Berria.info

Igandea, 2010ko martxoak 14 -

2009-11-01

Independentziaren aldeko topalekua sortuko du Nazio Eztabaida Guneak

Arlo eta herrialde guztietako berrehun bat herritar bildu ziren Nazio Eztabaida Guneak udazkenero egin ohi duen batzarrean

Esparru politikoa modu demokratikoan aldatzeko beharra azpimarratu dute

Xan Harriague.

Donostia

Euskal Herriaren independentziaren alde diren herritarren topalekua osatzeko lehen urratsak egin ditu Nazio Eztabaida Guneak. Horren sustatzeko, hainbat arlo, ikuspegi eta herritako lagunez osatuko den taldea eratzeko konpromisoa hartu du, baita independentisten arteko eztabaida indartzeko baliabideak martxan jartzekoa ere. Euskal herritar guztien eskubideak errespetatuko dituen esparru juridiko-politiko bat lortzeko, ezinbestekotzat jotzen du aldaketa. Modu demokratikoan izan beharko du, haren erranetan, eta euskal herritarrei beren etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea bermatu beharko dio.

Berrehun bat herritar bildu ziren atzo EHUko Donostiako campusean, sortu zenetik Nazio Eztabaida Guneak udazkenean egin ohi duen batzarrean. 38 eragile sozialek, sindikalek eta politikok parte hartu zuten, tartean pertsona ezagunak zeuden: Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea, Iñaki Aldekoa Aralarreko kidea, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Antton Izagirre Tolosako alkate ohia eta Antton Laffont enpresaburua, besteak beste. Arlo sozial eta profesional askotako ordezkariak bertaratu ziren, baita lurralde guztietakoak ere.

Goiz osoan eztabaidan aritu ziren, batez ere gaur egungo egoerari buruz. Izagirre eta Ixabel Etxeberria Urruñako zinegotziek eman zuten eztabaidaren ondorioen berri. Parte-hartzaileek bat egin dute Euskal Herria aldaketa garaian dela. Euskal Herriaren nazio izaera eta bere erabakitzeko eskubidea gizartean errotuak direla uste duen heinean, Nazio Eztabaida Guneak herritarrei hitza emateko eskatu du, horrek egungo egoera gainditzen lagunduko duelakoan baitago.

Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal Herriaren aurka daramaten «zapalkuntza» larriagotu dela uste du. Are kezkagarriagoa iruditzen zaio kontuan hartuz Europan bertan hainbat nazioren independentziarako aukerak eta aldarriak zabaltzen ari diren garaiotan. «Zergatik ez digute euskal herritarroi ere izan nahi duguna erabakitzen uzten?».

Hala eta guztiz ere, Etxeberriak eta Izagirrek zabaldutako mezua ez da guztiz ezkorra izan. Eta aurreko eztabaidan nabarmendu den bezala, independentziaren aldeko hainbat mezu eta ezaugarri baikorrak azpimarratu dituzte. «Zorionez, Euskal Herria ez da geldirik dagoen herria». Independentziaren aldeko oinarria oso sendoa eta anitza dela adierazi dute. «Euskal Herriak Europaren erdian estatu bat izateko dituen aukerak, baliabideak eta gaitasunak begi bistakoak dira ikusi nahi duenarentzat». Baina, horretarako, ezinbestekotzat jo dute independentziaren alde daudenek indarrak biltzea. Aldaketaren gorpuztea eta elikatzea abertzaleen eskutan dagoela argi dute, eta horretarako ilusioa badagoela nabarmendu dute. Euskal Herriak bere bitarteko kulturalak, linguistikoak, ekonomikoak eta instituzionalak izan ditzan, independentziaren aldeko aukerak gizartean indartu eta errotzeko deia egin dute. «Milaka eta milaka gara, eta gehiago izan nahi dugu. Indarrak gehitu».

Kriminalizazio garaiak dira honako hauek Nazio Eztabaida Gunearen arabera, baina horren aurrean, Izagirrek eta Etxeberriak argi utzi nahi izan dute herritarren gogoak agindu behar duela, eta ez dutela beste inork zer egin behar den errateko beharrik. «Horregatik, egin nahi dugun bide berria, zabala, parte-hartzailea eta guztion arteko adostasunez gauzatzea ezinbesteko premisa den neurrian, lana horrela egiteko konpromisoa hartzen dugu».

Konpromisoak



1. Egun sakabanaturik agertzen zaigun independentziaren aldeko oinarri sendoa aintzat hartuta, eztabaidatzeko, biltzeko eta adierazteko beste eskaintza bat egin nahi dugu.

2. Jendarteko sektore zabalen ilusioa, gogoa, aberastasuna eta aniztasuna metatuz, euskal herritarrok behar ditugun aldaketen protagonista aktiboak bihurtzeko konpromisoa hartzen dugu.

3. Euskal Herriak estatu gisa egituratzeko dituen aukerez eta gaitasunez aritu, eta independentziaren aldekotasuna hedatu eta indartzeko determinazioa publikoki adierazi nahi dugu.

Nazio Eztabaida Gunearen ibilbidea



2003

Nazio Eztabaidaren sorrera. Hainbat gogoeta eta egoeraren diagnosia egin ondoren, honako hiru oinarri hauek jarri zituzten: Euskal Herria aintzat hartzea, gatazka politikoa dagoela onartzea eta nazio gisa garatzeko oinarriak definitzea eta finkatzea. Horiekin bat egin zuten eragileek nazio eztabaidaguneari ekin zioten.

2004

Eztabaida. Nazio Eztabaida egin zuten urri amaieran. Urteak emandakoa eta aurrera begira egin beharreko lanak hitzartzen dituzte urtero egin ohi den osoko bilkuran. Euskal gizarteko esparru askotako pertsonak osatzen dute. 2004koan, Nazio Garapenerako Biltzarrak «euskal zikloa» egituratzea itundu zuen.

2005. Nazio Eztabaida egin zen Zarautzen. Nazio Plana onartu zuten.

2006. «Auzolan nazionala» antolatzea ebatzi zuten urrian Burlatan egin zuten eztabaidan, herritarren indarrak eta gogoak piztu eta egituratzea ekar zezakeela iritzita.

2007. Azaroan Barañainen egin zuten batzarrean ebatzi zuten aldaketaren alde indarrak biltzea egoera gainditzeko.

2008. Indarrak biltzea beharrezkoa zela ondorioztatu zuten Iruñean egindako batzarrean.

EA ez da izan Nazio Eztabaida Guneko osoko bilkuran



EAko ordezkaritzarik ez da izan Nazio Eztabaidaren osoko bilkuran. Pello Urizar EAko idazkari nagusiak atzo argitu zuenez, eztabaidan aurkeztu zen testuan, EAren ustez, ez zelako argi zehazten soilik bide politiko eta zibilen aldeko apustua egiten zenik. «Garbi daukagu gatazkaren konponbidera iristeko borondatea dagoen toki guztietan izango garela, baina soilik aipatutako bideetatik egiten bada». Ezker abertzalearen proposamen berria zintzoa dela iritzita, lehenbailehen eztabaida amaitu eta publiko egiteko eskatu dio Urizarrek, «gutxieneko akordio batzuk lortu ahal izateko, hori baita gizarteak eskatzen diguna». Botoemaileen artean ilusioa pitz dezakeela ere uste du.

 


«Egin nahi dugun bidea berria, zabala, parte-hartzailea eta adostasunezkoa izatea nahi dugu»

IXABEL ETXEBERRIA

Nazio Eztabaida Guneko kidea



Gabirel Ezkurdia, Walter Wendelin, Edurne Larrañaga, Victoria Mendoza, Izaskun Guarrotxena eta Arritxu Santamariak gero eta argiago dute independentzia beharrezkoa dela, gizartean dagoen «ezinegona» ikusirik.

Independentzia, inoiz baino beharrezkoago

X. Harriague.

Donostia



Beharra eta premia. Nazio Eztabaida Guneak atzo Donostian egin zuen batzarrean parte hartu zutenekin solasean, independentziaren eta hitzetik ekintzetara pasatzeko premia eta beharra dira behin eta berriz ateratzen diren hitzak. Aberasgarria, poztekoa, txukuna, mamitsua edo interesgarria izan da eztabaida, haien erranetan. Goiz osoan, lan egiteko gogoa eta ilusioa sentitzen ahal zela diote. Haien iritzia jasotzeko, BERRIAk Gabirel Ezkurdia, Izaskun Guarrotxena, Walter Wendelin, Edurne Larrañaga, Arritxu Santamaria eta Victoria Mendozarekin hitz egin du. BERRIA

GABIREL EZKURDIA

Nazioarteko politologoa



«Haize freskoa behar dugu, eta Nazio Eztabaida Guneak hori eskaintzen du»

Ezkurdiak uste du abertzaleak eta independentistak «itotzen» ari direla Espainiako eta Frantziako estatuak, eta horri aurre egiteko, independentzia da bidea, haren erranetan. «Haize freskoa behar dugu eta Nazio Eztabaida Guneak hori eskaintzen du». Independentisten sakabanaketa oso nabaria iruditzen zaio, eta, horregatik, ezinbestekotzat jotzen du topagune bat osatzea. «Gehienok baldintza gehiegi jartzen ditugu elkarlan bat bideratzeko, eta azkenean gure etsaiak ez dauka arazorik bere estrategiak aurrera eramateko». Estatuen «zapalkuntzaz» gero eta jende gehiago ohartzen ari dela uste du. Horren kontra, norberaren konpromisoa eskatzen du.

IZASKUN GUARROTXENA

Bilgune Feministako kidea



«'Independentzia' esatean zer diogun erabaki behar dugu eztabaidaren bitartez»

Guarrotxenarentzat, oso garrantzitsua da Nazio Eztabaida Gunearen lana. Esparru juridiko-politikoa aldatzeko aukerak ikusten ditu, baina, horretarako, ezinbestekotzat jotzen du guztien ekarpena oinarri ideologikoak finkatzeko. «Independentzia esatean zer diogun erabaki behar dugu eztabaidaren bitartez». Baina bide horretan ahuleziak ikusten ditu: zapalkuntza, ukazioa eta abertzaleen arteko sakabanaketa.

WALTER WENDELIN

Askapeneko kidea



«Espainiako eta Frantziako estatuek beren burua zilegitasunik gabe utzi dute»

Wendelinen arabera, Frantziako eta Espainiako estatuek berek ematen dizkiete indarrak independentistei ezker abertzaleak eta gizarteak eraiki dutenaren aurka egiten duten moduan. «Espainiako eta Frantziako estatuek beren burua zilegitasunik gabe utzi dute». Nazio Eztabaida Gunearen independentziaren aldeko lana garrantzitsua dela uste du, baina herriz herriko lanarekin uztartzea ezinbestekotzat jotzen du.

EDURNE LARRAÑAGA

Euskal Herriak Bere Eskolako kidea



«Donostiako martxak ez du izan behar atxiloketa batzuei emandako erantzun soil bat»

Larrañagak beharrezkoa ikusten du Nazio Eztabaida Gunearen lana, Euskal Herria onartzeko beharra ikusten duen heinean erabakitzeko eskubidea lortu ahal izateko. Independentzia baino haratago, erabakitzeko eskubidea hainbat egitasmorekin lotzen du, hezkuntza sistema eta euskararen ofizialtasuna, besteak beste. Hori bideratzeko ezaugarri baikor baino ezkor gehiago ikusten ditu. «Donostiako martxak ez du izan behar atxiloketa batzuei emandako erantzun soil bat».

ARRITXU SANTAMARIA

Nazioa Eztabaida Guneko kidea



«Zerbait egin behar dugu gure lana ez dadin beti alferrikakoa izan»

Santamariak ez dauka dudarik. Gero eta jende gehiagok eskatzen du esparru politikoaren aldaketa. Egunkariak, irratiak, erakundeak eta kultur ekintzak itxi, legez kanpo utzi edo galarazi izanak gizartean «ezinegona» sortu duela uste du, eta Eusko Jaurlaritza «modu onartezinean hartu» izanak joera areagotu duela. Hausnarketa eskatzen du. «Zerbait egin behar dugu gure lana ez dadin beti alferrikakoa izan».

VICTORIA MENDOZA

Anitzak-eko kidea



«Kontua ez da bizirik irautea, baizik eta aurrera egitea. Orain gauzatzeari ekin behar zaio»

Mendozari oso ongi iruditzen zaio eztabaidatzea eta gaiak sakontzea, baina garrantzitsuagoa da horretan ez gelditzea. «Kontua ez da bizirik irautea baizik eta aurrera egitea. Orain gauzatzeari ekin behar zaio». Une egokia da, haren ustez, jende gero eta gehiago konturatzen delako «eskubideak urratzen» direla. Nazioartean horrek gero eta oihartzun handiagoa badutela ere argi du.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia