2009-10-31
Paperezko bloga
Imanol Murua Uria
Polo instituzionala
Urriak 25
Kontu ahaztuak
Erreportajeak, mahai-inguruak, dokumentalak, ekitaldi instituzionalak, sari banaketak, puxika aerostatikoak... denetarik utzi du EAEko Estatutuaren urteurrenak, eta duela 30 urteko gorabeherak gogoratzeko ere balio izan du, gorabehera batzuk beste batzuk baino gehiago gogoratu dituzten arren. Adibidez, ez da askorik nabarmendu Garaikoetxeak eta Suarezek Moncloan Estatutuaren behin betiko mamia hitzartu aurretik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako parlamentarien asanbladak Gernikako Juntetxean ia aho batez onartu zuela jatorrizko estatutua, eta ez zela bere horretan indarrean jarri, Madrilen hitzartutako aldaketa esanguratsuekin baizik; eta, beraz, arrazoi pixka bat badutela Moncloako Estatutua esaten diotenek, jatorrizko izendapena, Gernikakoa, nagusitu den arren. Eta dokumental eta mahai-inguru batzuk ikusita, bazirudien Estatutuaren kontra egin zuen bakarra ezker abertzalea izan zela, eta inor ez dela gogoratu Estatutuaren urteurrena ospatzeko grina handienetakoa erakutsi duen alderdiaren arbaso politikoetako batek ere, APk, kontra bozkatu zuela, Manuel Fraga lider zelarik, eta beste arbasoak, UCDk, Estatutuaren alde egin bazuen ere, zuzenagoa litzatekeela esatea Estatutuak ahalik eta eskumen gutxien izatearen alde egin zuela, orain Mayor Oreja inor baino autonomiazaleago ageri bada ere. ETA militarrak Estatutuaren aurka egin zuela ere gogorarazi digute han eta hemen, baina ez garai hartako beste ETAk, politiko-militarrak, Estatutuaren aldeko atentatuak egin zituela, hildakoak ere eraginez, gainera, kasuren batean -Madrilen, bost hildako abuztuaren 29an, lehergailuak jarri zituzten hiru lekuak garaiz hustu ez zituztelako-; El Pais-ek ETAko bozeramaileei elkarrizketak egiten zizkieten garaiak ziren: «Armekin borrokatuko gara botere zentralaren aurka, Estatutuaren arabera Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskumenak transferitu ditzan». Ez da asmakizuna, hemerotekan dago. Gaiztakeria izan daiteke horrelako kontuak gogoratzea orain, ez baita hau Estatutuaren inguruko eztabaidaren funtsa, baina merezi zuen aipatzea, puzzleak pieza horiek ere bazituela jabetzeko eta, bide batez, batzuek helburu batzuen izenean erabilitako metodoek helburu horiek ere kutsatu egiten dituela argudiatzen dutenei gogorarazteko.
Galdera bat, atal hau bukatzeko: Estatutuaren aldekoen argudio nagusietako bat baldin bada Europako autonomia maila handienetakoa duela Euskal Autonomia Erkidegoak Estatutuari esker eta, beraz, autogobernu handia ahalbidetzen duelako dela ona Estatutua, zer argudioren arabera litzateke txarra autogobernu maila handiagoa ahalbidetuko lukeen beste esparru juridiko-politiko bat, galderaren hasierako argudioa erabiltzen duten autogobernuzaleen ikuspegian?
Urtarrilak 28
Jakinaren gainean
Brian Currinena ez da hitzaldi arrunta izan. Ez da etorri Hego Afrikan nola jokatu zuten eta Irlandako prozesuan zertan asmatu zuten azaltzera, ezta, hainbat gatazken konponbidean aritu denaren eskarmentuan oinarrituta, euskal arazoa konpontzeko baliagarriak izan daitezkeen errezetei buruz gogoeta egitera ere. Currinek mezu zehatza emateko egin ditu Hego Afrikatik Euskal Herrirako 8.000 kilometroak: Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta beste atxilotuak lantzen ari ziren apustu politikoak herri honetara bakea ekartzeko potentzialitate handia du. «Hemezortzi hilabete hauetan» Batasunako kideekin izandako harreman estuetan oinarrituta mintzo dela azpimarratu du behin eta berriro, «nik badakit zertan ari diren» edota «ondo dakit zertaz ari naizen» esanez bezala. Alegia: igerilekuan ura dagoela, ura bere begiekin ikusi duela.
Urtarrilak 29
Sosak
PSE-EEk eta PPk ituna egina zutenez, Patxi Lopezek EAJren sostengurik edo abstentziorik ez zuen behar aurrekontuak ateratzeko; EAJk, aldiz, PSE-EEren sostengua behar du hiru Aldundietan; Madrilen, baina, PSOEk behar du EAJren sostengua; eta PSE-EEri ondo datorkio jeltzaleekin tratua egitea, PPrekiko menpekotasuna txikiagotzeko. EAJ Real Madrileko defentsa baino galduagoa dagoela esan du Basagoitik, baina, ateraldiak ateraldi, politika sozioekonomikoetan aliatu naturalak bilatzeko orduan galtzetik oso urruti dago EAJ -neke handirik gabe jarriko dira berriro ados zerga politikan, gehien dutenei zerga presioa ez handitzea edota jaistea den bitartean irizpide nagusia, aste honetako akordioan egin duten bezala, Gipuzkoan ondarearen zerga kentzea hitzartuz-, eta Ajuria Eneko jauregira itzultzeko estrategiaren iparra galtzetik ere urruti dago, horretarako bidea, PSE-EErekin lehian, erantzukizun instituzionalaren zentro politikoan kokatzea dela erabakita duenez. Polo subiranista ez, polo instituzionala gauzatu da oraingoz. Inor ez zen harrituko H1!-ek zer aukeratu duen ikusita.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
