».
Ezker Batuak osoko zuzenketa aurkeztuko du Jaurlaritzaren aurrekontuen aurka
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
